Nafarroak etxe berrien erosle gehienei kenduko die etxebizitza kenkaria

2013tik aurrera, errenta baxuak dituztenei eta familia ugariei emango diete; orain arte jasotzen zutenei mantendu egingo dieteAutonomoen atxikipenari %15ean eutsiko dio Nafarroako Gobernuak

Maite Alustiza.
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Astebete mutu eman ondoren, Nafarroako Gobernuak argitu du bere jarrera Espainiako Gobernuak hartu berri dituen neurrien gainean. Yolanda Barcina presidenteak iragarri du ez dituela ezarriko hainbat neurri, «politika ekonomiko propioa sustatzeko eta enplegua suspertzeko». Horien ordez, ordea, bestelako neurri batzuk zehaztu ditu: etxebizitza kenkaria aurrerantzean soilik batzuei ematea, autonomoen eta profesional liberalen atxikipenari bere horretan eustea eta sozietate zerga ez aldatzea. Hala ere, beste hainbat neurri «nahitaez» bere egin beharko ditu Nafarroak: BEZa igotzea eta langile publikoei Eguberrietako saria kentzea, esaterako.

Hurrengo urtetik aurrera, etxe berrien erosle gehienek ez dute izango ohiko etxebizitzaren mailegua pagatzeagatik jasotzen den zerga kenkaria: soilik errenta baxuak dituztenek eta familia ugariek jasoko dute —Espainian, urtarriletik aurrera etxea erosten duten guztiek ez dute izango—. Hilean 2.565 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiek %15eko kenkaria izan ahalko dute; mailegua banaka pagatzen dutenentzat, diru sarrerak horren erdia izan beharko du. Familia ugarientzat, berriz, kenkaria %30 izango da —hilean 3.848 euroko diru sarrerak baino txikiagoak badituzte—. Etxea erosita dutenentzat eta aurten erosiko dutenentzat, kenkariari eutsi egingo dio.

Erabaki horrez gain, Barcinak atzo iragarri zuen sozietate zerga bere horretan utziko duela eta autonomo eta profesional liberalen atxikipenak ere ez dituela igoko. Orain arte, haien fakturen %15 atxikitzen zen, eta aurrerantzean ere hala izango da —Espainian %21 atxikiko diete abuztuaren 1etik 2013ko abendura arte—. Pentsatzekoa zen neurriak ez zuela Nafarroan eraginik izango, Errenta Zergari dagokiolako eta Nafarroako Gobernuak duelako horren gaineko eskuduntza; berdin gertatzen da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietan.

«Alternatibarik gabekoak»

Espainiako Gobernuak hartutako erabaki batzuk ezinbestean bete beharko ditu Nafarroak, «oinarrizko legediari» dagozkielako, eta, beraz, «alternatibarik gabeak» direlako. Horrela, BEZa eta tabakoaren gaineko zergak igoko ditu Nafarroak irailetik aurrera.

Langile publikoei Eguberrietako saria kentzeari ere ezin izan dio iskin egin gobernuak. Hori dela eta, Barcinak jakinarazi du gobernuko kideei eta administrazioko goi kargudunei ere saria kenduko diela, bere buruari barne. Sari hori eman gabe, 50 milioi euro gehiago izango ditu gobernuak, Barcinaren arabera. Bi neurri horiek «gogorrak» direla uste du, eta gogorarazi du herritarrak «ahalegin handia» egiten ari direla «defizit publikoaren aurkako borrokan».

Merkataritzari dagokionez, Espainiako Gobernuak ordutegien eta merkealdien inguruan ezarritakoak bete beharko ditu. Urtean 10 eta 16 jaiegun artean irekitzeko baimena ematen die saltokiei, etatartea zabala denez, gobernuak erabaki du Merkataritzaren Behatokiarekin bilera bat egitea, neurria nola ezarri zehazteko. Orain arte, zortzi jaiegunetan irekitzeko aukera zuten saltokiek. Merkealdiak liberalizatuko dituzte; hau da, ez da izango horietarako egun finkorik.

Barcinak adierazi du gobernua lanean ari dela itun politiko eta sozial bat proposatzeko, Nafarroak «nahitaez» bete beharreko neurriei heltzeko, baina baita ekonomia suspertzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.