Iazkoa oso urte berezia izan zen Landabenen. Fabrika auto elektrikoen produkziora egokitzeko lanetan murgilduta egon da Nafarroako Volkswagen, eta, horren ondorioz, 225.225 automobil ekoitzi zituen iaz, aurreko urtean baino 49.463 gutxiago (-%18).
Ekoizpena nabarmen murriztu bazuen ere, Volkswagen markako lantokien artean bosgarrena da Nafarroakoa. Haren aurretik, Wolfsburgeko egoitza nagusia (Alemania), Bratislava (Eslovakia), Puebla (Mexiko) eta Palmela (Portugal) daude. Orotara, iaz munduan saldutako Volkswagen markako autoen %7,5 ekoitzi ziren Iruñean.
Volkswagen talde osoak mundu osoan dituen 49 lantokietara hedatuz gero, Landabenek hamalaugarren postua du, eta guztira saldutako autoen %2,5 egin ziren bertan.
Denera 133.838 TCross atera ziren Landabendik, eta 91.186 Taigo. Gainera, fabrika barruan jada ari dira auto elektrikoen modeloak lantzen, eta zehazki 201 ibilgailu landu dituzte bertan. Volkswagenen asmoa da Skoda Epiq ekainean aurkeztea eta merkaturatzea. VW ID Cross, berriz, udazkenean hasiko dira ekoizten.
Iragan urtean egindako automobilak mundu osoko 38 herrialdetan saldu ziren. Alemania da merkatu nagusia, Landabenen ekoitzitako autoen %19 saldu baitziren han: autoen %15 Turkian saldu ziren, Italian %11,5, Hego Euskal Herrian eta Espainian %11,3, eta Ipar Euskal Herrian eta Frantzian %8,1.