Otsailean 5.600 enplegutik gora berreskuratu dira Hegoaldean

Urtarrilean baino 873 langabe gutxiago daude enplegu bulegoetan erregistratuta. Gizonen artean jaitsi da gehien langabezia.

Langile bat lanean Erandioko Murueta ontziolan, joan den astean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Langile bat lanean Erandioko Murueta ontziolan, joan den astean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 3a
11:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrileko hilabete beltzaren ondoren, lan merkatuaren negua bigundu egin da otsailean. Urtarrilean Hego Euskal Herrian galdutako ia 15.000 enpleguen herenak baino gehiago berreskuratu dira amaitu berri den hilabetean.

Langabe kopurua, berriz, 2025eko amaierako kopuruetara itzuli da: 837 handitu zen langabeen kopurua urtarrilean, eta 873 langabe gutxiago zenbatu dituzte otsailean Nafar Lansaren eta Lanbiden.

Bizkaian apaldu da gehien langabeen kopurua (-745), eta haren ondotik Araban (-220) eta Gipuzkoan (-181). Nafarroan, berriz, urtarrilean baino 273 langabe gehiago zeuden erregistratuta hilaren amaieran. Hala ere, Nafarroako Gobernuak nabarmendu du 2009az geroztik ez zela langabezia hain gutxi handitu otsailean.

Aurreko urteko otsailaren aldean, berriz, ez da salbuespenik, guztietan apaldu baita langabeen kopurua, neurri nahiko apaletan bada ere.

Urtarrilean bezala, otsailean ere lan merkatuak gizonezkoen aldera egin du. Horrela, haien artean 602 langabe gutxiago daude, eta emakumeen artean, berriz, 271 gutxiago. Horrenbestez, emakumeek langabe erregistratuetan duten pisua lau hamarren handitu da, eta %8,4 dira honezkero. SEPEk emandako datuak INEren biztanleria aktiboaren inkestakoekin erkatuz gero, emakumeen artean %11,6 daude lanik gabe, eta gizonen artean, %7,5.

Bada emakumeak lan merkatuan okerrago daudela erakusten duen beste datu bat: lanaldi partzialean daudenen gehienak sexu horretakoak dira, eta inkestek erakusten dute lanaldi osoa nahiko luketela lanaldi partziala dutenetako askok.

Langabeen gehiengoak (%55,7) ez du bere egoerari dagokion laguntza publikorik jasotzen, eta herenek soilik eskuratzen dute langabezia saria. 

2008ko otsaila

Langabeen kopurua oso poliki ari da behera egiten. 136.881 daude orain, iaz baino 2.250 gutxiago, eta 2008az geroztik otsailen bildutako kopururik txikiena da hori —107.911 izan ziren orduan—.  

Baina, duela hemezortzi urteko datuekin konparatuz gero, bada beste diferentzia bat: orduan baino 94.000 langile gehiago daude Gizarte Segurantzan kotizatzen, hau da, lege barruan lan egiten. 

Otsailean, nekazarien erregimenean baizik ez dira afiliatuak gutxitu (-118). Lehen sektoreko beste jarduerak, arrantzak, 191 afiliatu irabazi ditu, itsasoko langileak orain hasten baitira arrantzaldi nagusiekin (berdela eta antxoa lehenik, eta hegaluzea aurrerago). 

Aspaldi ez bezala, autonomoen eta etxeko langileen ataletan ere afiliatu gehiago daude, baina bi horietan joera beheranzkoa da nabarmen: 2019ko otsailaz geroztik, esaterako, 3.200 afiliatu galdu ditu etxeko langileen atalak, eta 7.100, berriz, autonomoenak. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA