Novaltia: argitu du eguna

Hiru urte eta zortzi hilabeteko grebaren ondoren, Novaltiako grebalariek %26,7ko soldata igoerak lortu dituzte, eta 9.450 euroko kalte ordaina jasoko du bakoitzak.

Novaltiako grebalariak protestaldian eraman dituzten petoak airera botatzen, atzo, ELAk Bilbon duen egoitzaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Nekatuta eta arindua hartuta gaude. Baina pozik, akordioa ona delako. Greba ondo bukatu da, eta horixe nahi genuen». Ibai Karranza Novaltiako langilearen hitzak dira. 34 urte zituen Euskal Herriko historiako greba luzeenari ekin zionean, eta orain, 38 urteen atarian, berriz ere sartuko da botika banaketako kooperatibaren biltegian. «Ez genuen nahi eta ez genuen espero hainbeste luzatzerik», onartu du; baina, era berean, argi du zeintzuk izan diren luzatzearen arrazoi nagusiak: «Enpresak gure greba eskubidea urratzeko erabili dituen azpijokoak eta lan ikuskaritzaren lan negargarria. Oztopoak jarri dituzte gure bidean».

Karranza, baina, lanera itzuliko da aurki, maiatzaren 29an, protestaldian pilaturiko oporren ondoren. Grebalariek eta zuzendaritzak akordio bat egin dute, eta amaitutzat eman dute greba. 1.345 egun izan dira, hiru urte eta zortzi hilabete, Europan indarrean zen grebarik luzeena —Euskal Herriko greba luzeenetan bigarrenak 745 egun iraun zuen—. Grebalariek hobekuntza nabarmenak lortu dituzte lan baldintzetan: batez beste, %26,7ko soldata igoera langileentzat eta %33,7koa soldata txikienentzat. Horien kasuan, urtean 16.789 euro gordinetik 22.446 eurora pasatuko dira. Greba egin ez duten langileei ere aplikatuko zaie.

Besarkada eta irribarre goiza izan zen atzokoa ELAk Bilbon duen egoitzan. Grebalariek hitzordua zuten bertan. Pankartaren atzean, Novaltia kooperatibako kide diren farmazien aurrean eta Zamudioko (Bizkaia) biltegi pareko etxolan pasatutako ordu amaigabeez mintzatu ziren. Tarte horretan joandako eta jaiotako gertukoak ere gogoratu zituzten. Dena den, eztabaida nagusia zuten ia lau urtez soinean eraman duten peto berdearekin zer egin, eta bi joera nagusi zeuden: erre edo marko batean sartu. Argazkilarien aurrean behintzat airera bota zituzten poz keinu gisa.

Epaiketak, etenda

Argazkiaren aurretik, baina, atzera begiratu eta eginikoaren eta lorturikoaren balantzea egin zuen Karranzak. «Soldata txikienak zituzten lankideen sariak ez izatea hain prekario, eta horrek gogobete gaitu gehien. Greba, batez ere, haien lan baldintzak hobetzek hasi genuen, besteekiko jauzia oso handia zelako», azaldu zuen. Horiez gain, grebalari bakoitzak 9.450 euroko kalte ordaina jasoko du, eta ELA sindikatuak 1.345 eurokoa. Kopuru sinbolikoa da, euro bat greba egun bakoitzeko. Trukean grebalariek prozesu judizial guztiak etengo dituzte. Bide luze honetan enpresak aurkako hamar sententzia jaso ditu greba eskubidea urratzeagatik. Horietako batean 150.000 euroko isuna ezarri zioten.

Mikel Etxeberria ELAko ordezkariak epaibide horietan ikusi du korapiloa askatu izanaren arrazoietako bat: «Aldeko eta kontrako ebazpenak egon dira, baina azkenaldian gure aldeko asko egon dira. Nabarmendu beharra dago, 2022. urtera arte enpresa ez zela mugitu». Halaber, grebalarien «kemena eta adorea» goratu zuen. «Ezinezkoa zirudiena egingarri bihurtu dute. Enpresak uste zuen langileek ez ziotela eutsiko. Baina haien irmotasuna eta ELAren erresistentzia kutxa hor zeuden». Kalkulu bizkor bat eginda, ondorioztatu daiteke sindikatuak milioi bat euro baino gehiago bideratu duela Novaltiako grebalarien sostengura.

Errepresaliarik ez

Akordioak beste hainbat berme ditu, eta, haiei esker, Novaltiako langileek sektoreko lan hitzarmenak ezartzen dituenak baino baldintza hobeak izango dituzte. Bere garaian galdutako gainsari batzuk berreskuratu dituzte, eta berri batzuk lortu: balioaniztasuna, garraioa... Gainera, bermatu dute ezingo dituztela galdu, eta ziklikoki haien balioa eguneratuz joango dela. Gai berean, akordioan adostu dute enpresak ezingo duela errepresaliarik hartu grebalarien aurka.

Hogei langilek hasi zuten greba eta hamazazpik amaitu dute. Ondo bidean, hamalau itzuliko dira lanera, hiruk enpresak eskainitakoa onartu baitute: beren borondatez uztea pizgarri bat jasota. Negoziazioen azken txanpan Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak artekaritza prozesu bat hasi zuen, baina, Karranzaren esanetan, ez zuen «ezer» egin: «Ezin dut esan haiei buruz pentsatzen dudan guztia. Jarrerak gerturatu badira, ez dira gerturatu haiengatik. Jaurlaritza ez da neutrala izan gure auzian; bilera guztietan enpresaren alde jartzen zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.