Nokia hegoak astintzen hasi da berriz ere

Sakelakoen merkatuko nagusia izan zen 90eko urteetan. Smartphoneak hedatzearekin batera, eroriko galanta izan zuen, baina berriro indarrez dator: adimen artifiziala eta datu zentroak elikatzen dituzten sare optikoen hornitzaileen podiumera igo nahi du.

Nokia telekomunikazio enpresak Espoo hirian duen egoitzaren irudia. JUANJO GALAN / EFE
Nokia telekomunikazio enpresak Espoo hirian duen egoitzaren irudia. JUANJO GALAN / EFE
kristina martin
2026ko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

90eko hamarraldian hasi, eta, hogei bat urtez, sakelako telefonoen ekoizle nagusia izan zen Nokia. 2007a, ostera, mugarria izan zen Finlandiako telekomunikazio enpresa horrentzat: Applek iPhone smartphonea merkaturatu zuen, ukipen pantailarekin eta aplikazio erakargarriz betetako denda batekin. Handik bi urtera, Samsung batu zen smartphoneen iraultzara. Nokiak, garai batean sakelakoen negozioaren lema eraman zuen arren, ez zuen erreakzionatu, eta urte gutxi batzuen buruan lidergoa galdu zuen. Gainbeheraren ondoren, gordeka aritu da lanean, eta telekomunikazioetako azpiegituretan bereizi da orain. Azken urtebetean, gerizpetik atera eta berriro egin du jauzi negozio arrakastatsuen plazara. Sakelakorik ez, baizik eta adimen artifiziala eta datuen zentro erraldoiak elikatzeko beharrezkoak diren sare optikoak garatzen nabarmendu nahi du aurrerantzean.

XX. mendearen amaieran hasi zen sakelako telefonoen erabilera gizartean hedatzen, eta Nokia markakoak izan ziren nagusi jendearen patriketan. Connecting people (jendea harremanetan jartzen) Finlandiako enpresaren lelo ospetsuak benetako esangura hartu zen, mundu osoko eskuko telefonoen %40 Nokia markakoak baitziren. Audio deiak egiteko eta SMS mezuak bidaltzeko, oro har, eta tarteka Snake jolas ospetsuan aritzeko ere baliatzen zen orduan eskuko telefonoa.

Harik eta, 2007an, AEBetako Apple enpresak iPhonea merkaturatu zuen arte. Telefonia mugikorraren merkatua irauliko zuen lehen pausoa izan zen hura. Ondoren etorri zen Samsung Galaxy gailua. Nokiak ez zuen asmatu merkatuaren joera berrietara moldatzen, eta, Toy Story filmean Woody jostailuzko cowboyari gertatu zitzaion bezala, Nokia eskuko telefono mitikoak ere kaxoian gordeta geratu ziren.

Nokia, garai bateko enpresa aitzindaria, estropezu latz haren ondorioak kudeatzen aritu da azken urteotan —milioi askoren galerak eta milaka langileren kaleratzeak—, baina ahulezia aukera bihurtu du, eta estrategia berri bat abiatu du: zuntz optikoan, IP sareetan eta routerretan bereiztea, osagai horiek funtsezkoak baitira zabalpen bizkorrean ari diren datu zentro erraldoiek, adimen artifizialak eta hodeiak behar bezala funtziona dezaten. Gainera, sakelakoen merkatuan liderra izan zen bezala, orain ere arlo horretan munduko hornitzailerik handiena izatea du erronka.

Estrategia berri bat abiatu dute: zuntz optikoan, IP sareetan eta routerretan bereiztea, osagai horiek funtsezkoak baitira zabalpen bizkorrean ari diren datu zentro erraldoiek, adimen artifizialak eta hodeiak behar bezala funtziona dezaten

Nokiaren bide aldaketa fruituak ematen ari da: enpresaren akzioek aparrak bezala egin dute gora burtsan: aurten %124 gehiago balio dute akzioek, eta urtebetean %163ko igoera izan dute: Nokia Finlandiako harribitxia da berriro ere.

Aurtengo lehen hiruhilekoan, Finlandiako enpresa horrek 350 milioi fakturatu zituen adimen artifizialaren sareen negozioan eta hodeian eskaintzen diren zerbitzuetan —%49ko hazkundea—, eta 1.000 milioi euroko balioa duten eskaerak jaso ditu dagoeneko.

Zuntz optikoaren hornitzaileetan bigarrena

Nola lortu zuen, baina, gain behera zihoan enpresa horrek teknologiaren merkatuan berriro nabarmena izatea? Bada, sakelakoen bilakaeran izan ez zuen negozio sena erakutsi du orain. 5G sarea garatzeko inbertsioak espero baino motelago zihoazela ikusita, sare finkoen aldeko apustua egin du. Negozio lerro horretan aurrera egiteko, zuntz optikoan bereizita dagoen enpresa bat erosi zuen iazko otsailean, AEBetako Infinera enpresa. 2.000 milioi euroko erosketa horri etekina atera dio Nokiak, AEBetako merkatuan zuen tokia indartu baitu, eta mundu osoan zuntz optikoaren hornitzaileetan bigarrena bihurtu baita, Txinako Huaweiren atzetik.

Teleoperadoreak dira Nokiaren bezero nagusiak, eta horiekin batera AEBetako konpainia teknologikorik boteretsuenak bereganatu ditu: Google eta Microsoft, kasurako, zeinak adimen artifiziala garatzen eta mundu osoan datu zentroak egin eta egin ari diren. Benetako aldea, ordea, Nvidia txipen fabrikatzailerik handienarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez lortu zuen Nokiak.

Nvidiarekin duen ituna, arrakastarako giltzarria

Nvidiak —burtsan munduko baliorik handiena duen enpresak— Nokiaren akzioen %2,9 erosi zituen mila milioi euroren truke. Biek, gainera, itun estrategiko bat sinatu zuten irrati bidezko sarbide sareetatik adimen artifizial natiboa duten sareetarako trantsizioan buru izateko, baita 6G telefonia mugikorra sustatzeko ere.

Adituen iritziz, Europako enpresa bat izateak ere mesede egiten dio. Izan ere, telekomunikazioetako enpresa boteretsuenak —Huawei eta ZTE, adibidez— Txinakoak dira, eta Mendebaldeko herrialde nagusietan ez dira haietaz fio. Susmoa dute teknologia baliatzen dutela Txinako Gobernuarekin elkarlanean espioitza egiteko. Hori dela eta, ia Europa osoan, Japonian eta AEBetan enpresa horiei betoa jarri diete, eta horrek bidea zelaitu dio Nokiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA