Ormuzko itsasartearen itxierak gauza asko aldarazi ditu munduan. Fatih Birol IEA Nazioarteko Energia Agentziaren buruak berak ere ez du atzera bueltarik aurreikusten. «Ez dut bide sinesgarririk ikusten energiaren mundua lehen zen bezalakoa izateko». Itsasarte gatazkatsuarekiko menpekotasun txikiagoa izango duen mundu bat datorrela azaldu du IEAk munduko energiaren ikuspegiari buruzko aurtengo bere txostenean.
Otsail honetara arte Ormuztik igarotzen zen munduko petrolioaren eta gas likidotuaren %20 inguru, baina Irango Gerrak gauzak hankaz gora jarri ditu eta «historiako energia shock handienetakoa» eragin du. Energia sektoreak eta ekonomia globalak shock horri «erresilientzia handiz» erantzun diola uste du erakundeak, «baina krisia zenbat eta gehiago luzatu, handiagoak izango dira haren efektuak».
Efektu horien zantzuak dagoeneko antzemangarriak dira. Joera argienetakoa da herrialdeak haien zaurgarritasuna murriztu nahian dabiltzala energia hornikuntza ziurtatzeko. Eta energia segurtasunerako bide nagusia dibertsifikazioa izaten ari da: energia iturri desberdin gehiago, merkataritza bide berriak, erregaien konbinazioa eta teknologia hornikuntza kate berriak.
Irango Gerrak bizkortu duen beste joera argi bat da herrialdeak tokian dituzten energia baliabideak lehenesten ari direla. Horrek esan nahi du iturri berriztagarriek eta energia nuklearrak indarra hartuko dutela, baina baita ikatzaren erabilera uste baino gehiago luza daitekeela ere. Azken hori bereziki Asian gertatuko da, herrialde askok baliabide hori oso eskuragarri baitute eta menpekotasun oso handia daukatelako petrolio eta gas inportazioekiko.
Elektrifikazioa
Ormuzeko gertakariek bizkortu eta atzera bueltarik ez duen beste joera handi bat elektrifikazioarena da. IEAren arabera, 2019az geroztik. argindarraren eskari globala agudoago hazi da munduko ekonomia bera baino. Argindar eskari hori energiaren eskari osoa baino bi aldiz bizkorrago handitu da.
Motor elektrikoak industrian, etxetresna elektrikoak, aire girotua, ibilgailu elektrikoak, bero punpak, datu zentroak... Horiek guztiak argindarra nahi dute, horiek ari dira elektrifikazioa bultzatzen. Eta joera areagotu egingo da hurrengo urteetan. IEAk bere txostenean aurreikusi eta garatu dituen agertoki guztietan, argindarrak energiaren azken kontsumoaren %30 hartuko du 2035. urtean.
Hurrengo urteetan aire girotuak energia beharretan hartuko duen garrantzia ere azpimarratu du Birolek eta esan du lehen aldiz argindar gehiago ari dela joaten eraikinen hozketara eraikinen beroketara baino.
%40Aire girotuak zenbat hartuko duen 2035era arteko energiaren azken kontsumoaren hazkundean. Datua deigarria da: historian lehen aldiz, hozketarako energia eskaria handiagoa izaten ari da beroketarako eskaria baino. Bi dira, IEAren arabera, horren eragileak: batetik, beroaldi gehiago izaten ari dira orain arte hotzagoak ziren munduko hainbat zonaldetan; eta, bestetik, herritarren diru sarrera handiagoek —batez ere Txinan— aire girotua izateko aukera ahalbidetu dute. Halako ekipamenduen prezioen jaitsiera ere kontutan hartzekoa litzateke. 2035. urtera artean IEAren ustez, energia eskari osoaren hazkundearen %40 aire girotuak beteko du.
Birolek datu baikor bat ere azpimarratu du. Haren esanetan, energia segurtasuna ziurtatzeko bidean herrialdeek hartutako erabaki asko baliagarriak dira negutegi efektuko gasen isuriak murrizteko ere. Funtsean, energia segurtasunerako eta klima aldaketarako neurriak gero eta antza gehiago hartzen joan dira, «kasu batzuetan elkar gain jartzeraino».
Funtsean, energia kanpotik ekarri beharrak dakarren menpekotasuna arintzeko, herrialdeak tokian ahalik eta energia gehien ekoiztea hautatzen ari dira; horrek esan nahi du herrialde asko iturri berriztagarrien eta nuklearren aldeko apustua egiten ari direla, hain zuzen, karbono emisioak gutxitzeko apustu berberak.
Petrolioa
Atzera bueltarik ez duen beste gauza bat Ormuzko itsasartearen garrantzia da. Birolek esan du gerrak eta behin itsasartea itxita egon izanak «itsasartearekiko konfiantza hautsi» dutela. Eta urrunago ere joan da: «Mundua ezin hobeto molda daiteke itsasartea gabe. Zaila da, baina gerta daiteke».

IEAk berak ariketa egin du eta kalkulatu du petrolioaren joan-etorrietarako Ormuzko itsasartea saihesteko 40.000 milioi dolar inbertitu beharko liratekeela petrolio bide berrietan, eta 200.000 milioi dolar munduko beste zonaldeetako petrolio putzuetan. Horiek beteko balira, Ormuztik egunero igarotzen diren petrolio upela hogei milioitik bira murriztuko lirateke 2035erako.
Petroliobideak dagoeneko bilakatu dira irtenbide Ormuz hala moduz duen Ekialde Erdiko petrolioarentzat eta IEAren arabera, Saudi Arabiako, Emirerrietako eta Irakeko petroliobideak egunean hamabost milioi petrolio upel garraiatzera iritsi daitezke.
Gasarekin, ordea, kontuak beste batzuk dira, ez dagoelako Ekialde Erdiko eta batez ere Qatarko gasa esportatzeko bide alternatiborik.
Prezioak
Bitartean, upelaren salneurria Irango Gerrak markatzen du. «Gatazkaren konponbide argi bat» lortuko balitz, IEAren ustetan petrolioa eta gasa dezente merkatu daitezke mundu mailako eskaintza asko hazi daitekeelako, batetik Ekialde Erdiko jarioa berreskuratuko baita, eta, bestetik, gatazkaren ondorioz handitu munduko beste tokietan —batez ere Ameriketan— petrolio eta gas ekoizpena handitu egin baita.