Baimenik gabe, finantzaketarik gabe eta ustelkeria auzi baten itzalpean. Zangozako (Nafarroa) Muga meatokiaren geroa inoiz baino ilunagoa da. Proiektua, berez, geldirik zegoen 2023. urtetik, ez aurrera ez atzera —epaileek orduan baliogabetu zuten Nafarroako Gobernuak emaniko baimena—, baina oraingo honetan, diru iturria ere itxi diote Geoalcali enpresari: Txinako Qinghai enpresak atzera egin, eta ez du Zangozako potasa meategian inbertituko. Enpresa horrek, Txinako beste zenbait konpainiarekin batera, hitzarmena egina zuen Geoalcaliren jabe den Highfield Resources talde australiarrarekin, zenbait proiektu finantzatzeko.
Guztira, 257 milioi euro jartzekoak ziren inbertitzaile txinatarrak, Zangozako meatzea berrabiarazteko eta Highfield Resourcesek munduan dituen beste proiektu batzuk sustatzeko. Alta, Qinghaik inbertsio horri uko egitea erabaki du, Geoalcali konpainiaren egoera aztertu eta gero. Inbertitzaileek baldintzatzat jarria zuten Muga meategiak baimen guztiak indarrean eduki behar zituela, dirua eman aurretik. Ez da halakorik gertatu: alde batetik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an baliogabetu baitzuen Nafarroako Gobernuak emaniko lizentzia; eta bestetik, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren txostena ere falta da, proiektuak ingurumenean izanen duen eraginari buruzkoa.
Iazko irailean iragarri zuten Muga meatokia finantzatzeko akordioa, eta orduan, pozik azaldu zen Ignacio Salazar, garai hartan Geoalcaliko kontseilari ordezkari zena: «Emaitza bikaina lortu dugu. Izan ere, honek modua emango digu Muga eraikitzeko, eta nazioartera begirako konpainia bihurtuko gaitu; handitzeko aukera ere nabarmena izango da». Ordutik, baina, egoerak okerrera egin du enpresarentzat: meategia ustiatzeko baimenak auzitegian trabatuta daude oraindik, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain, eta Salazarrek berak dimisioa eman zuen maiatzean.
Irregulartasun salaketak
Baimenen tramitazioa gorabehera, beste zenbait auziren erdigunean dago Muga meategia. Zehazki, Zangozako proiektua Cerdan auziaren abiapuntua izan zela egiaztatu zuten Guardia Zibilaren txostenean. Horregatik, Muga Meatokiaren Aurkako Plataformak, Ekologistak Martxan taldeak eta Sustrai Erakuntzak eskaera bat erregistratu zuten abuztu hasieran, Nafarroako Parlamentuan. Susmoa dute irregulartasunak daudela meatokia ustiatzeko espedienteen tramitazioan, eta gehiago ikertzeko eskatu diete parlamentu taldeei. «Uste dugu Muga meatokiaren espedientearen tramitazioa kutsatuta egon daitekeela bitartekarien interesak eta mugimenduak direla eta».
Guardia Zibilaren txostenean agertu zenez, Servinabar enpresaren, Accionaren, Koldo Garciaren eta Santos Cerdanen arteko harremana Muga meatokia sustatzeko orduan sortu zen. 2014 amaieran, Geoalcali enpresak meatokirako baimenak eskatu zituen Esa urtegitik hegoaldera potasa ustiatzeko, Nafarroa eta Aragoi arteko mugan, eta hura eraikitzeko kontratua eman zien Accionari eta Servinabarri. Hala, bitartekari gisa ari zirela ageri da Pedro Rodriguez Geoalcaliko orduko gerenteak Cerdani eta Garciari idatziriko mezu elektroniko batean: «Gure begi-belarriak izango zarete».
Enrique Miranda meatokiaren aurkako plataformako kideak esaldi horri erreparatu zion abuztuaren 4an kazetarien aurrean egindako agerraldi batean: «Noren aurrean ziren Geoalcaliren begi-belarriak? Guk susmatzen dugu administrazioaren aurrean zirela, eta, horregatik, gehiago ikertzea nahi dugu». Mirandak susmatzen du 2015etik 2023ra arte Servinabarrek eta Geoalcalik «zuzeneko harremana» izan zutela Nafarroako Gobernuko agintariekin.
Orain, Txinako inbertitzaileen dirurik gabe zaila dirudi proiektuak aurrera egitea. Hala ere, egitasmoaren sustatzaile nagusi den Highfield Resourcesek esan du Muga meatokia estrategikotzat jotzen duela oraindik ere, eta meatzaritzako eta eraikuntzako lizentzia guztiak dituela ziurtatu du. Efe berri agentziari bidalitako ohar batean esan du egitasmoaren jarraitzeko beste finantziazio bide batzuk aztertuko dituela, baina ez du zehaztu zein.