Munduko hamar aberatsenak estatubatuarrak dira

Bernard Arnault enpresari frantziarra zerrenda horretatik atera da, 65.000 milioi dolar galdu ondoren. Denak dira gizonak, eta bederatzik lotura dute teknologia arloarekin.

Bernard Arnault enpresaria eta haren emazte Helene Mercier, joan den ekainean, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
Bernard Arnault enpresaria eta haren emazte Helene Mercier, joan den ekainean, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
gotzon hermosilla
2026ko irailaren 11
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizonak, estatubatuarrak, zuriak, teknologia arlokoak. Bloomberg aholkularitza ekonomikoko konpainiak argitaratzen duen aberatsenen zerrendan, oso ezaugarri antzekoak izaten dituzte lehenengo hamar postuak berenganatzen dituztenek. Orain, homogeneotasun hori areagotu egin da, Bernard Arnault enpresari frantziarra zerrenda horretatik atera baita, estreinako aldiz 2017tik, eta haren lekua Warren Buffett inbertitzaileak hartu baitu; hortaz, orain AEBetako herritarrak dira munduko hamar aberatsenen zerrendan dauden guztiak. 2012an zerrenda hori egiten hasi zirenetik, lehenengo aldia da denak estatubatuarrak direla.

LVMH edo Louis Vuitton enpresa multzoaren sortzailea da Arnault, eta garai batean munduko pertsonarik aberatsena ere izan zen, baina, aspaldi honetan, haren enpresek saltzen dituzten luxuzko produktuek sarbide eskasagoa dute zenbait merkatutan, eta kalkulatzen da urte hasieratik 65.000 milioi dolar galdu dituela. Bi dira beherakada horren arrazoi nagusiak:  Ekialde Hurbileko herrialdeetan eskaria jaitsi izana AEBen eta Iranen arteko gerraren ondorioz, eta Txinan salmentak izugarri murriztu izana.

Zerrenda horretako buruan, nola ez, X sare sozialaren jabe Elon Musk dago. Haren atzetik datoz Larry Page, Jeff Bezos, Sergey Brin, Michael Dell, Mark Zuckerberg, Larry Ellison, Jensen Huang, Steve Ballmer eta Warren Buffett.

Denak dira estatubatuarrak, denak dira gizonezkoak –lehenengo emakumea Walmart supermerkatu kateko jabe Alice Walton da, eta 15. postuan dago; hura ere estatubatuarra da–, ia denak zuriak dira –Jensen Huangek Taiwanen du jatorria, AEBetako nazionalitatea duen arren– eta gehien-gehienak teknologia arloan aritzen dira. Buffett da salbuespen bakarra: Apple enpresa teknologikoko akziodun nagusietako bat da, baina aseguru etxeak, hegazkin konpainiak, jatetxe kateak eta beste arlo askotako enpresak ditu. Hamarren artean bildutako ondarea edozein zorabiatzeko modukoa da: 2,92 bilioi dolar.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA