Espioi film baten gidoia dirudi, edo, bestela, prentsa arrosa deiturikoaren albiste bat, baina aferak dardarka jarri ditu munduko enpresarik garrantzitsuenetako baten zutabeak. Nvidia enpresa teknologikoaren akzioak hondoratzen ari dira burtsan, orain arte balioaren %6 galdu dute, eta arrazoia da enpresaren eta, zehazki, haren kontseilari ordezkari Jensen Huangen gainean dagoen susmoa, uste baita harekin harreman sentimental bat zuen emakumeak zelatatu eta harremana baliatu zuela enpresari buruzko informazioa lortzeko.
Huangek berak eman zuen aferaren berri, Nvidiako langileei atzo bidalitako mezu baten bidez: «Traizio egin diot emazteari. Ez dago egin nuena zuritzeko aitzakiarik. Asko sentitzen dut». Ustez, haren maitalea Alice Huang izeneko emakume bat zen, eta, Nvidiako kontseilari ordezkariarekin harremana izan zuenean, Singapurko Megaspeed International enpresako arduradunetako bat zen. Zehazki, Megaspeedek txipak erosi zizkion Nvidiari, eta Alice Huang operazio horren buru izan zen.
The New York Times egunkariak urrian argitaratu zuenez, AEBetako informazio zerbitzuek uste dute Alice Huang Txinaren mesedetan ari zela lanean. Txinako Gobernuak ukatu egin du hori. Nvidiako administrazio kontseiluak, berriz, iragarri du ikerketa independente bat abiaraziko duela, zer gertatu zen argitzeko.
Munduko enpresarik garrantzitsuenetako bat da Nvidia. Sofwarea eta erdieroaleak ekoizten ditu, eta AA adimen artifizialaren garapenean aitzindaria da. Jensen Huangek eta beste bi ingeniarik sortu zuten 1993an. Gaur egun, Huang Nvidiaren akzioen %3,5en jabe da, eta, horri esker, munduko pertsonarik aberatsenetako bat da. Bloomberg aholkularitza ekonomikoko konpainiak argitaratzen duen munduko aberatsenen zerrendan zortzigarren postuan agertu zen irailean.