Merkataritza

Muga zergarik gabeko itun bat eskaini dio EBk Erresuma Batuari

Bruselak Boris Jonhsoni ohartarazi dio ezinbesteko baldintza dela arrantzari buruz ados jartzea.

Michel Barnier EBko negoziatzailea, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 3a
13:31
Entzun

Erresuma Batua ofizialki Europako Batasunetik atera den arren, bi aldeek oraindik finkatzeke dute zer harreman izango duten etorkizunean. Europako Batzordeak espero du harreman ekonomiko estua izaten jarraituko dutela, baina Londresi ohartarazi dio gauzak ez direla orain arte bezalakoak izango. «Batasunik estuena lehen genuena zen. Harremanik onena EBko kide izatea da», ziurtatu du Michel Barnier EBko negoziatzaileak gaur, Bruselan.

Europako Batzordea prest dago bilerak aurki hasteko. Londresek gogoko duen proposamen bat egingo du: merkataritza libreko akordio bat EBren eta Erresuma Batuaren artean. Hau da, alde bateko produktuei muga zergak ez jartzea beste aldeak, eta kuotarik ez izatea.

Produktuei ez ezik, zerbitzu batzuei ere eragingo lioke itun horrek, hala nola telekomunikazioei, ingurumen zerbitzuei, merkataritza digitalari, jabetza intelektualari eta kontratazio publikoei.

Antzeko jokalekua

Baina itun horren truke EBk jarritako baldintzak ziur aski ez dira Johnsonen hain gustuko izango. Lehenengo baldintza da aurrerantzean EBk eta Erresuma Batuak «lehia irekia eta bidezkoa» izan behar dutela. Hau da, Erresuma Batuak ezingo dituela ingurumenari, langileen eskubideei, higieneari eta ekoizpenerako beste gutxieneko arauak bigundu askoz merkeago produzitu ahal izateko. Bruselak «level playing field» esamoldea darabil arlo horretan, hots, bi aldeek jokaleku antzekoa izan behar dutela. «Luzera begira, baldintzen berdintasuna bermatu behar dugu. Horrek esan nahi du maila sozialean, ingurumenekoan, zerga kontuetan edo estatuko laguntzen arloan ditugun estandarrak» errespetatu beharko dituela Erresuma Batuak. Kontu horretan, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak egindako oharra errepikatu du Barnierrek: EBren arauak zenbat eta gehiago onartu, orduan eta sarbide handiagoa izango du Erresuma Batuak Europako Batasuneko merkatu bakarrean.

Baliteke baldintza horrek arazoak sortzea, Johnsonek dagoeneko iragarri baitu ez dagoela prest EBren estandarrak onartzeko, eta arau propioak bilatuko dituela. Erresuma Batuko lehen ministroak ere azaldu ditu negoziazioari begira dituzten lehentasunak: EBk Kanadarekin sinatutako CETA merkataritza itunaren antzeko bat nahi du. Baina argi erantzun dio Bruselari: halako akordio batek «ez du derrigorrezkoa egiten» EBren arau guztiak bete behar izatea.

Arrantza

Bruselaren bigarren baldintzak ere negoziazio arantzatsua iragartzen du: EBk nahi du aldaketarik ez izatea arrantza kontuetan. Hau da, batasuneko arrantzaleek Ingalaterrako eta Eskoziako kala oparoetan arrantzatzen jarraitu ahal izatea, eta, trukean, britainiarrek bere arrainak eta itsaskiak EBko merkatuetan libre saldu ahal izatea —hara doa orain beren ekoizpenaren zatirik handiena—. Baldintza horren arazoa da brexitzaleen aldarrikapen nagusietako bat izan dela uren gaineko kontrola berreskuratzea. Horregatik, Ingalaterran ez ezik Eskozian ere bai, arrantzaleak brexit-aren aldekoak izan dira oro har.

Arrantzari buruz hitz egin du Johnsonek ere. Kuotei buruzko negoziazioak nahi ditu urtero Bruselarekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.