Abere azokak debekatu dituzte Hego Euskal Herrian, dermatosi nodular kutsakorra dela eta

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak azaroaren 30era arte debekatu dituzte. Gaitzak ez du Euskal Herriko behirik gaixotu, baina neurriak hartu dituzte prebentzio gisa.

Behi bat abeltzaintza azoka batean, Miarritzen. PATXI BELTZAIZ
Behi bat abeltzaintza azoka batean, Miarritzen. PATXI BELTZAIZ
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko urriaren 23a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da dermatosi nodularrez kutsatutako abererik antzeman Euskal Herrian, baina prebentzio neurriak hartu dira. Gaitz hori intsektuek transmititutako gaixotasun biriko bat da, eta behiei eragiten die. Kutsatzerik izan ez dadin, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak  abere azokak debekatu dituzte azaroaren 30era arte —sanandres eguna da eta azoka ugari egoten dira egun horretan—. Debekua animali mota guztietako azokentzat da, katuak eta txakurrak izan ezik. Bertan behera geldituko diren lehen feriak Elizondo eta Tafallakoak dira (Nafarroa), eta urriko azken asteleheneko Gernikakoan (Bizkaia) ere ez da abererik izango. 

Handia da gaitzak duen eragina, eta, aziendako behi bakarra gaixotzen bada ere, ukuiluko guztiak hil beharra dago, hori agintzen baitu Europako araudiak. Frantzian egin du kalterik handiena: 85 kasutik gora antzeman dituzte, eta debekatu egin dute behiak herrialdetik ateratzea, azaroaren 4ra arte. Ekialdeko Pirinioetan barrena hedatu da gaitza, eta Kataluniara ere iritsi da. Hogei positibo inguru hauteman dituzte Gironan, eta 2.000 behi baino gehiago hil behar izan dituzte.

Frantziako Gobernuak adierazi du isun handiak jarriko dizkietela behiak herrialdetik ateratzen dituzten abeltzainei, eta behiak txertatzen ez dituztenei ere bai. Txertatze kanpainak abiatu dituzte gaixotasunak jotako eremuetan behi guztiei dermatosi nodularraren aurka txertoa jartzeko, bai Frantzian, bai Katalunian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.