Nahiz eta Nafarroako Parlamentuak abenduaren 20an Eguberrietako ordainsariaren ordez langile publikoek osagarri pertsonal bat jasotzeko agindua eman, gobernuak ez zuen bete. Parlamentuak aurtengo bi ordainsariak urtarrilera eta ekainera aurreratzea onartu zuen, eta UPNren gobernuak foru lege hori beteko du. Atzo, gobernu kontseiluaren ostean, finantza erakundeei agindua eman zien 25.000 langile publikoek saria orain jaso dezaten. UPNren gobernuaren arabera, Mariano Raxoiren gobernuaren uztaileko dekretuak eragin ditzakeen ondorioak «arindu» nahi ditu. Eusko Jaurlaritzak, berriz, gaur emango du agindua, ziurrenik, 67.000 funtzionarioek saria orain jaso dezaten.
Nafarroako Gobernuaren arabera, 43 milioi eurorena da ordainketa. Jose Luis Sanchez Muniain eledunaren ustez, langile guztiek gaur jasoko dute diru hori. «Gobernuak bere konpromisoa bete du, eta dirua legearen barruan aurreratu da». Sanchez Muniainek gogorarazi du ez dela inongo oinarrizko legerik urratzen, eta ez diola defizitaren helburuari eragiten. «Ez du gastu gehiago eragingo». Lurdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak, berriz, aldarrikatu du aurtengo defizitaren helburuak barne produktu gordinaren %0,7tik gorakoa izan beharko lukeela.
ELA sindikatuak «Nafarroako Gobernuaren iruzurra» salatu du, era berean. Sindikatuak azpimarratu du ez duela bete parlamentuan funtzionario publikoei iazko abenduan osagarri pertsonal bat ordaintzeko legea.
Legearen argitalpena
Lege hori urtarrilaren 2an argitaratu zen aldizkari ofizialean. Hamaika egun izan ditu urtea amaitu baino lehen egiteko, eta horregatik, ELAk uste du «nahita» atzeratu duela eta «ez ezartzeko saio trakets bat» izan dela. Gainera, ELAren ustez, administrazio guztiak behartuta daude osagarri hori ordaintzera. «Egin ezean, ez betetze bat gehiago gehituko liokete abenduko ordainsaria ez ordaindu izanari», esan du ELAk. Sindikatu abertzaleak gaineratu du erreklamazioak aurkezten jarraituko duela erabaki horren aurka.
Bilduk ere azalpenak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari. Iaz langile publikoei osagarri pertsonala ordaintzeko foru legea urtarrilaren 2an argitaratu zen aldizkari ofizialean. Yolanda Barcinak atzerapen horren zergatiak parlamentuan azaldu behar lituzkeela deritzo.
Afera ez da amaitu. Susmoak daude Espainiako Gobernuak aurten ere iazkoaren antzeko neurri bat har dezakeela. PPren gobernuak aldez aurretik iragarri du helegitea aurkeztuko duela Nafarroako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren erabakien aurka.
Pedro Zalba PPko eurodiputatuak «logikotzat» jo du hori, eta iragarri du «hurrengo egunetan» jarriko dela errekurtsoa. «Nafarroak ez du eskumenik ekonomiaren eta estatuko aurrekontu orokorren planifikazioan, eta horietan zehazten da zer hilabetetan ordaindu behar diren sariak. Haren ustez, «ardura gabeziaz» jokatzen ari da UPNren gobernua: «Espainiako lurralde osoan funtzionarioak berdin tratatu behar dira, eta gobernu zentralak inork atsegin ez duen erabaki bat hartzen badu, erakunde publiko guztiek bete behar dute agindu hori».
Gaur, Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritzak, berriz, gaur emango du saria urtarrilean jasotzeko agindua. Eusko Legebiltzarrak abenduaren 28ko osoko bilkura berezian erabaki zuen ordainsaria urtarrilera eta ekainera aurreratzea, EAJk alde bozkatuta eta beste alderdiak abstenituta. Legea herenegun argitaratu zuen EAEko aldizkari ofizialetan, eta bankuei gaur eman zaie agindua. Hartara, 67.000 langile publikoei automatikoki ordainduko zaie saria, eta ez dute espresuki eskaerarik egin beharko.
Nafarroako 25.000 funtzionarioek gaur kobratuko dute lehen ordainsaria
Jaurlaritzak gaur emango du agindu bera, eta uztaileko ohiko saria orain jasoko dute langile publikoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu