Eta bat-batean, begirada guztiak Nafarroara zuzendu dira. Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariaren dimisioak egoera zailean utzi ditu Pedro Sanchezen eta Maria Txibiteren gobernuak, bi buruzagiek harengan konfiantza osoa baitzuten. Horregatik, lurrikara politikoak Euskal Herriko eta Espainiako politika astindu ditu, eta ikararen sorburua, hain justu ere, Nafarroan dago.
Bere 490 orriko txostenean, Guardia Zibilak ondorioztatu du Nafarroan hasi zela Santos Cerdanen eta Koldo Garciaren arteko harremana eta legez kanpoko komisioen ordainketan inplikatutako enpresetako batzuekin lotura —-Acciona eta Servinabar—. Oraingoz, horrek ez du esan nahi susmopean dagoenik Nafarroan adjudikatutako herri lanik; baina, suebakia ezarri nahirik, ostegun arratsaldean Maria Txibitek iragarri zuen sakon aztertuko dituztela bi enpresa horiekin erlazionatutako hamar herri lanak. «Zalantzak uxatu nahi ditugu, eta, zerbait topatuz gero, azkeneraino joko dugu».
Ikusi gehiago
Espainiako Auzitegi Goreneko Leopoldo Puente magistratuak hartu du auziaren ikerketa bere gain. 2022an, pandemia garaian administrazio publikoek erositako maskarak ikertzen hasi zen Ustelkeriaren Aurkako Espainiako Fiskaltza. Orduan ohartu ziren Jose Luis Abalosen Garraio Ministerioak 20 milioi maskara erosi zizkiola enpresa bati oso garesti, eta salerosketa haren atzean Koldo Garcia zegoela, ministroaren konfiantzazko gizona.
Horregatik iazko otsailean Garcia atxilotu zuten, eta ordutik, hari horretatik tiraka, ustelkeria zantzuen mataza nabarmen handitu da. Legez kanpoko bitartekaritza sarien truke Espainian herri lanen 11 sorta adjudikatu direla atzeman dute orain arte ikerketan. Orotara, legez kanpoko sarien bidez milioi bat euro inguru jaso izana leporatzen diete Garciari eta Abalosi, eta Cerdani sari horiek kudeatzea. Inplikatuta dagoen enpresa nagusia Acciona da —201 aldiz aipatzen da haren izena txostenean—.
2015ean hasi zen
Baina zehazki nola hasi zen guztia? Eta nolatan amaitu zuen Huarteko (Nafarroa) zinegotzi ohi batek (Koldo Garciak) Madrilen, Jose Luis Abalos ministro ohiaren auto ofizialaren gidari gisa eta konfiantza osoko pertsona gisa? Guardia Zibilak uste du Santos Cerdan dela lotura, eta berak eta Garciak Nafarroan ezagutu zutela elkar, 2013 aldera. Are: 2015ean hasi zuten obra publikoetan esku hartzen hasteko harremana enpresekin.
Ordurako, Cerdan gora egiten hasia zen PSNren barnean. Urtebete lehenago, 2014ko otsailean, Nafarroako parlamentari izendatu zuten Roman Felones politikari beteranoaren ordez, eta, azaroan, Txibiteren lehen zuzendaritzan Antolakuntzako idazkari izendatu zuten, zeina botere handiko kargua den alderdi barruan.

Asteartean, San Nikolas karrikako Servinabar enpresaren egoitza miatu zuten sei orduz, eta, horren berri izan ostean, Cerdanek ez zuen ukatu hango enpresaburu Antxon Alonsoren laguna dela. «[Antxon Alonso] Ezagutzen ote dudan? Bai, jakina. Nire lagun bat da, lagun ona. Enpresa eta haren bizitza izorratuko dute», erantzun zion asteazkenean eldiario.es agerkari digitalari. Antxon Alonso Egurrola enpresaburu elgoibartarrak bere enpresetako baten egoitza Milagron —Cerdanen jaioterrian— jarri zuen, 2006an.
Hura da Accionaren eta Cerdanen arteko lotura ulertzeko beste katebegia. 2015ean hasi zen harilkatzen harreman sare guztia. Urte hartako ekainean, Donostian, Koldo Garciak eta Alonsok Noran kooperatiba osatu zuten, eta irailaren 4an Alonsok Servinabar 2000 SM enpresa sortu zuen Iruñean, 3.000 euroko kapitalarekin.
Muga meatokia
Behin enpresa egitura hori osatuta, Muga meatokiaren proiektua izan zen Accionari proposatutako lehen proiektua. Zangoza aldean, Esa urtegitik hegoaldera, Geoalcali konpainiak potasa ustiatzeko egitasmoa aurkeztu zuen hilabete batzuk lehenago. Meatze hura Nafarroa eta Espainia arteko mugan zegoenez, hiru administraziori eskatu zizkion baimenak enpresak —Nafarroako eta Aragoiko erkidegoetako gobernuei (Espainia) eta Espainiako gobernuari, alegia—.
Hiru gobernuetan espedienteak tramitatzen hasi eta lau egunera, ekainaren 29an, meatze hura eraikitzeko aukera planteatu zion Koldo Garciak Fernando Merino Accionaren Nafarroako eta Errioxako arduradunari. Abenduan, berriz, Geoalcalik eta Accionak meatzea eraikitzeko kontratua izenpetu zuten, eta Aldi Baterako Enpresa Elkarteko beste enpresa bazkidea Servinabar zen. Hala, Guardia Zibilaren txostenak ondorioztatu du Alonsoren bi enpresak Servinabar eta Noran kooperatiban batu zirela «Muga meatokia gauzatu ahal izateko». Accionaren aurrean, berriz, bi enpresa txiki horiek baliagarriak ziren Cerdanekin lotura egiteko.
Ikusi gehiago
Ikerketak agerian jartzen duenez, Cerdanek eta Garciak Mina proiektuaren bilakaera oso gertutik jarraitu zuten, eta Geoalcalik ere interes handia zuen hasieratik euren pausoen berri izan zezaten. «Ez dugu berriro hanka sartu nahi, aintzat hartu zuek zaretela gure begiak eta belarriak», idatzi zien 2015ean Geoalcaliko orduko zuzendari Pedro Rodriguezek. 2017an, Cerdanek Accionako Fernando Merinorekin afaldu zuen eta meatokia izan zuten hizpide. Era berean, ikerketak ondorioztatu du Cerdanek, Servinabar eta Noran enpresekin lotura izateaz gain, «nolabaiteko kontrola» zuela. Bi enpresa horien arteko komunikazioetan oinarrituta, meatokiaren egitasmoa Cerdanekin lotzeko zantzu batzuk bildu ditu txostenak.
Geoalcalik hasiera batean uste zuen hurrengo hilabeteetan (2016an) zirela hastekoak meatokia eraikitzeko lanak, baina urte guztiotan korapilatu izan da egitasmoa. 2019an lortu zuen Espainiako Gobernuaren baimena, 2020an Aragoikoa eta 2021ean Nafarroakoa, baina horien aurka helegitea jarri zuten Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxan taldeek. Iazko apirilean Geoalcalik Accionarekin meatokia egiteko 57 milioi euroko kontratua izenpetu zuen, baina urrian Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Nafarroako baimena. Horregatik, ez atzera ez aurrera dago proiektua.
Herri lan gehiago
Muga meatokiaz gain, Accionak eta Servinabarrek Nafarroan elkarrekin egindako beste obra publiko bat aipatzen du Guardia Zibilaren txostenak: 2017ko urrian, Nafarroa Arena pabiloiaren atal bat eraikitzeko eta atontzeko obra. Kontratazio mahaiak bi enpresen eskaintza lehenetsi zuen, eta 3,7 milioi euroko kontratua izenpetu zuten. Txostenean behin baino ez da aipatzen proiektu hori, eta ez da ondorioztatzen, beraz, susmorik eragin dionik Guardia Zibilari.
Dena den, Txibitek ostegunean aurreratu zuen Nafarroan beste zortzi kontratu publiko daudela Acciona eta Servinabar enpresek osatutako elkarteren batekin. Horregatik, herritarren zalantzak uxatzeko asmoz, adierazi zuen guztiak ikuskatuko dituztela. Egungo gobernuaren garaiz gaindi, hamar proiektuak «epe zabal bati» dagozkiola erantsi zuen.
Polemikoena Belateko tunelak zabaltzeko obra izan da, baina Guardia Zibilaren txostenak ez du hitz erdirik esaten azpiegitura horri buruz. Aldi berean, Nafarroako Kontuen Ganberak orain arte ondorioztatu du 76 milioi euroko kontratua adjudikatu zuen prozedura ez zela legez kanpokoa izan. Dena den, kontratazio mahaian bi boto partikular izan ziren, eta, UPNren ustez, irregulartasunak izan ziren. Ikerketa batzordea osatzeko eskaera erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, eta ostiralean Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak adierazi zuten bat egingo dutela.
Ordainketak
Guardia Zibilak ez du topatu garai horretan guztian Cerdani legez kanpoko ordainketarik egin izana frogatzen duen ezer, baina zeharkako zantzu batzuk aipatu dituzte. «Santos nire aurrean diruarekin geratu da. Eta hamaika gauza gehiago kontatuko nizkizuke. Gipuzkoarrak [Antxon Alonsok] ematen zizkion bostehun euroko billeteekin irabazitakoa eta hamaika gauza gehiago», esan zion Garciak Abalosi, 2023ko azaroan grabaturiko solasaldietako batean. Beste zantzuetako bat da Cerdani zuzendutako 600 euroko ordainketa baten frogagiriari argazkia atera ziola Garciak.
Koldo Garcia 2015eko udal bozetan Doneztebeko Udalerako zerrendatan aurkeztu zen, baina uko egin zion hautetsi izateari. Une hartan bat egin zuen Noran kooperatibarekin, bazkide gisa. Ikerketak enpresen arteko diru mugimenduak aztertu ditu, eta, ondorioztatu duenez Servinabarrek Noran kooperatibari 360.000 ordaindu zizkion 2016tik 2023ra bitartean. Ia erdia Antxon Alonsorentzat izan zen —hura zen bi enpresen jabe— eta beste erdia zergak ordaintzeko baliatu zen. Guardia zibilei deigarria egiten zaie Garcia bazkide izanik ere 8.738 euro jaso zituela.
Halaber, Servinabarrek 1.000 euroko bost ordainketa egin zizkion. Alonsoren eta Garciaren arteko «harreman ekonomiko baten ondorio» dela uste dute. Garciak agendan egindako oharrak aintzat harturik, ondorioztatzen dute haren zeregina zela obrak lortzea eta bestelako gestioak egitea, eta horregatik jasotzen zuela diru hori.
Accionaren erreakzioa
Accionarekin harremanetan jartzeko pertsona Fernando Merino andaluziarra izan zen. Garciaren eta Cerdanen artean kordobarra goitizenarekin ezagutzen zuten. 2015ean, Nafarroako eta Errioxako buruzagi zen enpresan, eta, hain justu, ikerketapean diren herri lan batzuk Errioxan daude. Gainera, Guardia Zibila ikertzen ari den beste hiru obra publikoren adjudikazioko enpresa Merinoren bi koinaturekin dago erlazionatuta.
Azken egunetan kaleratu diren informazioak jakinda, Acciona Construccion enpresak ohar bat plazaratu du esateko ez zekitela ezer eta «ustekabea eta harridura» adierazteko. Gaineratu dute 2021eko apirilean kaleratu zutela. Halaber, barne ikerketa bat abiatuko dute «gertaerak argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko».
2017an, Pedro Sanchez idazkari nagusi izendatu berri eta PSOEren Politika Autonomikoko arduradun gisa, Santos Cerdanek Madrilerantz jo zuen, eta, harekin batera, Nafarroatik aldendu zen Koldo Garcia. Hori dela eta, alderdikide batek zorion mezu bat bidali zion telefonoz. «Asko lan egitea eta bidaiatzea egokituko zaizu. Handik honat ibili beharko duzu gelditu gabe». Txostenak argi dio Garciaren ibilbidea Cerdani estu loturik dela. Hala, Nafarroan hasitako zirimola Espainian trinkotu zen.
Susmopean dauden herri lanen kontraturik mardulenak Accionak izenpetu zituen, eta milioika eurokoak dira —errepideak, zubiak eta trenbideak—. Ikerketan agerian utzi dute milioi bat euro inguruko komisioak jaso zituztela. Horrek guztiak zail egiten du ondorioztatzea beste inork ez zekienik eta Abalosen eta Cerdanen gauza izan zela soilik. Eskandalua lehertu denez geroztik, Espainiako Gobernua zipriztintzea eragotzi nahi izan du Pedro Sanchezek, baina, ikerketak aurrera jarraituko duenez, oso zail egingo zaio higadura politikoa kontrolatzea.
Nafarroan, berriz, orain arteko egonkortasun politikoa hankaz gora geratu da, eta susmoen itzalari aurre egin beharko dio Maria Txibiteren gobernuak. Azken batean, Nafarroan hasi zen dena.