Nafarroan kobre meategiak ireki nahi ditu enpresa batek

Sustrai Erakuntza fundazioak azaldu duenez, Iberian Copper enpresak baimena eskatu dio Nafarroako Gobernuari lau eremutan kobrea ustiatzeko moduan ba ote dagoen aztertzeko.

Kobre kable bat moztuta, Ikaztegietan. Kobre kableen lapurreta asko areagotu da azkenaldian. MADDI SOROA / FOKU
Kobre kable bat moztuta, Ikaztegietan. Kobre kableen lapurreta asko areagotu da azkenaldian. MADDI SOROA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko ekainaren 24a
13:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Mende baten ondoren, baliteke kobrearen meatzaritza Nafarroara itzultzea. Sustrai Erakuntzak zabaldu du Espainiako enpresa batek, Iberian Copperrek, lau eremutan kobrea bilatzeko baimena eskatu berri diola Nafarroako Gobernuari. Zehazki, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan egin nahi dituzte prospekzioak.

Kobrea asko erabiltzen da gaur egungo energia sarean, telekomunikazioetan eta elektronikoetan, eta are garrantzitsuagoa izango da hurrengo urteetan, energiaren elektrifikazioan funtsezko materiala baita. 

Proiektuaren aurka azaldu da Sustrai Erakuntza. Gogorarazi duenez, mineral horren zerrenda batek mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du Nafarroa, Sorlada eta Kaseda artean, baina, Antonio Aretxabala geologoaren azterketak aipatuz, fundazioak ziurtatu du minerala ateratzeko aukerak «urriak» direla.

Kobrea aspaldi ustiatu izan da Nafarroan —iberiarren eta erromatarren meategien aztarnak badaude—, eta garai modernoagoetara ere iritsi zen. Azken meategia, Sorladako Mina Emilia, Estellerriko hego-mendebaldekoa, 1890etik 1910era ustiatu zuten, baina mineral gutxi zegoelako itxi zuten. Taldeak ondorioztatu duenez, horrek erakusten du Nafarroako eremu geologiko honek ustiatzeko aukera gutxi dituela.

Susmo txarrak enpresaren inguruan

Prospekzioak egin nahi dituen enpresaren gaineko susmoak ere baditu Sustrai Erakuntzak. Izan ere, 2024. urtean sortu zen, Salamancan (Gaztela eta Leon, Espainia), baina 3.000 euroren «kapital urriarekin». Geolcalirekin parekatu du, Zangozako eta Aragoiko lurretan potasio meategi bat bultzatzen ari den enpresarekin. «Geoalcaliren modus operandi-a errepikatzen dela ikusten dugu: meatze esperientziarik gabeko enpresa bat sortzea, esploraziorako eta ikerketarako meatze eskubideak bereganatuko dituena».

Muga meategiaren proiektua gerarazi dute auzitegiek, eta Sustrai Erakuntza kobre meategiekin «gauza bera gertatuko den beldur» da. Salatu duenez, «baliabide naturalen ustiapenari buruzko espekulazio gogo hutsa du» Iberian Copperrek, «eta baliteke gure lurra, natura eta nekazaritza ondarea suntsitzeko mehatxua egitea».

Sustrai Erakuntzak oroitarazi du kobrea energia trantsizioaren erdigunean dagoela —«ustezko trantsizioa», bere hitzen arabera—, elektrifikazioa handiagoa izateak mineral horren beharra handituko duelako. Garrantzi horrek «dei efektua» eragiten du, eta enpresa asko «hurrengo burbuilak emango dituen aukeren zain» daude.

Europako Batasunari egotzi dio kobrearekin espekulatu dutenak elikatzea, kobrean eta beste mineraletan inportazioekiko duen menpekotasuna txikitu nahi duelako.

ba al dago nahiko kobre?

Sustrai Erakuntzak auzitan jarri du nahiko kobre ba ote dagoen munduan elektrifikazioaren eskaerak bete ahal izateko, eta Alicia Valero Zientzia Kimikoetako doktorearen azterketa bat aipatu du susmo hori plazaratzeko. Ez da bakarra. Berriki, Nazio Batuen Erakundeak berak ohartarazi du kobrearen eskaria %40 handituko dela 2040 bitarte, eta gaur egungo ekoizpen gaitasuna gainezka egiteko arriskuan dela. «2030erako espero den eskaria bete ahal izateko, 250.000 milioi dolar inbertitu beharko lirateke, eta gutxienez beste 80 meategi zabaldu», azaldu dute Nazio Batuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.