Murueta ontziolak izokinetarako ontzi bat egiteko eskaria jaso du. Norvegiako Froy konpainiarentzat egingo du, eta 2027. urtearen bigarren erdirako bukatu beharko du.
«Segurtasunari eta izokinaren garraioari, tratamenduari eta manipulazioari buruzko estandar handienak betetzeko diseinatuko eta egindako ontzia izango da», jakinarazi du, ohar baten bidez, Pymar ontziolen elkarteak —Murueta bertako kide da—. Arrainak bizirik garraiatzeko gai izango da.
Itsasontziak egitea garestia izan ohi da, eta ontziolen erronketako bat izaten da prozesu horretarako finantzaketa lortzea. Kasu honetan, erakunde askoren laguntza ziurtatu du Muruetak: Finantzen Euskal Institutuak ez ezik, Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuak (ICO), CESCEk, Sabadell bankuak, EBNk eta Pymarrek ere finantzatuko dituzte lanak, eta Itsas Bermeen Funtsak emango ditu mailegu horretarako bermeak.
Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuak azpimarratu du «herri gisa» erronkarik handienetako bat dela garraioaren deskarbonizazioa, «baita itsasoan ere». Haren esanetan, zero emisiokoen moduan jarduteko gai den ontzi hori eginda, Murueta eredu izango da. «Berrikuntzaren aldeko apustua funtsezkoa da trantsizio energetikoaren erronkan urrats bat egiteko, kasu honetan Euskadin egindako puntako teknologia erabiliz».
Juan Arana Murueta ontziolako presidenteak iragarri du ontzia «inoiz ikusi gabeko mundu mailako mugarria» izango dela. «Harro gaude Murueta aukeratu dutelako desafio erakargarri honetarako». Etorkizunean era horretako ontzi gehiago ekoizteko desira agertu du.
Pymar konpainiako kontseilari ordezkariak ere pozik hitz egin du. «Abangoardiako teknologia duen ontzi honenaren moduko proiektu garrantzitsuei lagundu ahal izateak asebete egiten gaitu», esan du Almudena Lopez del Pozok. «Pymarrek gure ontzigintzaren produktibitatea, eraginkortasuna eta berrikuntza bultzatzeko duen konpromisoaren adibide ona da, funtsezko baldintzak baitira ontzigintzaren hazkundea eta lehiakortasuna indartzeko».
Ontziaren ezaugarriak
Izokin ontzia 87,7 metro luze izango da, eta 20,6 metro zabal. 4.500 metro kubikoko karga ahalmena izango du.
Arrainaren kalitatea eta ongizatea bermatzeko, eta eraginkortasuna optimizatzeko, «puntako» teknologia erabiliko du: arrainak tamainaren arabera automatikoki bereizteko gai diren sistemak, izokinaren tratamenduan erabili beharreko ur geza sortzeko alderantzizko osmosi planta, eta erabilitako ura desinfektatzeko, iragazteko eta hozteko ekipoak, besteak beste.
Arrainak bizirik garraiatuko, tratatuko eta manipulatuko dituzte ontzian bertan.
Gainera, propultsio sistema hibridoa izango du, gasolioa eta argindarra baliatuko baititu. Horri esker, erregai kontsumoa, atmosferara egindako gas isuriak eta sortutako zarata eta bibrazioak murriztuko ditu. Sortutako beroa gordetzeko ahalmena ere izango du, eta, esaterako, berokuntza sisteman aprobetxatu ahal izango da.
Murueta beste hiru ontzi ekoizten ari da gaur egun. Horiek 2026. urtean zehar entregatu beharko ditu, beranduenez.
Zumaiako Balenciaga ontziola, berriz, kinka larrian dabil. Martxoaren 31n bukatuko da enplegua aldi baterako erregulatzeko txostena, eta tarte horretan inbertitzaile bat aurkitu nahi dute ontziola salbatzeko.