Espainiako Gizarte Segurantzako Institutuak ebatzi du Patricio Echeverria enpresako langile ohi baten heriotza «amiantoa eta beste gai kantzerigeno batzuk» arnastu izanaren ondorio dela; bi urte dira behargin hori hil zela. Ebazpen horren ondorioz, haren bikotekidearen alargun pentsioa hobetu dute.
Asviamie amiantoaren biktimen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteak eman du erabakiaren berri. Azaldu duenez, behargina berrogei bat urtez aritu zen lanean Legazpiko (Gipuzkoa) enpresa horretan, 1977tik 2017ra bitarte, eta iaz —duela 22 hilabete— hil zen, biriketako adenokartzinoma baten ondorioz.
Urtebete behar izan zen gaixotasun horren jatorriaren inguruko lehen ebazpena iristeko. Osalanek egindako ikerketaren ostean, langile hura amiantoarekin aritutako beharginen zerrendan jarri zuten; guztira 18.224 langile daude hartan, elkartearen arabera.
Oharrean, Asviamie elkarteak erreferentzia egin die behargina artatu zuten Zumarragako ospitaleko eta Donostiako Onkologikoko medikuei ere, eta egotzi die ez jakinarazi izana hark sufritzen zuen biriketako gaixotasunaren jatorria lanari lotutakoa izan zitekeela. Elkartearen esanetan, horren berri eman izanak Osalanen ikerketa erraztuko zukeen, eta «enpresetako lan arriskuen prebentzioa» indartzen lagundu.