«Ekonomiari jotako ukabilkada izugarria da, aurrekorik gabekoa, duela hilabete batzuk aurreikusitakoa baino handiagoa». Hitz horiek erabili ditu eguerdian Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilariak. Izan ere, bigarren hiruhilekoz jarraian atzera egin du barne produktu gordinak, eta inoiz ikusi gabeko moduan, gainera. Nastat estatistika erakundeak gaur jakinarazitako datuen arabera, apiriletik ekainera %15,6 txikitu zen ekonomia. Urtarrilaren hasieratik martxoaren bukaerara, berriz, -%4,4.
Pentsatzekoa denez, urteko hirugarren hiruhilekoan hazi egingo da barne produktu gordina, konfinamenduaren ondoren jarduera ekonomikoa abiada hartzen ari delako. Edonola ere urte arteko tasan, %18,8 txikitu da barne produktu gordina, eta, hurrengo hiruhilekoetan zerbait hobera egitea espero arren, kostatuko zaio bi zenbakiko erorikoa ez izatea urtearen amaieran. Horregatik, zuhurtzia handiz mintzatu da Elma Saiz, ondorengo hilabeteak «galdera markez beteak» direlako.
Nafarroan baino eroriko handiagoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustatek joan den astean aurreratutako datuek diote %16,9 txikitu zela BPGa bigarren hiruhilekoan. Urte arteko tasan zenbakia are borobilagoa da: -%20,1.
Apirilean, hondoa jo
Elma Saizek gogora ekarri duenez, bigarren hiruhilekoak bat egin du «pandemiaren unerik gogorrenarekin». Martxoaren erdialdera alarma egoera ezarri zenean, ostalaritzak, turismoak, garraioak eta ostalaritzak berehala nozitu zuten erabakia eta kontsumoa amildu zen.
Apirilean, berriz, jarduerak «hondoa jo zuen»: adibidez, iragan urteko datuekin alderatuta, autoen matrikulazioak %97 erori ziren, garraio trafikoa %79 eta etxebizitzen salerosketa «ia %67». Industrian, Landaben itxita egon zen apirilaren amaiera arte, eta apurka ekin zion jarduerari. Hala, iragan urteko apirileko datuekin alderatuta, industria produkzioa %39,3 jaitsi zen, eta enpresen negozio kopurua, %48,2. Pandemiak mundu osoan eragin duenez, esportazioak %38,2 jaitsi ziren apirilean, urte arteko tasa aintzat hartuta. Zerbitzuetan, enpresen batez besteko negozio kopurua ez zen industrian adina murriztu (%31,6); baina ostalaritzan, fakturazioaren beherakada «bereziki handia»izan zen apirilean, %91, eta garraioan, %48.
Maiatzetik, konfinamendua leundu ahala, jarduera berrindartzen hasi bada ere, «COVID-19 aurreko egoeratik urrun dago», eta sektoreka suspertzea erritmo desberdinetan egiten ari da: industrian eta eraikuntzan, azkarrago; zerbitzuetan, motelago.
Egoera horrek guztiak «eragin suntsitzailea» izan du lan munduan. Asteartean, INEk kaleratutako datuen arabera, bigarren hiruhilekoan 12.800 lanpostu desagertu ziren bigarren hiruhilekoan, eta 22.200, baldin eta iazko urte beteko epearekin alderatuz. Kalte hori ez da langabeziaren datuetan hainbeste islatu, jaitsiera «leunagoa» baita, Saizen hitzetan. Batetik, iruditzen zaio aldi baterako erregulazio espedienteek (ABEE) babes gisa jokatu dutela, baina, halaber, estatistika efektu bat egon delakoan dago: Lanaren Nazioarteko Erakundearen irizpideen arabera, konfinamenduan langabeetako asko inaktibo gisa zenbatu dira, eta horrek datuok «urardotu» ditu. Beste iturri batzuetara joz, ekainean 41.474 langabe zeudela, iragan urtean baino 10.088 gehiago (+%33,2). Ohartarazi du ABEEak indarrean egoteari uzten diotenean, lan arloan ordaina «garestia» izan daitekeela.
Aurrera begira, Ekonomia kontseilariak nabarmendu du normaltasun berria delako COVID-19 aurreko egoeratik oso urrun dagoela, eta gizartearen ohitura aldaketek eragina dutela ekonomian. Uztailaren 21ean, Googlek emandako mugimendu datuek islatzen dutenez, herritarren egonaldien jokabideak aldatzen ari dira: «Alarma egoera ezarri aurreko bost asteetako datuekin alderatuta, nafarrek nabarmen murriztu dute dendetan, aisialdietan, farmazietan, lantokietan edo garraio publikoan igarotako denbora; aldiz, denbora askoz gehiago pasatzen dute parkeetan eta etxebizitzan zein inguruetan»
Espainia eta Frantzia
Hego Euskal Herriko bi erkidegoek baino zenbaki okerragoak eman ditu Espainiak; ziur aski, turismoaren eta ostalaritzaren pisua are handiagoa duelako. Zehazki, INEk dio %18,5 txikitu dela BPGa lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta %22,1 urte arteko tasan.
Zenbaki gorriak ditu Frantziak ere, baina pixka bat apalagoak: -%13,8 lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta -%19 urte arteko tasan.
Koronabirusaren astindua gogorren eta bizkorren jo zuen Italian, eta han ere beherakada historikoak izan dira jarduera ekonomikoan: -%12,4 hiruhileko batetik bestera, eta -%17,3 iazko datuekin alderatuta.