«Flipatu egingo duzue». Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eman die abisua kazetariei Mubilek Eskuzaitzetako industrialdean (Zubieta, Donostia) eraiki berri dituen instalazioak erakutsi aurretik. Adierazi du egitasmo hori «sekulako herri proiektua» dela, espektatibak gainditzen ari dela, eta jada munduko automozio enpresa handienak ari direla han lanean: McLaren, Stellantis (Peugeot, Citroen, Opel, Jeep...), Iveco eta Emotors, besteak beste.
Ikusi gehiago
Eraikin berriak 9.700 metro koadro ditu, 25 milioi euroko inbertsioa izan du, hiru laborategi ditu, jada hamar enpresa daude han kokatuta eta 80 langile ere ari dira bertan beharrean. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren iritziz, «anbizioa erakusten duen proiektua da» Mubilena: «Europako berrindustrializazioaren pole position-ean kokatuko gaitu». Han «abangoardiako teknologia gakoak» garatuko direlakoan dago.
Gaur Mubil Center inauguratu dute, baina Zubietan mugikortasunaren inguruko ekosistema oso bat sortzea da asmoa. Horren erakusgarri dira Mubilenaren ondoan dauden eraikinak: Vicomtech, Cidetec eta Tecnalia ikerketa zentroek egoitza bana dute Eskuzaitzetan. Denera 48.000 metro koadro hartuko dituzte mugikortasunaren arloko eragileek, eta datorren urterako 400 langile inguru izango dituzte denen artean.

Mubilen egoitzan bertan zortzi enpresa eta bi kudeatzaile teknologiko instalatu dira dagoeneko: Euskal Herriko Battera, Lazpiur, NX, Battbelt eta Veltium, Espainiako Wattson, Austriako AVL, Italiako Novac, Mubil bera, eta Cidetec eta EPower Labs kudeatzaileak. Dena den, Mendozak argi utzi du enpresa gehiago ere lekualdatuko direla Zubietara, eta badagoela hazteko espazioa. «Proiektu honekin aspaldi egin genuen amets, baina uste genuen baino handiagoa bilakatu da», adierazi du.
Ahaldun nagusiak azpimarratu du mugikortasunarena sektore estrategikoa dela, eta hori erakusten duten pare bat datu eman ditu: Gipuzkoako BPG barne produktu gordin industrialaren %40 autogintzaren sektoreak sortzen du, eta lurraldeko berotegi efektuko gasen %48 ere garraiotik datoz. Horregatik, uste du industria horren aldeko apustuak ekarpen handia egingo diola gizarteari: «Mubil kalitatezko enpleguaren eta ongizatearen benetako eragilea da».
Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak, berriz, esan du McLarenen moduko konpainia handiak Mubilekin lanean jarduteak «iman efektua» egiten duela. Autogintza aldaketa askoko garai batean dagoela azaldu du, eta horrek badituela arriskuak, baina aukera asko ere ari direla sortzen. Gaineratu du gaurkoa «egun historikoa» dela Gipuzkoarentzat.
Hiru laborategi
Mendozak Igor Villarreal Mubileko zuzendariaren laguntzarekin gidatu du bisita. Zentroan dauden hiru laborategiak erakutsi dituzte, oso modu didaktikoan apainduta: biltegiratze elektrikokoa, trakzio elektrikokoa eta hidrogenozko pilena.
Biltegiratze elektrikoko laborategiak bi atal ditu. Batek mugikortasun elektrikora bideratutako bateriak balioztatzeko eta ziurtatzeko balio du, eta errendimendua, segurtasuna eta iraunkortasuna baldintza errealetan ebaluatzeko aukera emango du. Bestea, bateria sistemak muturreko baldintzetan probatzeko da; esaterako, bibrazio bizien eta bat-bateko talken eraginpean jarrita.

Bigarren laborategian ibilgailu arinen, astunen eta lehiaketakoen trakzio elektrikoko sistemak ebaluatuko dituzte. Azpiegiturak aukera ematen du benetakoak baino handiagoak diren kargen eraginpean jartzeko sistemak, akats potentzialak identifikatzeko eta merkaturatu aurretik haien fidagarritasuna balioztatzeko.
Eta, hirugarrengoan, hidrogenoa erabiliz elektrizitatea sortzeko sistemak probatzen ari dira. Erregai pilek, sistema horien elementu nagusiak, hidrogenoa eta oxigenoa elektrizitate bihurtzen dituzte, eta hondakin gisa ura baino ez dute isurtzen.

Laborategi horiek punta-puntakoak dira, baina ez datza horretan bakarrik Mubilen garrantzia. Villarrealek esplikatu du Europan ez dagoela Mubilen moduko zentrorik, hau da, eremu fisiko berean sektoreko enpresa eta ikerketa zentro ugari elkartzen dituen zentrorik. Eskuzaitzetan kokatutako eragileak tamaina guztietakoak izan daitezke, start-up-ak, enpresa txikiak eta ertainak edo handiak, eta elkarren arteko lankidetza sustatzea da proiektuaren helburu nagusietako bat.
Mubil proiektua 2018. urtetik ari da babesten Gipuzkoako Foru Aldundia, eta helburua da Europan erreferente bilakatzea mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren arloan; ikerkuntzan, garapenean eta berrikuntzan. Pauso bat gehiago eman dute gaur.