Nazioarteko presioagatik beste enpresa batzuek albo batera egin zutenean CAF tren ekoizleak Jerusalemgo tren arinaren proiektuan parte hartzea erabaki zuela salatu du Francesca Albanese Palestinari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen kontalari bereziak. Izan ere, proiektu horrek kolonia israeldarrak «finkatzen eta zabaltzen» laguntzen du, Albanesek gaur NBEren Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu duen txosten baten arabera. Israelek «politika ekonomiko kolonialetatik genozidioaren ekonomiara» jauzi egin duela azaltzen du txostenak, eta horretatik etekina ateratzen duten zenbait enpresa multinazional aipatzen ditu.
Besteak beste, teknologiaren, armen, turismoaren eta finantzen sektoreetako enpresa handiak aipatzen ditu txostenak, guztira 48. Baina horiek «icebergaren punta» baino ez direla ohartarazi du Albanesek. IBM, Microsoft, Amazon, Google, Booking, Glencore, BP eta BNP Paribas enpresen artean ageri da CAF.
Txostenaren arabera, Zisjordanian israeldarrek eraikitako koloniak finkatzeko, zabaltzeko eta horiek Israelekin konektatzeko «erabakigarriak» izan dira zenbait garraio azpiegitura. Jerusalemgo tren arinaren linea gorria zabaltzea eta linea berdea eraikitzea aipatu dituzte besteak beste. Proiektu horiek Zisjordanian «27 kilometro trenbide eta 50 geltoki berri» barne hartzen dituzte, eta «koloniak Jerusalem mendebaldearekin lotu». Proiektu horietan parte hartzeagatik aipatzen du txostenak «Construccion y Auxiliar de Ferrocarriles».
Goierriko enpresa (Gipuzkoa) 2019an batu zen proiektu horietara, «nazioarteko presioagatik beste enpresa batzuek albo batera egin zutenean». Ordutik, zenbait protesta egin dituzte tren ekoizleari proiektuak uzteko eskatzeko. Txostenaren berri izan ostean, AI Amnesty Internationalek esku hartzeko exijitu die Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, CAFi galarazteko Jerusalemgo proiektua gauzatzen jarraitzea.
Okupazioaren ekonomiatik genozidioaren ekonomiara txostenaren 39 orrialdeetan, «legez kanpoko okupaziotik, apartheidetik eta orain genozidiotik» etekina ateratzen duten enpresak izendatu ditu, baina ez hori bakarrik: «Ez dut enpresen zerrenda bat argitara atera, sistema oso bat baizik», zehaztu zuen NBEren kontalari bereziak atzo Genevan.

Israelen legez kanpoko okupazioa «militarizatzen eta finkatzen» lagundu dutenez, enpresa horiek palestinarren «garbiketa etnikoa» gauzatzeko baldintza egokiak sortu dituztela azaltzen du txostenak. Israelek, okupazioa finkatzeko erabilitako politika ekonomikoen bidez, Gazan «masa indarkeria eta suntsipena» eragin ditu 2023ko urritik aurrera.
NBEko estatu kideei mintzatu zaie Albanese, eta eskatu die hautsi ditzatela «nazioarteko zuzenbidea larriki urratzen duten» enpresa horiekin dituzten akordio guztiak, eta zigorrak ezar diezazkietela. Gainera, Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskatu dio iker ditzala konpainia horien jardunak. Eta enpresei exijitu die palestinarrei kalte ordainak emateko.
Desplazatzera behartuak
Txostenaren arabera, enpresa multinazionalek Israeli lagundu diote palestinarrak desplazatzera behartzen, horiek utzitako guneak hartzen, eta okupazio sistema hori bultzatzen. Albanesek Israelentzako armak ekoizten dituzten fabrikak aipatu ditu; hala nola AEBetako Lockheed Martin gerra hegazkinen ekoizlea. Caterpillar, Volvo eta Hyundai etxeak ere ageri dira, palestinarren eraikinak eraisteko makineriaz hornitzen baitute Tel Aviv.
Teknologia enpresa handiak ere aipatzen ditu txostenak; hala nola, IBM, Microsoft eta Google. Horiek Israelgo Gobernuari datu baseak eta adimen artifizialarekin lotutako teknologiak eskaini dizkiete. Horrela, datu biometrikoetan oinarritutako zelatatze sistemak sortu ahal izan ditu Israelgo armadak. Gainera, adimen artifiziala erabili izan du erasoen helburuak finkatzeko.
Gazako setioan parte hartu duten enpresen artean, Albanesek Mekorot eta BP aipatu ditu besteak beste. Lehena Israelgo ur konpainia nazionala da; horrek du Gazako ur horniduraren gaineko kontrola, eta, txostenaren arabera, «genozidiorako erreminta» moduan erabili dute ura. Bestalde, BP petrolio enpresa Palestinako uretan zundaketak egiten aritu dela salatu du NBEren kontalariak.
Okupatutako lurretatik etekina ateratzen duten enpresen jarduna ere gaitzetsi du Albanesek. Horien artean dago CAF, baina baita Booking eta Airbnb etxe turistikoen plataformak ere, legez kanpoko kolonietan ostatu eskaintzen dutela eta. Gainera, kolonoek ekoitzitako produktuak saltzen dituzten supermerkatu kateak ere kritikatu ditu, baita Amazon sareko salmenten enpresa ere.
Bankuak eta unibertsitateak
«Genozidioaren ekonomia» hori finantzatzen laguntzen duten erakundeak ere ageri dira txostenean: hala nola BNP Paribas eta Barclays banketxeak. Israelek ia bikoiztu egin du defentsarako jarritako aurrekontua 2022tik 2024ra: BPGaren %4,2tik %8,3ra igaro da. Horretarako, Israelgo Gobernuak altxor bonuak jaulki zituen, eta horiei eraso zietenen artean daude Black Rock, Vanguard eta PIMCO inbertsio funtsak.
Israelgo unibertsitateak ere aipatzen ditu gaur aurkeztutako txostenak. Zuzenbide, arkeologia eta Ekialde Hurbileko ikasketen departamentuei egozten diete Israelgo estatuaren narratibak hauspotzea, Palestinaren historia ezabatzea eta okupazioa justifikatzea. Bestalde, zientzia eta teknologia departamentuek Israelgo armadarentzako ikerketa lanak egiten dituztela adierazi du NBEren kontalari bereziak.