Hasi dira argitzen Nafarroako Volkswagenen datorren urteko aldi baterako espedientearen xehetasunak. Atzo egin zuten negoziazio mahaiaren hirugarren bilera, eta zuzendaritzak han aurkeztu zion langile batzordeari lehen zirriborroa. 209 laneguneko egutegia ere berretsi zuen zuzendaritzak.
Txostenak sei orri ditu, eta Volkswagenek han azaldu ditu espedientea ezartzeko arrazoiak: Landabengo fabrikan egiten ari diren egokitzapenak, hornitzaileek astean hamabost txandako ekoizpenak hornitzeko duten ezintasuna eta autoak fabrikatzeko piezen falta. Ondo bidean, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko uztailaren 3ra izango da indarrean espedientea.
Izan ere, Landaben auto elektrikoaren ekoizpenera egokitzeko lanetan murgilduta dago, eta ezohiko egoera horrek 2026 erdialderaino iraungo du. Uda pasatuta, abuztuaren 24tik aurrera, hiru txandak izango dira berriz, eta normal jardungo du lantegiak.
Ohiko erritmo handiari ekin beharko diote orduan langileek. Bitarte horretan, bere bi modelo elektrikoak aurkeztuko ditu Volkswagenek. Ekainean, Skoda Epiq ateratzea espero da, eta irailean, Volkswagen ID.Cross.Â
Espedientearen baldintzei dagokienez, langileek aurten izan dituztenak luzatzea proposatu du zuzendaritzak, berrikuntza batekin: gauez lan egiten dutenei %50 gehigarri bat ordainduko diete, espedientean jasotako egun gehienak gaueko txandan jarri beharko baititu konpainiak.
Langile batzordean, aldi baterako espedientea adostea babestu dute UGTk eta CCOOk, baina LABek eta CGTk ez, eta horren ordez lana lantaldearen artean banatzea proposatu dute. ELAk, berriz, espedientearen eragina mugatzeko proposamen bat aurkeztu zuen atzo.
Uztailera bitarte
Egutegiaren berri lehen bileran eman zien zuzendaritzak langileei. Urtarriletik martxora, astelehenetik ostegunera ohi bezala lan egingo da, baina ostiralean bi txandak baino ez dute lan egingo, eta ostiral horietako batean, gainera, txanda bakarrak egingo du lan.
Apiriletik aurrera, egokitzapen lanak areagotuko direnez, produkzioari gehiago eragingo diote. Xafla lantegietako bat desmuntatu behar da auto elektrikora egokitzeko, eta hiru hilabetez muntaketa lerro bakar batekin lan egingo dute Landabenen. Horrek lan erritmoari eragingo dio. Apiriletik ekainera, astelehen, asteazken eta ostiraletan bi txandak egingo dute lan; astearte eta ostegunetan, berriz, txanda bakar batek. Alta, txapa lantegiko langileen lan zama handitu egingo da, eta ez da baztertzen asteburuetan lan egitea. Udan, lau asteko oporraldia izango dute.