Autogintza

Nafarroako Volkswagenek 85,5 milioi irabazi ditu 2023an, %2 gutxiago

Inbertsioa 75,2 milioi euro izan zen, eta diru sarrerak, guztira, 3.940,6 milioi izan dira.

T-Cross auoaren fabrikazioa Landabengo fabrikan. VILLAR LOPEZ / EFE
T-Cross autoaren fabrikazioa Landabengo fabrikan. VILLAR LOPEZ / EFE
pettan uralde
2024ko martxoaren 21a
13:00
Entzun

Nafarroako Volkswagenek 85,5 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen 2023an, aurreko ekitaldian baino %2,2 gutxiago. Neurri handi batean ibilgailuen urteko produkzioa %5,1 jaitsi zelako gertatu da hori. Guztira 273.273 auto egin ditu, ia 15.000 gutxiago. Beherakada hori gorabehera, 2023koa Landabengo fabrikaren historiako emaitzarik onenetan bigarrena da, 2022an lortutako 87,4 milioien atzetik.

Guztizko diru sarrerak 3.940,6 milioi eurorenak izan ziren, %95 autoen salmentatik eta gainerako %5 karrozerien salmentatik eratorriak. Inbertsioak 75,2 milioi eurorenak izan ziren 2023an. Kopuru horretatik %70 —52,1 milioi— erabili dira lantegia egokitzeko, laster produzitzen hasiko diren bi modelo elektrikoetarako, 10 milioi kostatu den prentsa berria barne; fabrikan egindako gainerako inbertsioek 21 milioi euroko kostua izan dute, eta 2,1 milioi iazko abenduan aurkeztu zen T Cross berriaren birdiseinatzeko eta abiarazteko.

2023ko ekoizpenaren jaitsiera txikiaren atzean hainbat arrazoi dauden arren, hauek dira nagusiak: auto elektrikoak produzitzen hasteko, lantegia egokitzeko obrak egin izana; eta erdieroaleak lortzeko, zailtasunak eduki izana udazkenean.

Produzitutako modeloei dagokionez, T-Cross izan da nagusia: 2023an egindako 273.273 autoetatik, 118.956 modelo horretakoak izan dira. Bestalde, 82.256 Taigo egin dituzte, eta 66.755 Polo —modelo hori produzitzeari utziko diote, 40 urteren ondoren—. Gainera, T-Cross PA berria merkaturatu zenetik, ibilgailu horren 5.306 unitate sortu ziren.

Laugarren fabrika produkzio bolumenean

Landabengo planta Volkswagen markako hamazazpi lantegietako laugarrena izan da 2023an, ekoizpen bolumenari dagokionez, Wolfsburg (Alemania), Puebla (Mexiko) eta Bratislavaren (Eslovakia) atzetik. Zehazki, Volkswagek mundu osoan muntatutako autoen %10 ekoitzi zuen iaz. Taldeko beste marka eta lantegi guztiak —51, Txinakoak barne— kontuan hartuta, hamaikagarren postua izango luke, bolumen osoaren %3.

Michael Hobusch Nafarroako Volkswageneko presidenteak eskerrak eman dizkie langile guztiei, eta «kostu eta produktibitate murrizketarekin izandako ardura eta konpromisoa», nabarmendu du. Gainera, adierazi du «mugikortasun elektrikorako eraldaketa gauzatzeko etorkizuneko plan sendo bat» dagoela, eta «alde sozialarekiko elkarrizketa iraunkorra» balioetsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.