Autogintza

Landabenek badu bere lehen auto elektrikoa: Skoda Epiq SUV txikia

Markaren gama elektrikoaren modelorik merkeena izango da, eta 25.000 euro inguruko prezioan merkaturatuko da, datorren urtean.

Skodak Euskal Herrian fabrikatuko duen lehen autoa, Epiq modeloa. SKODA
Skodak Euskal Herrian fabrikatuko duen lehen autoa, Epiq modeloa. SKODA
pettan uralde
2024ko martxoaren 15a
14:00
Entzun

Skoda auto fabrikatzaileak iragarri du Iruñean lehen ibilgailua egingo duela. SUV elektrikoa izango da, eta Skoda Epiq izango da modeloaren izena. Skodak iragarri duenez, 4,1 metro luze izango da autoa, eta bertsiorik merkeenak 25.000 euro inguru balioko ditu. 2025ean aterako da merkatura. Volkswagen taldeko (VW, Seat-Cupra, Skoda, Audi...) gama elektrikoko auto merkeena bilakatuko da, nahiz eta 2027rako 20.000 euro inguruko auto bat ekoiztea aurreikusten duen taldeak.

Autoa erabat desberdina da Volkswagen taldeak 25.000 euro inguruan aurkeztu dituen gainontzeko modeloetatik: Volkswagen ID.2 eta Cupra Raval. Prezio horretako lehen SUV estiloko ibilgailu elektrikoa egingo du txekiar jatorriko konpainiak. Aurretik bi ibilgailu elektriko ekoitzi ditu, Bartzelonan eginak. Hau, ordea, Iruñean ekoitziko da.

Ezaugarri nagusien artean, laurehun kilometroko autonomia nabarmentzen da. Modelo honetarako bateriak Sagunten (Valentzia, Herrialde Katalanak) Volkswagen eraikitzen ari den gigafaktoriatik aterako dira, nahiz eta lehen autoen bateriak beste toki batetik etor daitezkeela onartu duen Klaus Zellmer Skodako delegatuak, hala nola Alemanian 2025ean jardunean sartuko den beste faktoria batetik.

SKoda Epiq modeloaz gain, VWek azaldu du euren asmoa dela Iruñean 2027tik aurrera bi modelo elektriko (Skoda eta VW markakoak) eta errekuntza motorren beste bi modelo egitea. Gainera, aurreratu du auto elektriko bat egiteko «30 edo 45 minutu gehiago» beharko direla, eta, ondorioz, litekeena da lanpostu gehiago behar izatea, baldin eta produkzioari eusten bazaio.

(ID_10990602) VW
Volkswagenen instalakuntzak. IÑIGO URIZ / FOKU

20.000 eurotik behera «ezinezkoa»

Volkswagen taldea 20.000 eurotik beherako prezioa izango duen auto batean ari dira lanean, baina gaur-gaurkoz horrelako auto bat eskaintzea «ezinezkoa» dela berretsi du Zellmerrek. «Materialen egungo kostuekin eta egoeraren konplexutasunarekin, oraindik ez da posible, baina horretan ari gara lanean», azaldu du.

Bateriak, Sagunten egin arren, Imarkoainen (Nafarroa) muntatuko dituzte. Volkswagenen lantegia Iruñeko Landaben industrialdean egon arren, aurreko astean Nafarroako Gobernuak baieztatu zuen auto elektrikoetarako bateriak muntatzeko lantegia Imarkoainen izango dela. Proiektu handia da, 214 milioi euroko kostua izango baitu fabrika eraikitzeak, eta 350 lanpostu sortuko baititu.

T-Cross eta Taigoarekin batera ekoitziko dute

Une honetan, Nafarroako lantegiak Volkswagenen hiru modelo ekoizten ditu: Poloa, T-Cross eta Taigo. Aldi berean, planta prestatzen ari da 2026tik aurrera bi SUV elektriko berri fabrikatzen hasteko, urte horretan hasiko baita konbustio autoen eta auto elektrikoen ekoizpena aldi berean egiten. Baina aurten Polo modeloko autoak egiteari utziko dio. Enpresa alemaniarrak berretsi ez duen arren, Hego Afrikara pasatu dute autoaren ekoizpena.

 Hain zuzen, fabrika barruan auto elektrikoak ekoizteko obren hasierak eragotzi dute hiru modeloak ekoiztea, eta Volkswagenek erabaki du Taigo eta TCross autoak egiten jarraituko duela. Izan ere, Volkswagen Nafarroak bere gain hartu du T Cross modeloaren ekoizpen osoa Europan. 4x4 auto arinaren alorrean, gehien saltzen diren modeloetako bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.