Urratsez urrats, Nafarroako ekonomia ere moteltzen ari da. Urteko lehen bi hiruhilekoetan %0,3 hazi zen, baina hirugarrenean hamarren bat gutxiago handitu da, %0,2. Gelditu, ordea, datorren urtearen hasieran geratuko dela iragarri du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.
Gobernuaren azken aurreikuspenak betetzen badira, 2024ko lehen erdian hazkunde «ia-ia laua» izango du Nafarroako barne produktu gordinak, eta «progresiboki» hasiko da berriro handitzen, urteak aurrera egin ahala.
2024. urterako, %1,3ko hazkundea espero du orain Nafarroako Gobernuak. Aurtengoaren azpitik izango da, Arastik aurreratu baitu %1,7ra helduko dela. Iazko koadro makroekonomikoan aurreikusi baino gehiago da —%1,4 zen aurreikuspena—, eta bat egiten du hirugarren hiruhilekoan gertatutakoarekin.
Nastaten arabera, industriak eta merkatuko zerbitzuek «dinamismo txikiagoa» izan dute uztailetik irailera, eta horrek ekonomia osoaren moteltzea dakar. Kontu ekonomikoen datu zehatzagoak abenduaren 22an argitaratuko ditu estatistika erakundeak, eta orduan ikusiko da industriak zenbat egin duen atzera. Bigarren hiruhilekoan %4,2 uzkurtu zen, sektore hori ari baita gehien nozitzen inflazio handiak euroguneko ekonomiari eragindako motelaldia.
Esportazioak, %3,5 behera
Horrekin lotuta dago esportazioen beheraldia ere. Abuztu arte %3,5 gutxitu da esportazioen balioa, autoen esportazioa asko apaldu baita (-%22,1).
Beste sektoreei dagokienez, Arastik onartu du turismoak bultzada bat eman diola udan zerbitzuen atalari, baina gaineratu du salmentak 2022koen azpitik daudela oro har.
Eskariaren aldetik, Nastatek azaldu du kontsumoak hazkunde erritmoari eusten diola, baina Arastik ohartarazi du apal egongodela hurrengo hiruhilekoetan, inflazioaren eta interes tasa handien ondorioz.
Nastaten datuek bat egiten dute Eustatek aurreko astean Araba, Bizkai eta Gipuzkoari buruz esandakoekin. Izan ere, hiru lurralde horietan ere %0,2 hazi zen BPGa hiruhileko arteko tasan. Urte arteko tasa, berriz, hamarren bat txikiagoa da (%1,6).
Hazkundea pixka bat handiagoa da Espainian: %0,3 hiruhileko arteko tasan, eta %1,8, berriz, urte artekoan.
Nafarroako Gobernuak espero du hazkundea gelditzea 2024. urtea hastean
Ekonomia moteltzen ari den arren, Arastik ziurtatu du aurten BPGa %1,7 handituko dela, aurrez kalkulatu baino hiru hamarren gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu