Papergintzak %1,8 gutxiago fakturatu zuen iaz, eta aurten «okerrago» ari da

Klusterrak nabarmendu du ekoizpen kostuen igoerak eta nazioarteko lehia handiak gogor jo dutela sektorea.

Itxitako paper fabrika bat, Andoainen. JON URBE / FOKU
Itxitako paper fabrika bat, Andoainen. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko ekainaren 10a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urrun geratu dira Euskal Herriko paperaren industriaren garai gozoak. Paperaren krisiak bete-betean jo du sektorea: urteak dira garai bateko produktu nagusia —prentsarako papera— gutxiago kontsumitzen dela, eta bestelako produktuetan —paketeetan, bereziki— oso handia da kanpoko ekoizleen lehia.

Azken bi hamarkadetan gainbehera nabarmena izan du sektoreak Euskal Herrian: enpresa ugari itxi dituzte, eta martxan daudenek ekoizten zituzten produktuak aldatu behar izan dituzte, eta lantaldeak murriztu. Errenteriako Papresa da horren azken adibidea.

Trantsizioan dagoen sektore bat da, eta hala irudikatu dute Euskadiko Paperaren Klusterraren urteko batzarrean. Bi mezu nagusi eman dituzte: jardueraren ahultzea eta sektorea berritzeko beharra.

Egoerari buruzko datu «kezkagarriak» jakinarazi dituzte. Klusterreko 48 bazkideen fakturazioa %1,8 murriztu zen iaz; eta jaitsiera hori are handiagoa izan zen fabrikatzaile nagusiei dagokienez, %4koa. Batetik, gutxiago produzitu zuten, %3 gutxiago, eta merkeago saldu behar izan zuten, «sektorean dagoen lehia handiagatik». Mundu mailan, berriz, antzera mantendu zen produkzioa.

Horrek eragin zuzena izan du Hego Euskal Herriko enpresetan. Ekoizpena kanpoan saltzen dute nagusiki, eta esportazioek %8 egin zuten behera iaz. Klusterraren arabera, AEBek muga zergen inguruan ezarritako politikek eragin zuzena izan dute, baina baita «zeharkako beste efektu batzuek» ere, hala nola Europako bezeroen eskariaren ahultzeak eta merkatu horretara kanpotik iristen diren produktu merkeagoak; horiek, gainera, «ekoizpen kostu energetiko txikiagoekin eta ingurumen eta lan araudi malguagoekin» lehiatzen direla nabarmendu dute.

Aurtengo aurreikuspenak «okerragoak» dira. Lehenengo lauhilekoan oro har %4 egin du behera ekoizpenak, merkatua ahul baitago eta eskaerak geldirik baitaude. Klusterraren arabera, hamar enpresatik batek dio ez duela eskaera zorroa handitu edo txikitu egin dela aurten, eta antzera esportazio eta fakturazio prebisioekin.

Elkarteak mahai gainean jarri ditu bertako enpresak jasaten ari diren energia kostuen gorakada, lehengaien garestitzea eta garraioaren presio gero eta handiagoak. Gasaren prezioa %44 igo da gatazka geopolitikoen ondorioz, eta paperaren ekoizpenean funtsezkoa den pasta %10-%20 garestitu da urte hasieratik. Garraioan, %20ko igoerak eta hornidura zailtasunak nabarmendu ditu. Horrek guztiak eragin du fakturazioaren beherakada.

«Kalitatezko enplegua»

Dena den, klusterrak azaldu du Hego Euskal Herrian sektoreko enpresek enplegua «egonkor» mantendu dutela. Adierazi du bere bazkideen artean «%0,8ko jaitsiera arina» izan dela, eta kontratu finkoak %90etik gora direla. Nabarmendu du Hego Euskal Herrian soldatak %20-%30 handiagoak direla «beste erkidego batzuetakoak baino, eta Europako lantegi askotakoak baino handiagoak ere bai». Euskal Herrian sektoreak «kalitatezko enplegua» sortzen duela azpimarratu du.

Horren harira, eta «ziurgabetasuna handia den arren», bertako enpresek inbertsioei eusten dietela adierazi du. 2025ean 57 milioi euro jarri dituzte klusterreko bazkideek «ekoizpen prozesuetarako, jasangarritasun neurrietarako, eta ikerketa eta garapenerako», eta 2020tik metatutako inbertsioa 450 milioi ingurukoa dela adierazi du.

Klusterraren 2026-2030 aldirako plan estrategikoak norabide horretan sakondu nahi du, eta ardatz hauek zehaztu ditu: ekonomia zirkularra, deskarbonizazioa, digitalizazioa eta balio kate osoaren lankidetza. Klusterraren arabera, helburua ez da soilik ekoizpena mantentzea, baizik eta «sektore lehiakor eta jasangarri bat» egituratzea, «basogintzatik hasi eta paperaren eraldaketaraino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE