Nekazariek Iruñe erdialdera eraman dute protesta

Maria Txibiteren etxera hurbildu nahi izan dute goizean, baina foruzainek ez diete utzi. Gauerako, Vianako Printzearen eta Merindadeen plazen artean utzi dituzte traktoreak. Araban, Eusko Legebiltzarraren aurrean batu dira.

nekazariak
Nekazariak Zizur Nagusian, Guardia Zibilaren bi auto bidetik baztertzen, Iruñera iritsi ahal izateko. JESUS DIGES / EFE
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 8a
15:15
Entzun

Azken egunotan Iruñeko aldirietan trafiko mozketak egin ondoren, gaur Nafarroako hiriburuko erdialdera iritsi dira nekazarien protestak. Atzo Lizarra inguruan A-12 autobidea itxi zuten traktoreak dira Iruñera joandakoak, eta bidean Guardia Zibilak bidea trabatu nahi izan die, baina nekazariek indarrez baztertu dituzte haien bi auto, eta bidean jarraitu ahal izan dute.

Zaragoza hiribidean barrena heldu dira dozena bat traktore Iruñeko hiriburura, udaltzainen auto baten atzetik. Aurretik, goizean goiz, traktore multzo bat Maria Txibite Nafarroako lehendakariaren etxera hurbiltzen saiatu da, Gorraitzen (Eguesibar), baina foruzainek bidea trabatu diete.

Nekazari gehienek, berriz, Landaben industrialderako bidea hartu dute, eta handik Iruñea zeharkatu dute. Nafarroa Behereko etorbidean zihoazela, Merindadeen plazan gelditu dira haietako batzuk, eta askaria egin dute. Gaua han igaroko dutela iragarri dute.

Beste talde bat Gazteluko Plazara jo du, eta han izan dira ordu laurden inguru. Santo Domingoko plazan gora egin eta Udaletxe pazara ere heldu dira batzuk.

Moztuta izan da A-12 autobidea Zizur Nagusian, Lizarrarako noranzkoan, eta  iluntzean itxita zegoen N-121 errepidea, Caparrosotik iparraldera. 

Lehen aldiz, protesta Nafarroa iparraldera heldu da. Traktore ilara handia zegoen arratsaldearen hasieran Bortzirietatik Donezteberako bidean, N-121-A errepidean, baina iluntzerako bidea garbi zegoen.

Sindikatuetatik kanpo dauden nekazariak dira azken egunotako protesten antolatzaileak, eta haien ordezkari batzuk izango dira bihar goizean Jose Mari Aierdi Landa Eremuko kontseilariak eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasunekoak sektorearekin izango duten bileran. Hasiera batean ez zuten lekurik, baina UAGNk, EHNEk eta UCANek ohartarazi dute gaur arratsaldean ez zirela bilerara azalduko plataformako ordezkaririk ez bazegoen, eta gobernuak eskaera onartu du.

Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean

 

Araban, azken bi egunotan traktoreen bitartez protesta egin ondoren —atzo Jaurlaritzaren aurrean bildu ziren—, gaur ibilgailuetatik jaitsi eta Eusko Legebiltzarraren aurrean batu da nekazari talde bat. Haiekin batera izan dira protestan Araba Bizirik plataformako kideak. Eraikinaren barruan klima aldaketaren legea eztabaidatzen ari ziren, eta arau horrek landa eremuetan parke eolikoak eta fotovoltaikoak jartzea ekarriko duela salatu nahi izan dute elkarretaratzearekin.

nekazariak
Arabako nekazariak, Eusko Legebiltzarraren aurrean bilduta, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Bihar, berriz, UAGAko kideak oinez joango dira sindikatuaren bulegoetatik Arabako Foru Aldundiaren egoitzara, eta han diputazioko arduradunekin batzartuko dira.

Arabako Errioxako laborari batzuk Errioxakoen protestara batu dira.

Bizkaian bihar dira protesta egitekoak, Bizkaiko EHNEk eta ENBAk deituta. Karrantzatik, Gernika-Lumotik, Markinatik, Mungiatik eta Erandiotik abiatuko dira traktoreak, eta San Mames estadioan bilduko dira. Areatzarako bidea egingo dute, eta han arkumea salduz aldarrikatuko dute bertako produktuak kontsumitzearen onura.

Gipuzkoan, ordea, traktoreak baserrian geratuko dira, oraingoz. EHNEk eta ENBAk ez dute protestarik antolatu, nahiz eta askotan salatu duten baserritarrek beren produktuen truke jasotakoa motz geratzen dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.