Nafarroako ekonomia %1,9 handitu zen iaz, gobernuak uste zuena baino bi hamarren gehiago

Herritarren kontsumoaren eskutik, urteko azken hiruhilekoan bizkortu egin da barne produktu gordinaren hazkundea.

kontsumoa
Kontsumoak eutsi dio Nafarroako ekonomiari. VILLAR LOPEZ / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko urtarrilaren 30a
10:40
Entzun

Aurreko urteetan baino gutxiago izan bada ere, 2023an ere handitu egin da Nafarroako barne produktu gordina. Nastatek gaur emandako datuen arabera, 2022an baino %1,9 handiagoa izan zen 2023an. Nafarroako Gobernuaren iragarpenak hobetu ditu azken datuak: urrian %1,7ko hazkundea iragarri zuen, eta %1,4 duela urtebete.

Urte arteko tasan hazkundea indarra galtzen aritu da, %2,4koa izan baitzen lehen hiruhilekoan, %2 bigarrenean, %1,7 hirugarrenean eta %1,4 laugarrenean. Baina hiruhileko tasari erreparatuz gero, hazkundea bizkortu egin da urtearen amaieran: %0,2 hirugarren hiruhilekoan, eta %0,5 laugarrenean.

Gauza hori bera gertatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere: Eustatek aurreko astean esan zuen %0,2tik %0,4ra igaro zela hazkunde tasa.

Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren arabera, herritarren kontsumo handiagoak ekarri du urte amaierako suspertzea, eta bi arrazoi eman ditu horretarako: langile gehiago daudela, eta, oro har, soldatak handitu egin direla aurreko urteetako inflazio handiari aurre egiteko.

Beste faktore positibo bat inbertsioa izan da. Nahiz eta industria den pattalen dabilen sektorea eta maileguak garesti dauden, enpresak inbertitzen ari dira kanpo eskaria handitzen denerako. Eskari hori «oso ahuldua» ikusi du Arastik, Nafarroako enpresen bezero nagusiak oso hazkunde apala dutelako (Frantzia) edo atzeraldian daudelako (Alemania). 

2024. urtea «zaila» izango dela azaldu du Arastik, inflazioa eta interes tasak ohi baino handiagoak izango direlako eta ez delako espero industriaren eskariak asko handitzea. Ondorioz, Iruñeko gobernuak kalkulatu du beste koska bat motelduko dela BPGaren hazkundea, %1,5eraino. Hamarren bat gutxiago kalkulatu du Laboral Kutxak: %1,4 Hego Euskal Herri osorako.

%0,5eko soldata igoera langile publikoentzat

Are gehiago handitu da ekonomia Espainian, eta han ere azken hiruhilekoan bizkortu egin da jarduera ekonomikoa. INE estatistika erakundearen arabera, 2023. urtean %2,5 handitu zen barne produktu gordina. Datua garrantzitsua da Hego Euskal Herriko langile publikoentzat eta soldatak haiekin batera eguneratzen dituztenentzat (ikastetxe kontzertuetako langileentzat). Izan ere, Espainiako Gobernuak CCOO eta UGTrekin negoziatutakoaren arabera, ekonomia %2,1 baino gehiago haziz gero beste %0,5 handituko dizkietelako soldatak; %3,5, guztira. Atzera eraginez ordainduko diete, hau da, iazko soldataren %0,5en hamalau ordainketen baliokidea.

Aste edo hilabete batzuk itxaron beharko dituzte igoera hori ikusteko. Lehenik, INEk berretsi egin beharko du gaur aurreratutako datua, eta, gero, igoera 2024ko aurrekontu proiektuan sartu beharko dute. Igoera horren gainean ezarriko da aurtengo soldataren igoera: %2 urtarriletik, eta beste %0,5 baldin eta 2022ko, 2023ko eta 2024ko inflazioarekin erosteko ahalmenaren galera izan badute. Aurrekonturik ez dagoenez, langile publikoek 2023ko soldatarekin hasi dute urtea, baina geroago handituko diete, atzera eraginez.

inflazioak gora egin du urtearen hasieran

2024an prezioen hazkundea pixka bat apaltzea espero den arren, urtea kontrako norabidean hasi du inflazioak. INEk bi aste barru emango du Hego Euskal Herriko datua, baina Espainiako datu aurreratuak iradokitzen du hamarren batzuk igo direla: hiru hamarren egin du gora, %3,4raino. Urte hasieran handitu egin zen argindarraren gaineko BEZ zerga (%5etik %10era), eta argindarraren gaineko zerga berezia %0,5etik %2,4ra igaro da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.