Nafarroak 5.000 eurorainoko laguntzak emango ditu auto elektrikoak erosteko

‘Tximista Auto’ izeneko programak gehienez 5.000 eurorekin lagunduko du Europan egindako autoen erosketa, eta 2.500rekin EBtik at egindakoena.

 TCross eta Taigo markako auto elektrikoak, Landabenen. JESUS MARIA GARZARON / VW
TCross eta Taigo markako auto elektrikoak, Landabenen. JESUS MARIA GARZARON / VW
Irune Lasa.
2026ko otsailaren 16a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Diru laguntzen falta zela-eta auto elektrikoen salerosketak urte hasieran beheraldia izan ostean, Nafarroako Gobernuak tresna berri bat aurkeztu du halako ibilgailuen erosketak laguntzeko. Tximista Auto programaren deialdia datozen egunetan zabaltzea espero da, atzerako eragina izango du 2026ko urtarrilen 1eraino, eta azarora arte egongo da zabalik. Laguntza horiek ez dira bateragarriak Espainiako Gobernuak emango dituenekin.

Hala ere, auto elektrikoek Nafarroan oraintsu arte lortutako salmentei eusten bazaie, baliteke urte erdian hustea Tximista Autoren kutxak. Dena den, baliagarria izango da auto elektrikoen salmentei tarte batean eusteko; izan ere, gutxienez 2026. urte honetako maiatzera edo ekainera arte itxaron beharko da Espainiako Gobernuak bere laguntzen Auto Plus programaren deialdia egiteko.

Laguntzak eta baldintzak

4,7 milioi euroko aurrekontuarekin —3,7 milioi auto elektrikoentzat eta beste milioi bat kargalekuentzat —, foru gobernuaren Tximista Autok gehienez 5.000 euroraino irits daitezkeen laguntzak emango ditu Europan muntatutako auto elektrikoak erosteko.

Laguntzak txikiagoak izango dira EBtik at egindako autoentzat: gehienez 2.500 euro. Laguntza jaso ahal izateko, autoek ezingo dute 45.000 euroko salneurria gainditu ―BEZik gabe―.

Tximista Autok ez du lagunduko auto hibrido entxufagarrien erosketa. Espainiaren Auto Plusek, aldiz, lagunduko dituela hibrido horiek. Horrez gain, Auto Plusek 4.500 euroko laguntzak aurreikusten ditu EBn muntatutako auto elektrikoentzat eta 3.375 eurokoak kanpokoentzat, betiere autoaren balioak ez baditu 35.000 euroak gainditzen. 

Nafarroan, foru gobernuak emandako laguntza zuzenez gain, zerga hobariak ere badaude auto elektrikoen erosketa sustatzeko. PFEZean %30eko kenkariak dauden auto elektrikoentzat, eta %5ekoak hibridoentzat.

Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak azaldu du Tximista Autoren helburua «Europako zero kilometroko industria eta auto elektrikoak sustatzea» dela. «Auto elektrikorako trantsizioan urte funtsezkoa da aurtengoa Nafarroarentzat. Landabenen [Volkswagenen Iruñeko lantegian] bi ibilgailu elektriko merkaturatuko dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.