Jaurlaritzak 5,5 milioi euro emango ditu lehorteak eragindako kalteei aurre egiteko

Diru laguntza zuzenak emango dizkie nekazariei eta abeltzainei, bazka batera erostea baztertu eta gero. Abelburu bakoitzeko 60 eurorainoko laguntzak emango ditu; laboreen kasuan, 150 eurorainokoak, hektarea bakoitzeko: 15.000 euro gehienez.

Behiak, Asteasuko baserri batean. GORKA RUBIO / FOKU
Behiak, Asteasuko baserri batean. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urriaren 3a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak diru laguntza zuzenen bidez erantzungo dio uda honetako lehorteak lehen sektorean piztu duen ezinegonari. Hain zuzen ere, 4,9 milioi euro emango dizkie nekazariei eta abeltzainei euri faltak eragindako kalte ekonomikoa arintzeko. Horrela, udan egindako bi eskaeretako bati erantzungo dio, abeltzainen kasuan bazka batera erosteari ezetz esan ondoren. 

Neurriak nekazal erakundeekin adostu dituztela azaldu du Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak. ENBAk eta Gipuzkoako EHNEk, baina, salatu dute gaur arte ez dutela konpuru zehatzen berri izan eta oso eskasak direla. Barredo sailburuari sektorearekiko «enpatia falta» leporatu diote «beste behin».

Euri faltaren eta beroaren ondorioz, murriztu egin da bertako belardi eta larreetatik lortzen den bazka, eta abeltzainak ohi baino lehenago hasi dira negurako gordeta zeukatena erabiltzen. Hori dela eta, gehiago erosi behar izan dute, eta ekoizpen kostuak handitu zaizkie.

Horri aurre egiteko, Jaurlaritzari eskatu zioten bazka batera erostea sustatzeko, hala erosita prezio merkeagoak lortzeko merkatuan. Hasieran batean Nekazaritza Saila prest azaldu bazen ere, proposamena aztertu ondoren ondorioztatu zuen tokiko hornitzaileek bazutela eskaria asetzeko adina, eta atzera egin zuen. Erabakiak sindikatuen haserrea eragin zuen.

Orain, ordea, bigarren eskaerari erantzun dio Jaurlaritzak. 4,9 milioi euroko aparteko laguntza lerroa sortu du, eta bere aurrekontuetatik finantzatuko du osorik. Barredo sailburuak iragarri du behar izanez gero beste %40 handitu ahal izango duela ere. «Ez gaude ohiko egoera batean, eta erantzuna ere ezin da ohikoa izan», azpimarratu du. Barredoren arabera, erantzun hori azpisektore bakoitzaren errealitatera egokitu dute.

Hala, abeltzaintzaren kasuan, laguntzak haragitarako eta esnetarako behientzat, ardientzat, ahuntzentzat eta zaldientzat izango dira. Haragitarako 24 hilabetetik gorako behi bakoitzeko 60 euro emango ditu; esnetarako behi bakoitzeko, 36 euro; ardi eta ahuntz bakoitzeko, sei euro; eta zaldi bakoitzeko, 30 euro.

Esnetarako behientzat, gainera, beste 565.000 euroko laguntza sail bat ere prestatu du Jaurlaritzak, erregaien eta ongarrien prezioen igoerak eragindako aparteko kostuak partzialki konpentsatzeko. FEAGA Europako Batasuneko Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren eta Jaurlaritzaren aurrekontuen bidez finantzatuko da.

Nekazaritzan, berriz, diru laguntza hauek emango ditu: ereindako patata hektarea bakoitzeko, 150 euro; kontsumorako patatarako eta babarrunerako, 100 euro; artoarentzat, 60 euro; eta ekilorearentzat eta sagardotarako sagarrarentzat, 40 euro.

Onuradun bakoitzak gehienez 15.000 euro jasoko ditu, eta 300 eurotik beherako laguntzarik ez da emango. Jaurlaritzaren kalkuluaren arabera, 5.268 ustiategitara iritsiko dira laguntzak.

Guztira, beraz, 5,5 milioi euro izango dira nekazaritza eta abeltzaintzarako. Neurriak sektoreko erakundeekin eta hiru foru aldundiekin kontrastatu eta adostu dituztela azaldu du Barredok, eta gehitu du aldundiek ere laguntzak emango dituztela kaltetutako ustiategiei laguntzeko; Gipuzkoakoak 1,6 milioiko diru sail bat iragarri du, eta Bizkaikoak, 1,5 milioikoa. 

Horrez gain, Espainiako Nekazaritza Ministerioak dagoeneko jakinarazi du Europako Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzen %75 aurreratuko dituela, Jaurlaritzak eskatu moduan, eta urriaren 16an ordainduko duela.

Arrantzaleei ere bai

Arrantza sektorea ere babestuko du Jaurlaritzak, 430.659 eurorekin. Aurreko urteetan bezala, aurtengo berdel kanpaina txarra izan da, bereziki baxurako ontzientzat: gero eta zailtasun handiagoak baitituzte espeziea harrapatzeko eta, gainera, Europako Batasunak %73 murriztu baitie arrantza kuota.

Hala, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek arrantza aldi baterako eteteko eskatu zuten, eta diru laguntzak galdegin zituzten, jarduerak ekonomikoki merezi ez zuelako. Eskaera ez zen gauzatu, eta galera handiak izan dituzte, ontzi batzuentzat kanpaina horrek urteko diru sarreren %50etik %70era arteko pisua baitu.

Barredok azaldu duenez, Jaurlaritzak emango dituen laguntzak Gipuzkoan eta Bizkaian portua duten 73 ontzik jaso ahal izango dituzte. Arrantzale bakoitzak 825 euro, eta beste 825 euro armadorearentzat eskifaiako kide bakoitzeko; gehienez 10.000 euro. Horrez gain, Barredok aurreratu du arrantzarako gasolioaren gaineko laguntza osagarri bat ematea aztertzen ari direla, Espainiako Gobernuak erregaiei jarritako deskontuari gehitzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA