Abuztuan, joera aldaketa izan da zerga bilketan. Uztailean, mutualistei dirua itzuli behar izateak ia-ia parean utzi zuen iazko eta aurtengo bilketaren arteko aldea (+%1), baina abuztuan aldea handitu egin da berriro: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek guztira 11.602 milioi euro bildu dituzte, iazko lehen zortzi hilabeteetan baino %2,1 gehiago.
Espainiako Auzitegi Gorenaren aurtengo epai baten arabera, 1967. urtea baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenek eskubidea dute egindako ekarpen horiek bueltan jasotzeko. Lehenik, 2023ko errenta aitorpenei zegozkien ordainketak egiten hasi ziren, eta, ondoren, 2019-2022ko aitorpenei zegozkienei ekin zieten. Horiek dira preskribatu ez duten urteak.
Guztira, 700 eta 800 milioi artean izango dira azkenean mutualistek berreskuratuko dituztenak, doi-doi aurtengo espero zen zerga bilketaren handitzea: iaz 18.212 milioi bildu zituzten zergetan hiru foru ogasunek, eta aurten bilketa garbia 19.000 milioi izango zirela kalkulatu zuten, %4,3 gehiago hain zuzen ere.
Gipuzkoa, positibora
Kopuru horretara iristea ez da gauza ziurra, baina abuztuak itxaropen pixka bat emango zien ogasunen arduradunei.
Aldaketa handiena Gipuzkoan antzeman da. Uztailean, iazko eta aurtengo bilketaren arteko aldea negatiboa izan zen Gipuzkoan (-%1,6), baina abuztuan berriro datu positiboetara itzuli da (%1,1), nahiz eta mutualistei 200 milioi itzuli dizkieten.
Araban parean zegoen bilketa uztailean, baina abuztuan jada %1,4ko hazkundea eman du.
Datu hobeak eman ditu Bizkaiak, %3,1eko hazkundearekin.
Oro har, handitzen ari da errenta zergaren bilketa, enplegua txukun ari zaiolako eusten ekonomiaren motelaldiari eta soldaten igoera izan delako. Beste zerga zuzen nagusia, sozietateena, ehuneko hamar inguru hazi da, enpresek 2023an emaitzak hobetu zituztelako. Behera egiten ari da zeharkako bi zergen bilketa: BEZa eta hidrokarburoen gainekoa.