Pello Gibelalde Iñurritegi (Legazpi, Gipuzkoa,1944) hil zen atzo, sei urtez Adegi Gipuzkoako patronalaren presidente izandako enpresaria. 81 urte zituela zendu da Olaberriko Hine enpresaren fundatzailea, 82 betetzeko astebete falta zuela. 2012. urtean izendatu zuten Adegiko buru, Eduardo Zubiaurreri lekukoa hartuta. 2018. urtera arte egon zen Gipuzkoako patronalaren leman, harik eta Eduardo Junkerak haren lekua hartu zuen arte.
Esan beharrik ez dago: euskal industriak azken hamarkadetan bizi izan dituen aro zitalenetako batean gidatu zuen Gipuzkoako enpresarien elkartea. Atzeraldi Handiaren bigarren zartadaren gordinean hartu zuen lema, eta krisia atzean utzi arte ez zuen ardura laga. Urte horietan, lan gatazkak ugaritu egin ziren, eta, PPk onartutako lan erreformaren garai berrian, Adegik estrategia oldarkorra gauzatu zuen sindikatuekiko. Jokaleku horretan, lan hitzarmen ugari erortzen hasi ziren, Mariano Rajoyren gobernuak onartutako arau berriak itunen aurrerako eragina baliogabetu baitzuen, akordioak era automatikoan luzatzen zituen tresna.
Ikasketaz, elektrizitate alorreko peritua zen Gibelalde; 1974an, Olaberriko (Gipuzkoa) Hine enpresa abiarazi zuen, Itziar Arrizabalaga emazte zuenarekin eta andrearen hiru anaia eta aitarekin batera. Hine industria enpresentzako osagai hidraulikoen eta hozteko sistemen alorrean liderra izatea lortu zuten fundatzaileek. Hamarkada horietan guztietan, egoitza Gipuzkoako Goierrin izan du enpresak, beste lurralde batzuetara eramateko eskaintzak izan bazituen ere. Gaur egun, Hinek 700 langile ditu, eta Gibelalderen seme Landerrek gidatzen du.
Futbola ere bai
Industria alorretik harago, pasio zuen futbola. Hamalau urtez Beasain futbol klubaren presidente izan zen (1990-2004). Bigarren B mailan ere lehiatu zen Beasain, Gibelalde klubeko buru zela. Legazpiarra aldiro azaltzen zen hedabideetan, eta iritzia ematen zuen ahoan bilorik gabe gai askori buruz. Realeko presidente izateko lasterketan ere sartu zen 2000. hamarkada hasieran. Ignacio Gallo eta Jose Luis Astiazaren izan zituen lehiakide, eta azken horrek irabazi zituen Realaren hauteskundeak.
Pello Gibelalderen aldeko hileta elizkizunak Beasaingo eliza nagusian izango dira, bihar, 19:00etan. Ordura arte, Beasaingo Goierri beilatokian izango da.