U-30 greba orokorra

Pentsiodunak joango dira aurrealdean Bilboko manifestazio nagusian

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak ukatu egin du hautsita dagoela, eta gonbita egin die grebaren aurka dauden pentsiodunei etzitik aurrera elkarrekin lan egiteko, «gehiengoaren erabakiak onartuz».

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urtarrilaren 28a
11:48
Entzun

Pentsiodunak izango dira buruan osteguneko greba orokorrean Bilbon egingo den manifestazioan. Pankartan, hainbat kolektibotako kideak joango dira, eta, haien atzean, pentsiodunak joango dira manifestazioaren aurreko blokean. Hori dela eta, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Jesusen Bihotzetik irtengo den zutabean biltzera deitu ditu pentsiodunak. Adar hori 11:45ean aterako da, eta Moyua plazan bilduko da beste adarrekin. Era berean, bezperarako zenbait lapiko jotze antolatu dituzte, 21:00etatik 21:15era.

Mobilizazioaren berri emateko agerraldian, eta kazetarien galderei erantzunez, hizpide izan dute grebaren aurkako pentsiodunen elkarteen jarrera ere, eta mugimendua ez dagoela «hautsita» nabarmendu dute. Nabarmendu dute alderdi politiko eta sindikatuetatik kanpo dagoela Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua, eta erabaki guztiak bozketaz hartu izan direla —greba egitea %77,8k onartu zuten—. Halere, mugimenduan badakite grebaren ondoren lanean jarraitu beharko dutela, eta aurka daudenak gonbidatu ditu. «Mobilizatzen jarraitu beharko dugu, eta, ahal bada, bat eginda. Kide hauek gonbidatu egiten ditugu batzera, bilerako erabakiak errespetuz onartuz».

Piketeak dantzalekuetan

Grebaren deitzaileek Bilboko Moma eta Backstage dantzalekuen aurrean gazte piketeak antolatu dituzte osteguneko gauerditik aurrera. Bi dantzaleku horiek promozio bereziak egin dituzte unibertsitate ikasleei begira, askok hilaren 29an klaserik ez dutela izango baliatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.