Gizonen eta emakumeen kirol profesionala. Hori bai aldea batzuek eta besteek kobratzen dutenaren artean!
Galdera, erraza; erantzuna, ez hainbeste. Hala ere, egon da hori ikertu duen ekonomialaririk: Claudia Goldin, adibidez.
2023ko Nobel sariduna?
Bai, horixe bera. Goldin izan da Ekonomiako Nobela bakarka lortu duen emakume bakarra. Saria jaso eta gutxira, lan eskaintza ugari jaso zituen. Hiru besterik ez zituen onartu, eta horietako bat WNBAko jokalariena izan da.
Zer egin du, bada?
AEBetako emakumeen saskibaloi liga profesionaleko (WNBA) soldatak eta gizonezkoenak (NBA) aztertu ditu. Jokalariek ikerketa hori jarri dute mahai gainean, eta %400 arteko soldata igoerak lortu dituzte aurten. Goldinen arabera, inoizko handienak.
Zer ondorioztatu zuen bere ikerketan?
Dirua ez dela modu bidezkoan banatzen.
Ez da Nobel saria irabazi behar hori esateko! Dena den, sektore horretan ere ez al du merkatuaren legeak funtzionatzen? Eskaintzaren eta eskariaren arteko kontu hori...
Bai. Baina merkatua ez da itsua, justizia bezala.

Bestela egingo dizut galdera: emakumeen kirolak ez al ditu askoz ere jarraitzaile gutxiago eta, beraz, diru sarrera gutxiago?
«Datu gehiago eta iritzi edo uste gutxiago». Hala dio Goldinek. Hark ondorioztatu duenez, WNBAren partida batzuek NBAkoen %70-80ko ikusle kuota dute.
Bai, baina hori nola aplikatzen da soldatetan?
Hortxe dago koska. Eta hauxe haren ondorioa: WNBAko jokalari baten ikusle kuota NBAko batenaren %30 ingurukoa da.
Eta hori soldatetan islatu beharko litzateke?
Haren iritzian, bai. WNBAko jokalari batek batez beste 118.000 dolar inguru irabazten ditu urtean. NBAko batek hamabi milioi. Aldea 1/80koa da, eta, Goldinen ustez, 1/4 edo 1/3koa izan beharko luke. AEBetan, beste lanbideak kontuan hartuta, batez beste emakumeek 0,84 dolar jasotzen dituzte gizonen dolar bakoitzeko.
Baina ba al dago denentzako dirurik?
Arazoa ez da hori. Adibidez, NBAk eta WNBAk batera negoziatzen dituzte kontratuak telebista kateekin: eta iaz 77.000 milioi dolarreko kontratua lortu zuten datozen 11 urteetarako. Baina 75.000 milioi dolar NBArentzat izango dira, eta 2.000 milioi, WNBArentzat.
Eta zergatik negoziatzen dituzte batera?
Hori da beste gakoa! Azken urteetan emakumeen saskibaloiak hazkunde handia izan duelako eta irabazi asko sortu dituelako. 2024an unibertsitateko txapelketako finalak gizonezkoenak baino ikusle gehiago izan zituen. Urte berean, WNBAko ikusle kopurua NBAkoaren hamarren bat izan zen. Kontuan izanik WNBAk talde gutxiago dituela, Goldinek ondorioztatu du jokalariko batez besteko ikusle kopurua NBAko jokalarien laurdena dela. Hala ere, dirua banatzeko orduan %2,6 baino ez doa emakumeen txapelketara.
Diru hori gizonek banatzen dutelako...
Edo botereak, «egiturak», Goldinen hitzetan. Eta egiturak ikusezinak izaten dira, edo ez hainbeste...