Nafarroako Gobernuak 2027rako aurrekontua aurkeztu du, eta aurtengoa baino %8,1 handiagoa da

7.285 milioi euroko aurrekontu aurreproiektua onartu du, eta urri amaieran aurkeztuko dio parlamentuari. Etxebizitzaren arloko departamentua handituko litzateke gehien, %159, eta osasun arloan jarriko lukete diru gehien: 1.677 milioi euro.

Jose Luis Arasti, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, gaur. IÑAKI PORTO / EFE
Jose Luis Arasti, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, gaur. IÑAKI PORTO / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urriaren 9a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuak 2027ko aurrekontu legearen aurreproiektua onartu du. Legealdiko azken aurrekontuak izango dira, eta Maria Txibiteren gobernuak 7.285 milioi euroko proposamena aurkeztu du, aurtengoa baino %8,1 handiagoa. Finantza kostuak kenduta, gastu mugak ere %8,4 egingo du gora, eta aurreikusi du 6.851 milioi euro erabiliko direla gastu zein inbertsio publikorako. 

EH Bilduk baieztatu du aurreproiektuak euren zenbait ekarpen biltzen dituela. «Maiatzeko hauteskundeen ondotik osatuko den gobernuak gauzatu beharreko aurrekontuak dira», azaldu du. Koalizioaren arabera, akordioa ez dago oraindik itxita. «Helburu hauek buruan, negoziatzen jarraitzen dugu». 

Geroa Baik ontzat jo du aurreproiektua onartu izana. «Negoziazioari esker Nafarroaren etorkizunerako estrategikoak diren alorretan hainbat konpromiso jaso dira». 

Gaur goizean onartu du aurreproiektua Nafarroako Gobernuak, eta ondoren eman du prentsaurrekoa Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Zehaztu du urriaren 30ean igorriko zaiola aurrekontuen proiektua parlamentuari —azaroaren 1a baino lehen behar du izan—. «Dena ondo badoa eta negoziazioak ondo amaitzen badira, abenduaren 17an egingo da aurrekontuen osoko bilkura».

Aurrekontua xehatzeari ekin dio Arastik, eta gobernuak gastu sozialaren alde egindako «apustu iraunkorra» azpimarratu du. Diru kopuru osoaren %54 erabiliko litzateke horretarako; alegia, Osasun, Hezkuntza, Etxebizitza eta Gizarte Eskubideen departamentuetarako. Aurtengo aurrekontuetan ere %54,5 erabili dute gastu sozialerako.

Etxebizitzan, aurten halako hiru ia

Departamentuak banan-banan aztertuz, osasunean jarriko lukete diru gehien, 1.677 milioi euro, eta horren atzetik legoke Ekonomia eta Ogasun Departamentua, 1.200 milioi euroko aurrekontuarekin —ekarpenaren zenbatekoa aintzat hartuta—. Ehunekoei erreparatuz, Etxebizitza Departamentuko inbertsioa haziko da gehien; 8,5 milioi euro inbertitu dituzte arlo horretan aurten, eta datorren urterako 22 milioi jarri nahi dituzte, %159 gehiago. Bestetik, Arastik gaineratu du bost milioi euro mugituko dituztela Nafarroako Gobernuaren jabetzako etxeak alokairu publikora bideratzeko.

Esan du aurreproiektua egitean kontuan hartu dituztela Airef ikuskatzaile independenteak onetsi dituen aurreikuspen ekonomikoak. Horien arabera, Nafarroako BPGa %2 haziko da 2027an; inflazioaren batezbestekoa %2,5ekoa izango da, eta langabezia tasak behera egiten jarraituko du, %7,5eraino. Horrez gain, defizita %0,3 izatea du ezarria Nafarroak helburu gisa —Espainiako Gobernuarekin adostu zuen hori—. Eta zorrari dagokionez, gobernuak aurreikusi du zor publikoa BPGaren %8,7aren baliokidea izango dela 2027. urte amaierarako; 2025. urte amaieran %9,4koa zen.

996

Ekarpena zenbatekoa izango den. Datorren urtean, 996 milioi euro ordainduko dizkio Nafarroak Espainiako Gobernuari, bere gain hartu gabeko eskumenen truke. Aurten egindako ekarpena baino %6,9 gehiago izango da, 932 milioi ordaindu baititu.

Bestalde, Europako Batasunaren suspertze funtsa amaitu egingo da 2027an, eta Nafarroako Gobernuak adierazi du hori konpentsatze aldera indar handiagoa jarriko duela berrikuntzan, eraldaketa digitalean, kulturan, turismoan, etxebizitzan eta industrian, besteak beste. Horri lotuta, beste inbertsio funts bat onartuko dute datorren asteazkenean. «Horrekin, inbertsio plan bakarra eratuko da, 800 milioi eurotik gorako zenbatekora iritsi ahal izango dena», esplikatu du Arastik.

Proiektuei dagokienez, zenbait nabarmendu ditu. Esan duenez, inbertsio handia egingo dute txertoen arloan, beste askoren artean; digitalizazioko eta efizientzia energetikoko proiektuetan ere aurrera egingo dute, eta osasun zentroak eraikiko dituzte Tuteran eta Zarrakaztelun. Euskararen inguruan ere adierazi du urratsak egingo dituela helduen alfabetatzean, eta administrazioetan euskara erabiltzea sustatuko dutela. Ez dute horretarako planik zehaztu oraingoz.

Errepideetako segurtasuna hobetzean ere jarri du arreta gobernuak, N-121-A errepidean bereziki. Nafarroa eta Madril lotuko dituen A-15 autobideko lanak ere barnebiltzen ditu aurrekontu proiektuak, argudiatuta horrela lehiakortasuna irabaziko duela Nafarroak.

Nafarroako Gobernuaren arabera, industrian eta trantsizio ekologiko eta digitalean ere aurrerapausoak emango lituzkete aurrekontu horiekin: «Bultzada garrantzitsua da Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Sailarentzat, eta %30 haziko litzateke industriarako aurrekontua. Mugarri bat ezartzen du horrek, are gehiago EBren Next Generation funtsak agortzen ari diren honetan». Arastik erantsi du %43 haziko liratekeela trantsizio energetikoarekin zerikusia duten jardueretarako baliabideak. Gogoratu du, gainera, asmoa dutela Nafarroako ubidearen bigarren fasea hasteko, laborarien ur beharrak asetzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA