Novaltiako greba. Hirugarren urteurrena

Pankartarik luzeena

Hiru urte bete dira gaur Novaltiako langileek greba hasi zutenetik. Aldeko azken epaiek haien itxaropena indartu dute. Lanera itzuli nahi dute, eta gogorarazi dute eskaera apalak dituztela: «1.200 euroko soldata oinarria eskatzen dugu»

Novaltiako grebalarien elkarretaratze bat. Ostiralero Plaza Biribilean dute hitzordua. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
2019ko uztailaren 22an munduan inork ez zuen ezagutzen COVID-19a, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian jo eta ke zebiltzan lanean, Kobetamendi oraindik dardarka ari zen Berri Txarrak-ek emaniko kontzertuarengatik eta Volodimir Zelenski izeneko aktore bat Ukrainako presidente kargura iritsi berria zen. Egun hartan zabaldu zuten pankarta Novaltia botika-banaketa enpresako 22 langilek. Grebara jotzea erabaki zuten lan baldintza hobeen eskean, eta iritsi berrien eta aurretik zeuden langileen baldintzen arteko soldata koska handiegia zelako. Hiru urte geroago greban daude oraindik ere, eta Euskal Herriko historiako lanuzterik luzeenean sartuta daude. «1.200 euroko gutxieneko soldata eta lana eta bizitza kontziliatzea eskatzen dugu. Ez da beste munduko ezer. Eta oraindik hemen gaude», laburbildu du egoera Jorge Dolado grebalariak (46 urte, 43 greba hasi zenean).

Hogeita bi langilek hasi zuten protesta, eta bostek bakarrik utzi dute. «Niri ez zait burutik pasatu greba uztea. Oso keinu itsusia litzateke nik gehiago irabaz dezadan kalera irten direnekiko. Egia da hiru urte hauetan ez dudala kotizatu, baina grebalarien artean diru asko galtzen ari den jendea dago», azaldu du Jose Antonio Carreterok (54 urte, 51 greba hasi zenean). Grebara jo zuenean 927 euro irabazten zituen Helka Fernandezek (29 urte, 26 greba hasi zenean). «Nik beste lan bat behar nuen hilabete bukaerara iristeko. Hala ere, ez zait okurritu greba uztea; protestan aktiboa izatea gustuko dut. Gainera, enpresak kaleratzeen truke eskaintzen duenarekin ez du merezi, zabor hutsa da».

Doladok, berriz, aitortu du burutik pasatu izan zaiola uztea. «Bizitzak aurrera jarraitzen du, eta pentsatzen duzu, 'zer egiten dut nik hemen'. Baina familiak asko lagundu nau. Esaten dit: 'Zergatik joan behar duzu zuk? 15 urte daramatzazu, lan ona egin duzu'. Behetik hasi eta sail ugazaba izatera iritsi nintzen. Nik irabazi nuen, enpresak ez dizu ezer oparitzen». 1.300 euroko soldata zuen, eta hainbat hilabetetan 1.500era iristen zen enpresak jaiegun batean lan egitera behartzen zuelako.

Eusten diote, baina ez da samurra. «Honek gaixotu egiten zaitu, tentsio etengabekoan zaude», azaldu du Fernandezek: «Lo egiteko botikak hartzen ditut. Egunero zerbait ezberdina egiten saiatu behar duzu, beste mobilizazio batzuetara joan. Hau oso gogorra da. Protesta egitea da gelditzen zaiguna, enpresa ez dutelako zigortzen, eta, zigortzen badute, isuna hutsaren hurrengoa da».

Doladok hartu dio lekukoa. «Nik greban hiru urte baldin badaramatzat nire lankideen baldintzak hobetzeko da. Elkar laguntzen dugu, familiakoak hor daude, eta ELA sindikatuaren babesa. Erresistentzia kutxarik gabe ezinezkoa litzateke; baina nik, esaterako, kutxarekin 7.000 euro gutxiago irabazten ditut urtean». Hirukoteko beteranoena da Carretero, eta zintzo dio «urduri» dagoela oraindik. «Kirioak beti hor daude», aitortu du, baita epaitegietako albiste onak eskertzen dituztela ere: «Egun onak eta txarrak daude; buruko errotak lan asko egiten du. Aldeko azken epaiak bultzada izan dira. Haiek gabe agian ez geundeke hemen».

Botikarien esku

Novaltia botika-banaketa enpresa bat da, eta haren izaera juridikoa kooperatiba da, botikari kooperatiba hain zuzen. Enpresak Aragoin (Espainia) du egoitza nagusia, eta biltegi robotizatu bat du Zamudion (Bizkaia). Grebalariek hainbatetan jo dute kooperatibako kideen atea, eta protesta modu klasiko bihurtu dute haien farmazien aurrean elkarretaratzeak egitea. «Gogorra da», dio Doladok: «1.200 euro eskatzen dituzula esaten diezu eta sorbaldaren gainetik begiratzen dizute; ez ditugu 3.000 euro eskatzen. Begira, farmazia laguntzaileak greban hasi berri dira, eta hainbatek esan digute: 'Orain bai, ulertzen zaituztegu».

Fernandezek jarraitu du: «Botikari jatorrek esaten dizute ez dietela kasurik egiten; beste batzuek, berriz, iraindu izan gaituzte, eta gu kaleratuak izan gaitezen ahalegin guztia egingo dutela esaten digute. Eskuorrietan txistua bota izan digute». Doladok itxi du gaia: «Uste dugu ez dakitela nork zuzentzen duen enpresa. Galduta ikusten ditugu. Kooperatiba bat da; gure eskaerak onartuz gero, bazkideek ez dute gehiago ordaindu behar, ez diote utziko irabazteari».

Baina nola eusten dio enpresak lantaldearen zati handi bat greban badago? «Nagusiak denetarik egiten ari dira: zuzendari teknikoak, komertzialak... Haiei ez dagozkien lanak ere bai. Gero eskirolak daude, greba egin ez duten langileak. Egia esan ez dakit zergatik sartzen dituzten aparteko orduak. Greba zapuzten ari dira», kritikatu du Doladok.

Grebalariek hainbatetan salatu dute lan ikuskaritzak gatazkan harturiko rola eta enpresaren alde egin izana. Epaitegietako lehen ebazpenak grebalarien aurkakoak izan ziren, baina joera aldatu egin da azken urtean. Apirilaren 29an, esaterako, EAEko Auzitegi Nagusiak 120.000 euroko isuna ezarri zion enpresari grebarako eskubidea urratzeagatik, eta ekainaren 22an, epaitegi berak ebatzi zuen Novaltiak informazio ekonomikoaren agiri garrantzitsuak ezkutatu zizkiela grebalariei.

Itzultzeko asmoz

Epaiak aipatzen dituzte, azken hilabeteetan epaitegietako haizea alde dutelako, eta han ikusten dute konponbide posible bat. «Nik uste dut ebazpen oso irmo bat iristen den egunean amaituko dela greba», iragarri du Fernandezek: «Enpresa norabidez aldatzera eta seriotasunez negoziatzera behartzen duen epai bat». Carreterok, berriz, ezusteko amaiera espero du: «Benetan diot: uste dut egun batean artekariak bilera batera deituko gaituela eta ustekabean konponduko dela. Planifikatua bada, ez dut irteerarik ikusten». Doladok ez du hain garbi; zuhurra da: «Hiru urtetan ez dugu jaso zalantza egiteko moduko eskaintzarik. Ez dago aldaketarik, enpresaren egoskorkeria hutsa da. Ero batzuen eskuetan gaude». ?

Novaltiarena Euskal Herriko historiako grebarik luzeena da aspaldi. 1.096. eguna da gaurkoa, eta aurreko marka Gasteizko Pferd Ruggenberg Caballito izeneko enpresako langileek zuten: 745 egun. 156 langile lanera itzuli ziren 2005ean, bi urteko protestaren ondoren. Hori da, hain zuzen, Novaltiako grebalariek nahi dutena. «Noski itzuli nahi dudala lanera, zergatik ez?», onartu du Carreterok: «Etorkizun handiko sektore bat da: ez dago botika dendarik Euskal Herrian gutxi saltzen duelako itxi duenik. Gizartea zahartzen ari da, gero eta botika gehiago kontsumitzen dira, eta gustura egin dezakezu lan bertan». Dolado iritzi berekoa da: «Nire lana gustatzen zait. Mahai gainean eskaintza on bat badago, itzultzea da asmoa».

Eta itzultzekotan, nolakoa litzateke harremana beste lankideekin? Hernandezek erantzun du: «Eskirolekin lanean ikusten dut neure burua. Nik uste dut sartu eta astebetera harremana normaldu egingo litzatekeela. Haien baldintzak ere hobetu egingo dira gure grebari esker». Hori bai, ez diote datarik jarri nahi egun horri, ezta espresuki eskatuta ere. Azken urteetan hainbatetan egin duten ariketa bat da, eta eskarmentua maisu ona da. «Grebek gauza on bakarra dute: noizbait amaitu egiten direla», ondorioztatu du Carreterok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.