Josefina Roco, 'Txefi'. LAB sindikatuko Idazkaritza Antirrazistako kidea

«Naturaltasun osoz onartu dugu migratzaileak prekarioak izatea»

Rocok azaldu duenez, langile migratu eta arrazializatuek pairatzen duten esplotazioa informazio gabezian jaiotzen da, eta enplegatzaileak haien zaurgarritasunaz baliatzen dira.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Urtebete igaro da LAB sindikatuak X. Biltzar Nagusian Idazkaritza Antirrazista sortzea berretsi zuenetik. Bide hori «ikasketa prozesu handi» gisa deskribatu du Josefina Roco Txefi-k (Salta, Argentina, 1979). Politika Zientziakikasitakoa da, eta aurretik etxeko langileen eremuan pilaturiko eskarmentua baliatu du beste sektore batzuetako langileei aholku emateko.

Nolakoa izan da lehen urte hau?

Idazkaritzaren sorrera prozesu kolektibo baten fruitua izan zen. Langile migratu eta arrazializatugehien biltzen dituzten sektoreen azterketa batekin hasi zen, eta ikusi genuen Euskal Herriko hainbat txokotan langileen sindikalizazio eta elkartze prozesuak gauzatzen ari zirela, zeinetan langile migratuak rol erabakigarria jokatzen ari ziren. Pribatizazio prozesuek eta antzekoek lan baldintzen prekarizazioa eragiten ari ziren, eta langile migratu eta arrazializatuek gordinago pairatzen zuten. Sindikatu gisa zor kolonial bat genuen, eta idazkaritza erreminta baliagarri izateko asmoz jaio zen, baina, era berean, kide horiek sindikatuari eginiko aitortza gisa.

Idazkaritza antirrazista beharrezkoa bada, lan harremanetan arrazakeria dagoen seinale.

Arrazakeria kaleetan dago, erakundeetan eta, noski, baita lantokietan ere. Esplotazio eta diskriminazio mekanismo gisa funtzionatzen du, non patronalak eta kapitalak langile horien baldintzak baliatzen dituzten. Eta, gero, ageriko modu batean, oinarrizko lan eskubideak urratzen. Modu oso naturalean gertatzen da. Naturaltasun osoz onartu dugu langile migratuen baldintzak txarragoak izatea, alegia, prekarioak izatea. Ikuspegi hori ez dago bakarrik patronalean txertatuta, baita ohiko lan harremanetan ere.

Ba al duzu adibiderik jartzerik?

Kasuistika orokor bat nabarmentzea zaila da, egoerak, bizitzak eta bizipenak askotarikoak direlako. Erronka handietako bat informazio gabezia handia konpontzea da. Euskal Herrira iristean, migratzaileek eta pertsona arrazializatuek normalean ez dakite zeintzuk dituzten oinarrizko eskubideak. Maiz, uste dute enplegatzen badituzte mesede bat egiten ari zaizkiela. Informazio gabezia hori begietan jarri dieten zapi bat da, eta horri beldurra gehitu behar zaio, eta esplotatzen zaituenarekin zorretan egotearen sentsazioa. Egoera hori etxeko langileengan ikusi dugu, nekazaritza lanetan, arrantzan... Horrek oztopatu egiten du haiek euren burua eskubidedun langile gisa aldarrikatzea. Horrela zaila da kontratuan dioena eskatzea: orduak, baldintzak, soldata, atsedenak... Erakundeek eta gizarte osoak konpromisoa dugu informazio zehatza emateko, uste faltsu asko daudelako. Gero, baliabide material eta administratiboek ere asko baldintzatzen dute negoziazio ahalmena. Erroldarik edo etxerik ez baduzu, negoziatzeko ahalmena asko murrizten zaizu.

Zeintzuk dira eskubide urraketa ohikoenak?

Esan bezala, sektore askotan daude langile migratzaileak edo arrazializatuak. Haien presentzia bereziki nabarmena da etxeko langileen artean, egoiliar ia guztiak atzerritarrak dira, baita ere arrantzan, nekazaritza zein baso lanetan, eraikuntzan eta ostalaritzan ere. Eremu horiek guztiak lanaldi oso luzeak dituztelako nabarmentzen dira. 40 lanorduko lanaldia ez da inoiz errespetatzen, eta agerikoa da soldatekiko proportziorik eza. Joan zaitez gure hiriburuetako alde zaharretako sukaldeetara galdetzera... Xantaia ere ohikoa da: atsedenik ez, opor ordaindurik ez... lau urte oporrik gabe egon diren langileak aurkitu ditugu, etenik gabe lanean aritutakoak. Lan egiteko bizi ziren pertsonak ziren.

Era berean, Atzerritarren Legearen eragina nabarmendu behar da, hiru urtez ezkutuko ekonomiara bultzatzen dituelako; baina, askotan, paperak lortzen dituen jendea ere esplotatua dago. Lan ikuskaritzaren rola ere salatuko nuke; ezer gutxi egiten du langile horien baldintzak hobetzeko.

Langile migratuak sindikatura biltzea erraza al da?

Nekeza da konpromiso politikoa eta sindikatuekiko atxikimendua zabaltzea lan arlo guztietan, baita baldintza hobeak dituzten bertako langileen artean ere. Indibidualismoa da gizartean dugun arazo bat. LABek dioenean mundu guztiarentzat etxe bat izan nahi duela, lortu behar du langile guztiak eroso egon daitezela hor barruan, eta prozesu kolektiboak sortzeko. Langile migratu askok beldurra dute, bakarrik sentitzen dira, eta horri aurre egiteko espazioak behar dira.

Ikusi behar dute pairatzen dituzten esperientzia txarrak ez direla zorte txar kontua, patroi batzuk daudela eta ez zaiela eurei bakarrik gertatu. Esplotazioak izenak ditu, eta sektore jakin batzuetan dago. Langileak sindikatura etortzea lortu nahi bada, gauzak aldatzeko jarrera politikoa behar da, eta sindikatu gisa geure burua egokitu, ekintza sindikala birpentsatuz. Alde horretatik, etxeko langileekin eginiko lanaren garrantzia nabarmenduko nuke; baita bizikletako banatzaileekin egindakoa ere, edota Huerta de Peraltan egindakoa.

Sektore batzuetan jatorriko kontratuak eskaintzen ari zaizkie migratzaileei. Bidea al da?

Ostalaritzaz ari zara? Hor, jatorriko kontratuak bertako lan baldintzak okertzeko erabiltzen dira. Kontratu okerragoak dira, eta eskubide gutxiago aitortzen dituzte. Gainera, helburua ez da langilea erregularizatzea, askotan behin-behineko kontratuak direlako, eta, haiek amaitzean, jatorrira itzultzen dituzte langileak.

Hala ere, enpresari elkarteek esan dute langile atzerritarren beharra areagotu egingo dela.

Aurreko erantzunera noa. Kide askok esaten digute: «Gure lana legeak behartzen duen bezala ordainduko baligute, aparteko orduekin-eta, lanpostu hau desagertu egingo litzateke». Lanpostu horiek azken katebegia dira, eta, dauden moduan planteatuta, errentagarritasun handia bermatzen dute. Gero, Kontuan hartu behar da erreserba armada handia dagoela, oso esplotagarria dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.