Finantza merkatuak ez dira zor publikoarekin arduratuta dauden bakarrak. NDF Nazioarteko Diru Funtsak aitortu du egungo zorrarekin larrituta dagoela, baita hainbat herrialdetan luze gabe izan dezakeen bilakaerarengatik ere. Munduko aurreikuspen ekonomikoei buruzko bere azken txostenean nabarmendu duenez, estatuek gero eta premia handiagoa dute dirua biltzeko, baina, inbertitzaileak oso mesfidati direnez, estatuek gero eta errentagarritasun handiagoak eskaini behar dituzte haiek erakartzeko, eta horrek, aldi berean, zor publikoa handitu baino ez du egiten.
1
Bonuak, garesti
Herrialdeek etengabe jotzen dute merkatuetara haien gastuak eta inbertsioak finantzatzeko. AEBak, Erresuma Batua eta Japonia, esaterako, oso aktiboak izan dira aurten, epe laburreko zorra hobesten ari direlako eta horrek interes txikiagoak ordaintzen dituelako. Baina merkatuen finantzaketa eskatzea joera orokorra da, orokorra baita kontu publikoak orekatzeko ezina. WEO Munduko Ekonomia Aurreikuspenen txostenaren arabera, aurten ekonomia aurreratuak deitzen dien horiek %5,2ko defizita izango dute, handiena pandemiaz geroztik.
Frantzia da gaur egun ezintasun horren adibiderik garbiena: defizit publikoa %5etik behera jaitsi ezinean dabil, eta horregatik %5etik gorako errentagarritasuna eskaini behar die orain bere hamar urteko bonuak erosten dituztenei —Eusko Jaurlaritzak, esaterako, %3,45eko interesa ordaindu zuen 500 milioi euroren truke—. Finantzaketa merkeagoa dute orain garai batean PIGS deitutakoek —Portugal, Italia, Grezia, Espainia—, defizit apalagoak dituztelako.
NDFk ziurtatu du egoera arriskutsua dela, baliteke-eta «igoera zakarrak» gertatzea bonuen errentagarritasunean eta horrek zorraren gurpil zoro bat elikatzea. Hala, NDFk ontzat jo du azken urteetan Europako Batasunak egindakoa, hau da, zorra batera jaulkitzea. «Programa horiek zorraren jasangarritasunari buruzko kezka arintzen lagundu dute», dio NDFk, inbertitzaileek ulertzen dutelako erantzun bateratua emango zaiela finantzaketa arazoei eta, hortaz, domino efektua eragozten delako.
2
Inflazioa, goraka
Estatuek, izan ere, gero eta diru gehiago behar dute, eta hor sartzen da inflazioaren faktorea. NDFk bere txostenean —124 orrialde eta hainbat atal ditu— iragarri duenez, handitu egingo da. Inflazioak, izan ere, estatuen diru premia areagotzen du, pentsioen eta langile publikoen soldatak eguneratzeko orduan, esaterako. Bonu jaulkipen batzuek ere inflazioaren araberako klausulak dituzte.
Inflazio handiak, dena den, badu beste alde positiboago bat: estatu baten zorra haren azpitik hazten bada, eta hazkunde ekonomikoa izan badu, zor horren pisua murriztu egiten da BPGarekiko; hau da, praktikan jaitsi egiten da. Hori gertatu zaio Espainiari azken urteetan, oraindik %3koa izan arren. Eta bestetik, estatuek diru gehiago biltzen dute kontsumoaren araberako zergekin, esaterako, BEZarekin.
Nazioarteko Diru Funtsak iragarri du aurten euroguneko inflazioa %3,1ekoa izango dela, eta mundukoa, %4,7koa. Ehuneko handiak dira, eta energiaren krisiaren eragina agerikoa da. Espainian inflazioa %3,7koa izango dela iragarri du, eta haren arabera eguneratzen dira soldata asko Hego Euskal Herrian; Frantzian, berriz, %2,4ra iristekoa da, eta hori da Ipar Euskal Herriko soldatetarako erabiltzen den neurgailua. 2027rako iragarpena ere egin du: %2,7. Ondoriozta daiteke NDFren ustez energia krisia leunduko dela.
3
Hazkundea, baita Europan ere
Dena, baina, ez da ziurgabetasuna txostenean, hazkunde ekonomikoaren datuak hobetu egin baitira. Munduko ekonomia %3,1 haziko da aurten, aurretik iragarritakoa baino hamarren bat gehiago, eta iaz baino 0,4 gutxiago. Ormuzko krisia eta energiaren kostuen gorakada galga direla diote txostenean, baina teknologia berrietan —adimen artifizialean (AA) bereziki— eginiko inbertsioek merkatuak suspertu dituzte.
Hazkundea oso ezberdina izango da herrialdearen arabera. Txina, esaterako, %4,5 haziko da aurten, eta AEBak %2,3. Europako Batasunari dagokionez, iaz eginiko iragarpenak hobetu ditu, besteak beste euskal ekonomiarentzat oso garrantzitsuak diren herrialdeetan. Alemania, esaterako, %1,3 haziko da, aurretik iragarri baino 0,6 puntu gehiago. Espainia %2,5 haziko da, eta Italia %0,8, iragarritakoa baino lau eta hiru hamarren gehiago, hurrenez hurren. Frantzia da orbana, haren inguruko iragarpenak okertu egin baitira: %0,4, esandakoa baino bi hamarren gutxiago.
4
AAren burbuila
Silvana Tenreyro NDFko ikerketa batzordeko buruak aletu ditu txostenaren gako nagusiak Bangkoken eginiko agerraldian. Gidoia antzekoa izan ohi da aldiro, baina gaurko agerraldian beste arretagune bat gehitu du: adimen artifiziala. Esan bezala, arlo horretan eginiko inbertsioek —«bigarren boom teknologikoa» deitu dio— eragin positiboa izan dute eskarian, prezioetan, inbertsioan eta merkataritzan.
AAk, baina, badu bere arriskua; izan ere, orain arte teknologia horiek bultzatu dituzten enpresek emaitza onak eman dituzten arren, baliteke joera hori aldatzea. NDFk AAren burbuila izendatu du, eta hiru arrisku aipatu ditu: «Gehiegizko zorpetzea [bankuekin, funtsekin...] hura garatzeko, inbertsioak ez dibertsifikatzea, eta finantzaketa zirkularra». Eta zer da hori? Enpresa teknologiko batek beste batean inbertitzea eta trukean beste enpresa behartzea bere produktuak erostera diru horrekin.
Halaber, zibererasoen arriskuaz ere ohartarazi du Tenreyrok, eta AAren ahalak arrisku horiek handitu ditzakeela azaldu du: «Arrisku horiek, beren kasa, ez dute zertan mehatxu izan egonkortasun ekonomikorako, baina sistemiko bilaka daitezke, eta zaurgarritasun ekonomikoa areagotu».