Nafarroako CEIN zentroak 45 langile kaleratu nahi ditu, lantaldearen %60

Langile batzordeak uste du konponbide hobeak bila daitezkeela, eta iragarri du horren alde lan egingo dutela

Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

CEIN Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Zentro Europarrak 45 laguni eragingo dion lan erregulazio espedientea aurkeztu duela jakinarazi du langile batzordeak. Arlo ezberdinetan espezializatutako 74 profesionalek osatzen dute zentroa, eta beraz, lantaldearen %60ri eragingo lioke dosierrak. Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Sailaren menpeko sozietate publikoa da zentroa, irabazi asmorik gabekoa, eta Noainen du egoitza.

Enpresak azaldu du antolakuntza eta produkzio arrazoiengatik aurkeztu duela dosierra, hainbat jarduera desagertu direlako; baina ez du galerarik aurreikusten 2013rako. Langile batzordeak, ordea, azaldu du jarduera horiek, berez, ez direla desagertuko: «Nafarroako Gobernuak eta beste erakunde batzuek hartuko dituzte euren gain». Langile batzordeak uste du konponbide hobeak bila daitezkeela, eta iragarri du «dosierraren baldintzak hobetzeko eta kalteak ahal bezainbeste txikitzeko» lan egingo duela.
 

Bizkaiko kontsignatarioak

«Itun duina» eskatu dute

Bizkaiko kontsignatario eta zamaketarien sektoreko ELA, LAB eta CCOOko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo Cebek patronalak Bilbon duen egoitzaren aurrean, probintziako lan hitzarmen «duin» bat eskatzeko. Hilaren 28, 29 eta 30erako greba deitu dute sindikatuek sektorean, 800 inguru langileri eragiten dien lan itunaren negoziazioa bultzatzeko. Azaroan ere bi eguneko lanuztea egin zuten.

 

 

Arabako ostalaritza

Negoziazio eske

Arabako ostalaritzako langileek lan hitzarmena negoziatzen jarraitzeko eskatu diote patronalari, greba saihestu nahi badu. Izan ere, itunik ezean, otsailaren 7tik 10era bitartean greba egitea erabaki dute langileek, UGTk azaldu duenez. Egun horietan, Espainiako Errege Kopa jokatuko dute Gasteizen. Itun berria adostu artean egungo lan itunarekin jarraitzea eskatzen dute langileek.

 

 

 

 

Alfus-Fcc

Lanuzteak astelehenetan

Bediako Alfus-Fcc enpresako zuzendaritzarekin bilera izan zuen atzo langile batzordeak, eta ez du ikusi «borondaterik» itunaren negoziazioei berrekiteko. Hortaz, urtarrilaren 21etik otsailaren 11ra arte astelehenero lanuzteak egitea erabaki du batzordeak. LABek azaldu du ez dutela baztertzen neurri gogorragoak hartzea, «greba mugagabea, kasurako».

 

 

 

 

Entegly Ibai

Lau kaleratzeren salaketa

Bilboko Entegly Ibai informatika enpresako langileek kontzentrazioa egingo dute gaur egoitzaren atarian, lau lankideren kaleratzeak salatzeko. Zuzendaritza Madrilgo lan erreformaren aukerak muturreraino aprobetxatzen ari dela salatu du langile batzordeak.

 

 

 

 

Laminaciones Arregui

Epaiketa batzordekideei

Laminaciones Arreguiko zuzendaritzak salaketa jarri zien abuztuan langile batzordeko ELA eta LABeko bi kideri, eta gaur epaituko dituzte, Gasteizen. Batzordeak kontzentrazioa deitu du Justizia Jauregiaren atarian, 12:00etan.

 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA