Gipuzkoako enpresek ezin dituzte beren produktuak edukiontzietan garraiatu Pasaiako portutik, horretarako zerbitzurik ez duelako eskaintzen. Aukera izango balute, ordea, hamarretik zortzik (%83) erabiliko lukete, «kostu, fidagarritasun eta maiztasun zerbitzu lehiakorrak» eskainiko balitu.
Datu hori jaso du Gipuzkoako Ganberak, Pasaiako Portu Agintaritzak eskatutako azterketa batean. Oraingoz, edukiontzien garraioa ez da Pasaiako portuaren eskaintzaren parte, eta Gipuzkoako enpresek behar hori beste portu batzuetan asetzen dute, bereziki Bilbon.
Aurten, gainera, susperraldia izan du Euskal Herriko portu nagusiak: %7 inguru handitu du edukiontzietan mugitutako tona kopurua. MSC konpainiak Kanadara eta Hego Amerikara irekitako linea berriek lagundu dute horretan, eta Coscok, terminaleko kudeatzaileak, garabi berri bat jarri du, ontzi handiagoei zerbitzua emateko.
Pasaiak edukiontzien zerbitzurik ez izateak, baina, ez du esan nahi enpresek portu hori erabiltzea baztertzen dutenik. Alderantziz: inkestatuen %72k ontzat jotzen dituzte haren zerbitzuak, eta portuarekin ohiko harremana dutenen artean, %82k. Gainera, %88 prest azaldu dira harekin gaur egun duten merkataritza harremanari eusteko edo harremana handitzeko.
Pieza handiak
Ganberaren azterketaren arabera, edukiontzien zerbitzua eskainiz gero, enpresek aukera gehiago ikusten dituzte Europa iparraldeko banaketa portuekin —Rotterdam, Anberes eta Hanburgo, besteak beste— eta Erresuma Batuarekin eta Irlandarekin zuzeneko loturak handitzeko, eta horien bidez beren produktuak lurralde gehiagotara esportatzeko.
Badute beste behar bat ere: edukiontzi estandarretan sartzen ez diren pieza handien eta pisutsuen garraioa —project cargo delakoa— indartzea Pasaian. Makina-erremintaren eta ekipamendu ondasunen fabrikatzaileek interes berezia erakutsi dute aukera horren inguruan. Azterketaren arabera, inkestatuen %72k logistika irtenbidetzat hartuko lukete Pasaia baldin eta zerbitzu eta baldintza ekonomiko lehiakorrak eskainiko balitu.
Bi aukerak bat datoz portuak datozen urteetarako egin duen apustuarekin: jarduera handitzea, eta bereziki industria izaera indartzea. Pasaiako Portu Agintaritzak %25 handitu nahi du merkantzien trafikoa 2030erako, 4,2 milioi tonara iritsi arte. Gaur egun, siderurgia produktuak dira haren jardueraren %60 inguru; autoek %11 hartzen dute, lehen sektoreko produktuek %9 eta paper oreak %8.
Trenbidearen eta portuaren arteko lotura indartzea ere bada hazkunde estrategiaren parte. Gaur egun, merkantzien %5 iristen dira trenez Pasaiara, eta portuak %10era handitu nahi du kopuru hori 2030erako. Lezo-Gaintxurizketako plataforma intermodala funtsezkoa litzateke horretarako, nahiz eta oraindik ez dagoen ez aurrekonturik ez eperik zehaztuta.
Enpresek ere begi onez ikusten dute trenaren eta itsasoaren arteko lotura sendotzea: inkestatuen %41ek interesa du errepideko garraioaren ordez itsaso bidezko alternatibak erabiltzeko.
Portuaren jarduera handitzeko planaren atzean, ordea, badago oraindik argitu gabeko auzi bat: haren eskumena. EAJk Pasaiako portuaren titulartasuna Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu du, eta Bilbokoarekin batera kudeaketa integrala egiteko aukera defendatu du. PSE-EEk, berriz, ez du planteamendu hori babesten. Eztabaida politikoak gorabehera, Pasaiako Portu Agintaritzak bere xedeekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu du.