Laguntza publikoek azeleragailuaren pedalari sakatzen diotela baliatuta, gorakada handia izan du autoen merkatuak Hego Euskal Herrian. Auto saltzaileen eta ekoizleen patronalek zabaldutako datuen arabera, 2014. urtean 41.470 auto matrikulatu ziren Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, aurreko urtean baino 6.432 gehiago (%18,3). Bigarren urtea da jarraian autoen salmentak gora egiten duela —2012tik 2013ra %7,3 igo zen—, baina oraindik ere krisiaren aurrekoa baino nabarmen txikiagoa da. Ekonomiak espero den indarra hartzen badu, 2015an ere haztea espero du sektoreak, baina ezinbestekotzat jo du horretarako diru publikoak jarraitzea.
Laguntza publikoak aspaldi amaitu ziren Ipar Euskal Herrian, eta, horri ekonomia motela batuz gero, merkatuak ez zuen iaz ez gora ez behera egin. Frantzian eta Ipar Euskal Herrian 1.795.913 matrikulazio izan ziren, aurreko urtean baino bost mila gehiago (+%0,3). Emaitza kaskarra dela onartu dute autogileek, %1 eta %2 arteko igoera espero zutelako 2013an behea jo ondoren.
Hegoaldean, igoera jarraituak izan zituen autoen salmentak 2000ko hamarkadan, eta 2007an jo zuen goia, 74.131 matrikulaziorekin. Baina, krisiarekin, amaitu egin ziren etxea erosteko maileguarekin autoa ere erosteko aukera, eta malda-behera azkar batean jo zuen merkatuak. Bost urteren buruan, salmenten %55 galdu zituzten auto saltzaileek—2012an 32.650 baizik ez—.
Alarma Madrilen
Kopuru horrekin, ekoizleen artean ez ezik, saltzaileen artean ere milaka enplegu galduko zirela ohartarazi zuen sektoreak, etaEspainiako Gobernuaren alarma deia entzun zuen, autogintza baita industria sektore nagusia haren menpeko lurraldeetan. Sozialisten garaian, salmentak handitzeko eta zirkulazioan zeuden autoen adina jaisteko balio izan zuen Prever plana berreskuratzea erabaki zuen PPk ere. Pive planen bitartez auto zaharra txatartegira bota eta berria erosten duenari 1.000 euroren laguntza ematen dio Madrilek, eta, gutxienez, beste mila eurokoa eman behar dio autoaren saltzaileak. Iaz saldutako hamar autoetatik bederatzik jaso dute estatuaren laguntza. Laguntza handiagoa jasotzen dute auto elektrikoa edo hibridoa erosten dutenek, 10.000 euro arte. Horien salmenta, ordea, oso apala da, saldutakoen %1,6 baizik ez.
Dagoeneko, sei aldiz luzatu du Rajoyren gobernuak Pive plana, azkena joan den abenduan bertan. Pentsatzekoa da jarritako diru kopurua amaitzen denean berriro luzatuko duela, autoen salmentarekin bildutako BEZarekin aise gainditzen duelako jarritako dirua. Hauteskunde urtea izanik, are sinesgaitzagoa izango da PPk plana bertan behera uztea, baina badaezpada ere presio egiten dihardu oraindik sektoreak.
«Egia da gutxika-gutxika kontsumoa berreskuratzen ari dela, eta maileguak iristen hasi direla, baina erosleek laguntza zuzenak behar dituzte», esan zuen atzo Juan Antonio Sanchez Torres, Ganvam saltzaileen Espainiako patronaleko presidenteak. Haren iritziz, salmentak handitzeko tartea egon badago: «Gure inguruko herrialdeetan, 35 ibilgailu saltzen dira mila biztanleko, eta orain,Espainian, 18 saltzen dira; 25 saldu beharko genituzke normaltasunaz hitz egiteko». Faconauto beste patronaleko presidente Jaume Rourak nabarmendu zuenez,saltzaileek ahalegin handia egiten dute, batez beste 4.200 euroren deskontuak egiten dizkietelako erosleei.
Oro har, Europako Batasunean gora egin du auto berrien salmentak, 2014 osoko datu ofizialak jakiteko pare bat aste beharko diren arren. ACEA ekoizleen elkarteak zabaldutako azken datuek, azarokoek, %5,7 igoera eman zuten.
Europa osoan zein hemen, gutxiago kutsatzen duten autoen salmentak izan du bilakaerarik onena. Saldutako hamarautotik seik kilometroko 120 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen zuten.
Markei dagokionez, aurten ere Volkswagen izan da gehien saldua Hego Euskal Herrian, 3.858 autorekin. Gertu izan du Peugeot; haren salmentak %30,8 handitu baitira. Bere auto merkeei esker, Dacia errumaniarra lehen aldiz sartu da gehien saldutako lehen hamar autoen zerrendan, noranahikoen eta antzekoen menpekotasun handiagoa duen Nissan japoniarraren kaltetan.
Pedal publikoarekin bizkor
Auto berrien matrikulazioa %18,3 igo zen iaz Hego Euskal Herrian, Pive planaren diruari esker.Laguntzei eusteko eskatu du sektoreak, merkatua oraindik urrun dagoelako krisi aurreko mailatik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu