Gaur-gaurkoz ezinezkoa da jakitea zer-nolako ondorioak izango dituzten AEBek eta Europako Batasunak hitzartutako %15eko muga zergek. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak uste du 700 milioi eurorainoko kaltea eragin ditzaketela industriako salmentetan. Bereziki siderurgiako, ekoizpen aurreratuko eta autogintzako sektoreek izan ditzakete galera handienak, zuzenean nahiz zeharka egiten dituzten esportazioengatik. Hori dela eta, arlo bakoitzeko mahai bat sortuko du Jaurlaritzak, muga zergen ondorioak aztertu eta haiei aurre egiteko neurri gehiago adosteko.
Hala iragarri du Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuak gaur Bilbon egindako agerraldian, baina zehaztu du muga zergen «helmugako argazkia» ikusteko dagoela oraindik. Izan ere, Washingtonek datozen asteetan Mexikorekin itxi dezakeen akordioaren zain dago Jaurlaritza, erabakigarria izan baitaiteke Araba, Bizkai eta Gipuzkoako automobilgintzako esportazioetarako. Edonola ere, Gasteizko gobernuak ohartarazi duenez, kaltea oso handia izan daiteke, salmentetan galerak ekartzeaz gain esportazioetan 349 milioi euroko gainkostua ere eragin dezake eta.
«Neurrira egindako laguntzak diseinatu ahal izango dira gehien behar duten industria eremuetarako»
MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua
Kalteak jasango lituzketen enpresei laguntzeko 2.100 milioi euro jartzea onartu zuen Jaurlaritzak apirilean, AEBetako presidente Donald Trumpek muga zerga orokorrak iragarri zituenean. Orain, baina, neurri zehatzagoak ezarri nahi ditu, eta beste erakunde batzuekin nahiz sektoreetako ordezkariekin aztertu nahi ditu.Â
Bilera egunak
Industria sailburuaren arabera, siderurgia da kezka gehien eragiten duen sektorea, «mende bat baino gehiagoz euskal garapen ekonomikoaren zutabea izan baita». Iaz 261 milioi euroren esportazioak egin zituzten sektore hartako enpresek. Aurten, ordea, lehiakortasuna «ia erabat» galtzeko arriskuan egon daitezke, muga zergak %50era artekoak izango baitira oraingoz. Horiek horrela, datorren astelehenean egingo dute siderurgiari dagokion mahaiaren lehenengo bilera, Gasteizko parke teknologikoan.
Automobilgintzari dagokionez, AEBetara zuzenean egiten diren esportazioak ez dira horrenbesterako arazoa, kanpoan egindako salmenta guztien %3 baino ez direlako. Bai, ordea, Frantziaren eta Alemaniaren bidez egiten direnak. Horri guztiari Europako automobilgintzaren «ahultasun egoera» gehitu behar zaio. Sektore hartako mahaiaren bilera irailaren 22an egingo dute, Bilbon.
Ekoizpen aurreratuari buruz, Jauregik ohartarazi du azken produktuek %15eko muga zerga izan arren osagai askok %50ekoa dutela. Mahaia irailaren 29an bilduko da, lehenengo aldiz.
Mahai sektorialen bitartez, «neurrira egindako laguntzak diseinatu ahal izango dira gehien behar duten industria eremuetarako», Jauregik azpimarratu duenez. Eusko Jaurlaritzaz gain, foru aldundietako, merkataritza ganberetako, enpresa erakundeetako eta enpresa nagusietako ordezkariek parte hartuko dute mahai horietan.
AHALMEN ELEKTRIKOA HANDITZEKO saiakerak
Iberdrolak aste hasieran jakinarazi zuen bere menpeko sareak zenbateko kapazitatea duen elektrizitate kontsumo handiagoa hartzeko: Hego Euskal Herrian banaketa sarea lepo dagoela adierazten dute datuek. Bada, Mikel Jauregi Industria sailburua horretaz aritu da gaur emandako prentsaurrekoan, Bilbon: «hilabete honetan bertan» erantzuna emango zaio EAEn ahalmen elektriko handiagoa izateko eskaerari. Hain zuzen, Espainiako Gobernuarekin bilera data adostu nahian dabiltza, sareek gainezka egitea ekidin eta irtenbide hori zehazteko. Gaur ziren azken ahalegina egitekoak. Jauregik gogorarazi du 6.000 megawatteko ahalmen gehigarria eskatu dutela. Horrek esan nahi du instalatutako 12.000 megawattetik 18.000 megawattera igaro behar duela EAEk, hau da, %50 gehiago.
Â