Nafarroako Gobernuak bost milioi euro emango ditu lehorteak eragindako kalteei aurre egiteko

Abelburu bakoitzeko zortzi eta 50 euro arteko laguntzak emango ditu, eta ia 2.000 ustiategitara iritsiko dira.

Behi batzuk Caparrosoko behitegi batean, Nafarroan. GORKA RUBIO / FOKU
Behi batzuk Caparrosoko behitegi batean, Nafarroan. GORKA RUBIO / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko urriaren 21a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda honetako lehorteak ezinegona piztu du lehen sektorean: euri faltak ustiategietan gastu eta kalte handiak eragin dituzte, eta horiek arintzeko administrazioei laguntza eske aritu dira nekazariak eta abeltzainak azken hilabeteetan. Urriaren hasieran iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak 4,9 milioi euro emango dizkiela diru laguntza zuzenen bidez; Nafarroako Gobernuak, berriz, gaur iragarri du bost milioi euro banatuko dituela.

Diru laguntzak ia 2.000 ustiategitara iritsiko direla aurreikusten du, eta abelburu bakoitzeko zortzi eta 50 euro arteko konpentsazioak emango ditu: hain zuzen, ardiak, ahuntzak, behiak eta zaldiak dituzten ustiategietako abeltzainek jasoko dituzte laguntza horiek.

«Hondamendi naturala»

Nafarroako Gobernuak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdik adierazi du lehortea inoiz ez bezalakoa izan dela, eta, ondorioz, abeltzainek lehenago erosi behar izan dutela neguan erosi ohi zuten bazka: «Ondorioz, prezioen gainkostuari aurre egin behar izan diote».

Nafarroako Gobernuak urriaren 7an «hondamendi natural» gisa sailkatu zuen lehortea. Gainera, parlamentuari eskatu dio alderdiek ahalik eta azkarren bozkatu dezatela lege proiektua, ustiategietara diru laguntzak urte amaierarako irits daitezen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA