Nazioarteko tentsioak direla eta, Hegoaldeko BPGa %2 haztea espero du Laboral Kutxak

Jokaleku nagusian, muga zergek jarduerari %0,1eko hozkada jotzea aurreikusten du, eta, hipotesirik ezkorrenaren arabera, %0,9koa. Datorren urtean ekonomiak moteltzen jarraituko duela uste du.

Javier Kortajarena, Ibon Urgoitik eta Joseba Madariaga, gaur, Iruñeko Tres Reyes hotelean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Javier Kortajarena, Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, gaur, Iruñeko Tres Reyes hotelean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2025eko uztailaren 1a
19:32
Entzun 00:00:0000:00:00

Eta hala eta guztiz ere, gaitz erdi. Azken bost urteetan ustekaberik ez zaie falta izan enpresei: pandemia eta mundu mailako hornidura kateetako tentsioak lehenik, Ukrainako gerra eta hari lotutako krisi energetikoa gerora; eta horren guztiaren sugarrak pizturik direla, Donald Trump heldu da eta harekin merkataritza gatazkak piztu dira, eta gerra hotsak areagotu Ekialde Hurbilean. Denboran atzera egin eta jokaleku hori irudikatuz gero, panorama beltza marraztuko zuen edonork; baina alderantziz, Hego Euskal Herriko ekonomia sendo hazi da. Eta aurrerantzean ere hazten jarraituko duela uste du Laboral Kutxak, nahiz eta apurka jarduera moteltzen ari den: aurten %2 haztea espero du, eta datorren urtean %1,7-1,8.  

Beti izan da zaila aurreikuspen ekonomikoak egitea, baina gaur egungo egoeran are zailagoa dela nabarmendu du Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko arduradunak. «Munduko ekonomiaren egoera gero eta konplexuagoa eta zalantzagarriagoa da, dezelerazio ziklikoaren, merkataritza tentsio berrituen eta ezkutuko arrisku geopolitikoen ondorioz». 

Jon Urgoiti Negozio Garapeneko zuzendariarekin batera Bilbon eta Iruñean eskainitako prentsaurrekoetan, Madariagak nabarmendu du gaur egungo tentsio giroan edozein ustekabek jokaleku makroekonomikoa hankaz gora uzteko ahalmena duela. Kasurako, Israelek eta AEBek Iranekin hasi duten gatazkak Ormuzko itsasartean eragin dezake, eta «handik petrolio eta gas merkataritzaren %20 igarotzen denez, berehala nabaritu daiteke prezioetan». 

173

 

Jokaleku nagusia. Laboral Kutxaren arabera, muga zergak %10 izanez gero eta enpresek bezero estatubatuarrei igoeraren %85 pasatuta, 173 milioi euroko eragina izango luke. 

Ziurgabetasuna elikatzen duen beste aldagai nagusia Donald Trump bera da. Hainbat herrialderekin negoziazioak hasi baditu ere, Europako Batasunarekin elkarrizketak datorren astean izango ditu, uztailaren 9an. Negoziazioak zer ekarriko zain, hiru jokaleku nagusi marraztu ditu Laboral Kutxak. Hipotesi nagusiak, azkenik, %10eko tarifa aurreikusten du, eta, aldi berean, kalkulatu du enpresek ez lioketela bezero estatubatuarrari pasatuko igoera osoa, %85 baizik. Kasu horretan, %0,1 inguruko hozkada joko lioke muga zergak BPGari. 

Era berean, %20ko eta %50ko tarifekin beste bi hipotesi landu ditu Laboral Kutxak, eta kasu horietan efektua handiagoa litzateke: zehazki, %0,2 eta %0,9 artean murriztu daiteke jarduera ekonomikoa urtebetean. Gainera, diferentziak leudeke Nafarroako eta Hegoaldeko beste bi lurraldeetako enpresen artean, EAEko enpresek gehiago saltzen baitute AEBetan; ondorioz, kaltea handiago litzateke bertan.

«Muga zergak baino okerragoa da hari lotutako ziurgabetasuna, asko eragiten ari baita enpresen erabakietan»

JOSEBA MADARIAGALaboral Kutxako ikerketa bulegoko arduraduna

Dena den, Madariagaren ustez, «muga zergak %10ekoak edo %20koak izatea baino okerragoa da hari lotutako ziurgabetasuna, asko eragiten ari baita enpresen erabakietan». Gainera, ez du uste egoera behin betiko argituko dela datorren asteko bileran. «Benetan uztailaren 9an amaituko al da? Agian, Europarekin bai, baina nire zalantzak ditut, erabakietan gorabehera handiak baititu Trumpen administrazioak egunero. Kontua ez da soilik nola geratzen den Europa, baizik eta nazioarteko eragile guztiak».

Muga zergen aurrean, berehalakoan erantzun bakarra izan dezakete enpresek: negozio marjina estutu eta igoeraren parte bat bere gain hartu (%30era bitartean), eta, aurrerago, galera hori konpentsatzeko merkatu berriak bilatu. Horrek guztiak finantza esfortzua eskatuko du, eta luzarora, berriz, azken hamarkadetan kostuak murrizteko nagusi izan diren hornidura kateek beste bide bat hartuko dutelakoan dago. 

Industria, ahulago

Munduko ekonomiaren egoera «ahul samarra» izanik ere, lehen urtean aurtengo aurreikuspenak hobetu ditu Laboral Kutxak. Zerbitzuak eta barne kontsumoak indartsu jarraitzen dute; industriak, aldiz, nabaritu du nazioarteko tentsioa. 

Egoera zail horretarako abiapuntu sendoa da. Hego Euskal Herrian, enplegua aurten %1,5 inguru haziko dela espero du. Aipagarria da zenbateraino behera egin duen langabezia tasak azken bost urteetan, eta 2026an %7ra hel daitekeelakoan dago. Inflazioa, berriz, %2 inguruan ikusten du Laboral Kutxak, eta kalkulatu du Europako Banku Zentralak irailean berriro interes tasak jaitsiko dituela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.