Muruetak motor hibridoa duen 103 metroko kargaontzi bat amaitu du

Aurten entregatu duen bigarren itsasontzia da, eta beste hiru egiten ari da.

'Busturia NM' ontziaren bataioa, Murueta ontziolak Erandion duen kaian. BERRIA
'Busturia NM' ontziaren bataioa, Murueta ontziolak Erandion duen kaian. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urriaren 3a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Murueta ontziolak (Erandio, Bizkaia) Busturia NM 103 metro luzeko kargaontzia eraikitzeko lanak amaitu ditu. Euskal Herriko MAAS armadoreak erosi du, eta 2026ko lehen hiruhilekoan itsasoratuko du. Bezero horrek Muruetari egin dion seigarren enkargua da, eta ontziolak aurten entregatu duen bigarrena —konpainiak bere historian egindako 334. itsasontzia—.

Busturia garraio ahalmen handiko kargaontzia da. Zortzi milioi litro garraiatzeko adinako tokia du bodegan, eta karga lehorra eta soltea eramateko enkargatu zuen MAASek. Era berean, pieza handiak eramateko ahala ere badu. Dena den, haren ezaugarri nabarmenena diesel argindar propultsioko motorra da, hibridoa alegia. Ontziak bateria erraldoiak ditu, eta haietan gorderiko indarra unean uneko beharretara askatzeko ahalmena du. Motor horiek portuetan pizten dira normalean, sartu eta irteteko maniobrak egiteko eta bertan egoteko. 

Muruetan ez dute lan gabeziarik, eta oraintxe beste hiru itsasontzi egiten ari dira. Batetik, Froy izokinetarako ontzia eraikitzen ari da, Groenlandiako Royal Greenlan armadorearentzat, eta 2027an entregatzea da ontziolaren asmoa. Bestetik, erregaiak garraiatzeko bi kargaontzi egiten ari da, Mureloil konpainiarentzat. Bat hurrengo urtean entregatuko du, Bahia Candela izenekoa, eta haren bikia 2027an. Kargaontziak Algecirasko (Espainia) portuan egingo du lan, batez ere Repsol petrolio konpainiarentzat, eta, argitaratu denez, 40 milioi euroko kostua du. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.