U-30eko greba orokorra

Pentsiodunek manifestazioak antolatu dituzte greba orokorreko egunerako

Bilbon egin dute mobilizazioen berri emateko agerraldia, eta udaltzainek oraingoan ez diete utzi udaletxeko eskaileretan biltzen.

Pentsiodunen agerraldia, Bilboko udaletxeko aurreko espaloian. IMANOL MAGRO EIZMENDI
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urtarrilaren 21a
17:17
Entzun

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak lau manifestaziotara deitu du urtarrilaren 30erako, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon. Eguerdiko hamabietan izango dira hiriburuetako mobilizazioak greba egunean, eta Euskal Herriko Gutun Sozialeko kide diren beste kolektiboekin bat egingo dute ibilbidean. Mobilizazioen ibilbide eta antolaketa diseinatzen ari dira, baina, aldaketarik ezean, pentsiodunek hartuko dute manifestazioen burua. Hiriburuetako mobilizazioen ondoren, manifestazioak izango dira herrietan, arratsaldean. Horiek, baina, ez dira mobilizazio bakarrak izango: bezperan, urtarrilaren 29an, lapiko jotze zaratatsuak egingo dituzte herri guztietan 21:00etatik 21:15era.

Bilbon eman dute mobilizazioen berri, eta bertan, Bizkaiko herrietako bileretako ordezkariez gain, Gipuzkoa, Araba, eta Nafarroako pentsiodunen elkarteetako kideak egon dira. Batasun irudia eman dute, guztiek greba orokorrerako deialdia babesten dutela erakusteko. Adierazi dute pentsio duinak defendatuko dituztela «agintzen duenak agintzen duela», eta nabarmendu «pentsiodunek mobilizatzeko duten ahalmena» dela euren helburuak lortzeko berme handiena, bi urtez astelehenero elkartu baitira.

Pentsiodunek Bilboko udaletxearen aurrean egin dute agerraldia, baina aurreko espaloian, Jorge Oteizaren eskulturaren alboan. Pentsiodunen asmoa udaletxeko eskaileretan egitea zen, ohi denez, baina Bilboko udaltzainek ez diete utzi. Alde horretatik, pentsiodunek «arrera aldaketa» bat sumatu dute udalaren aldetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.