Munduko %1 aberatsenek dituzte 2020tik sortutako ondareen bi heren

Oxfamen txostenaren arabera, munduko hamar aberatsenek beren aberastasunak bikoiztu dituzte COVID-19aren pandemiaz geroztik

Munduko Foro Ekonomikoa egingo duten eraikinaren kanpoaldea, Davosen (Suitza), atzo. GIAN EHRENZELLER/ EFE.
maddi iztueta olano
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Handituz doa dirudunen eta pobreen arteko arrakala. COVID-19aren pandemiaz geroztik, munduko hamar aberatsenek bikoiztu egin dituzte beren ondasunak. Atzo argitaratu zuen Oxfam International GKE gobernuz kanpoko erakundeak desberdintasunari buruz egiten duen urteroko txostena. Horren arabera, %1 aberatsenek eskuratu dituzte 2020tik sortutako aberastasunaren bi heren.

Hain justu, azken hiru urteotan sortutako aberastasun guztiaren %63 —26 bilioi dolar inguru, ia 25 mila milioi euro— %1 aberatsenen esku dago; eta ondasun horren beste zatia, %37 —hamasei bilioi dolar inguru, ia hamabost mila milioi euro—, biztanleriaren gainerako %99aren artean banatu da.

Forbes aldizkariaren arabera, munduko hamar aberatsenak dira Bernard Arnault eta haren familia, Elon Musk, Gautam Adani, Jeff Bezos, Larry Ellison, Warren Buffett, Bill Gates, Carlos Slim Helu eta haren familia, Mukesh Ambani eta Françoise Bettencourt eta haren familia.

Txostenak muturreko datuak atera ditu argitara. Elikagaien eta energiaren sektoreko 95 enpresak etekinak bikoiztu zituzten iaz, baina 820 milioi lagunetik gora gosete arriskuan bizi dira. Desberdinkeria ekonomikoari, gainera, beste zenbait arrakala gehitzen zaizkio. Horietatik guztietatik %60 baino gehiago dira emakumeak. Munduko Bankuaren arabera, berdintasunik eza eta pobrezia ez ziren «hainbeste handitu» Bigarren Mundu Gerraz geroztik.

COVID-19ak, Ukrainako gerrak, prezioen igoerak eta energia krisiak ezegonkortasun handiko urteak markatu dituzte. Franc Cortada Oxfam erakundeko zuzendariaren ustez, «zenbait enpresa gertaera horietaz baliatu dira prezioak igotzeko». «Jende arrunta oinarrizko produktuak eta elikagaiak lortzeko sakrifizioak egiten ari den honetan, munduko aberatsenek beren ametsik handienak bete dituzte», adierazi zuen Oxfameko zuzendari exekutibo Gabriela Bucherrek.

Aberatsenen biziraupena izendatu dute txostena, eta munduko foro ekonomikoaren lehen egunean kaleratu zuten. Davosen (Suitza) egingo dute foroa, luxuzko eski estazio batean. Egunotan han dute hitzordua munduko entitaterik aberatsenek.

Zergak igotzearen alde

«Aberatsenei eta korporazio handiei zergak igotzea da gaur egungo krisiei aurre egiteko irtenbidea». Horixe uste du Bucherrek. Bada, Oxfamek iradoki du gutxienez %75ekoak izan beharko luketela aberatsenei aplikatu beharreko zergak. «Horrek goi zuzendariei soldata izugarri handiak ordaintzea eragotziko luke», adierazi dute txostenean.

Azken berrogei urteotan aberatsenei ezarritako zergak jaitsi dituzte Asiako, Afrikako, Amerikako eta Europako gobernu gehienek. Bestalde, igo egin dituzte produktuen eta zerbitzuen gaineko zergak. Erakundeak salatu du ekintza horiek «zuzeneko eragina» dutela biztanlerik pobreenetan, eta, gainera, sexu desberdintasuna «sakontzen» dutela.

Txostenarekin bat egin, eta enpresa handiei eta aberatsei karga fiskala igotzearen alde egin dute zenbait erakundek, hala nola Munduko Bankuak eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.