Murueta ontziolak 'Bahia Beatriz' itsasontzia uretaratu du

Beste hiru itsasontzi egiten ari da, eta laugarrena egiteko kontratua sinatu berri du.

'Bahia de Beatriz' itsasontziaren uretaratzea, Erandion. MARISOL RAMIREZ / EFE
'Bahia de Beatriz' itsasontziaren uretaratzea, Erandion. MARISOL RAMIREZ / EFE
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 27a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteko lehen itsasontzia uretaratu du Murueta ontziolak, Bahia de Beatriz izenekoa, Erandion (Bizkaia). Ez da, ordea, azkena izango, bere nasetan aurten amaitzeko dituen beste hiru itsasontzi baititu. Aurreragoko lana ere ziurtatuta dauka Bizkaiko enpresak, oraintsu sinatu duelako erregaia garraiatzeko ontzi bat eraikitzeko beste kontratu bat.

Azkenaldian etxe barruko lanak ditu batik bat Murueta ontziolak. Gaur uretaratutako ontzia, Bahia de Beatriz, Mureroilentzat egin du, eta haren jabe osoa Naviera Murueta da, Arana familiaren enpresa. Haiena da ontziola ere, 1943an sortutakoa, Muruetan (Bizkaia), gaur egun lantegi nagusia Erandiokoa bada ere. 

Ontziolak egindako 336. itsasontzia da Bahia de Beatriz. 2025ean hasi ziren egiten, eta 2026 amaieran dute entregatzekoa. Algecirasen (Andaluzia, Espainia) izango du egoitza, eta metanola, etanola eta beste bioerregaiak garraiatzeko erabiliko dute. Bi motor ditu: diesel bidezkoa bata, eta elektrikoa bestea (portuko lanetarako, nagusiki). Ia 94 metro luze da, eta 11 marinelen tripulazioa beharko du.

Haren antzeko itsasontzia da nasetan dagoen beste bat, Bahia Candela, Mureroilentzat hura ere. Martxoan atera nahi dute lehen aldiz itsasora, beste proba batzuk egin ondoren. Alboan du Naviera Muruetarentzat egindako beste bat, Busturia NM. Urrian uretaratu zuten lehen aldiz, eta apirilean dute entregatzekoa.

Uda amaitu ondoren uretaratuko dute B335 izenekoa; izokinetarako ontzi bat da, Froy armadorearentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.