Europako Justizia Auzitegiak hirugarrenez egin du pentsioetan sexu arrakala txikitzeko Espainiako araudiaren aurka. Lehen araudiaren aurka egin zuen 2019an, pentsioetan osagarria soilik emakumeentzat erreserbatzen zuelako. 2023an, aukera eman zien bere burua kaltetutzat jotako gizonei kalte ordaina eskatzeko. Ostegunean jakinarazitako epai batean, berriz, esan du 2021ean Espainiako Gobernuak bultzatutako araudia ez doala behar bezain urrun, eta oraindik gizonak baztertzen dituela. Espainiako auzitegi batzuek egindako galderari erantzun dio epai horren bitartez.
Zer da sexu arrakalaren osagarria?
Zaintza kontuak direla-eta, emakumeen kotizazio aldiek gizonezkoenak baino eten handiagoak izan ohi dituzte, eta horiek konpentsatzeko pentsio osagarri bat sortu zuen 2015ean Espainiako Gobernuak, Mariano Rajoy (PP) buru zela. Hasieran, bi seme-alaba edo gehiago izan zituzten emakumeek soilik jaso zezaketen, baina baldintza horiek «baztertzaileak» zirela ebatzi zuen 2019an Europako Justizia Auzitegiak, eta 2021ean, PSOE eta Unidas Podemos gobernuan zirela, amatasun osagarria zena genero arrakalaren osagarria bilakatu zuten. Bi aldaketa nagusi izan zituen arauak: gizonezkoek ere jasotzeko eskubidea izango zuten aurrerantzean, eta seme-alaba bakarra izanda ere jaso zitekeen. Hori bai, gurasoetako batek bakarrik jaso dezake, eta inola ere ez biek.
Zer esan du orain Luxenburgoko auzitegiak?
Bigarren bertsio hori ere baztertzailea dela, ez dizkielako baldintza berak jartzen osagarria jaso nahi duten emakumeei eta gizonezkoei. Izan ere, emakumeei haurrak eduki izana soilik eskatzen zaie baldintza gisa, baina gizonek beste baldintza bat bete behar dute: beren ibilbide profesionalean «kalteak» izatea seme-alabak zaintzeagatik. Beste aukera bat ere bazuten pentsioa jasotzeko: alargun pentsioa jasotzea seme-alaben beste gurasoa hilda izateagatik. Gainera, gizonak espresuki eskatu behar du osagarria, bestela emakumeak jasotzen baitu automatikoki. Sexu bereko gurasoen artean, pentsiorik txikiena duenak du osagarria eskatzeko eskubidea.
Zer gertatuko da orain?
Espainiako Gobernuak esan du epaia «zorrotz» aztertuko duela eta arau berria egin bitartean osagarria orain arteko moduan banatzen jarraituko duela. Nabarmendu du bere asmoa dela umeen zaintzak pentsioetan duen eragin kaltegarria arintzea, eta frogatuta dagoela batez ere emakumeei eragiten diela, haiek direlako lana aldi baterako gehien uzten dutenak, ordutegiak murrizten dituztenak eta lanpustu batzuei uko egin dietenak kontziliazioaren mesedetan.
Zenbateko laguntza da?
Urtetik urtera eguneratzen den kopuru finko bat da. Aurten, urte osorako seme-alaba bakoitzeko gutxienez 502 euro gordin dira —seme-alaba bakarra izan dutenek—, eta 2.010 euro gehienez —lau edo gehiago izan dituztenek—. Hau da, hamalau ordainketa direnez, seme-alaba bakoitzeko 35,90 euro jasotzen ditu pentsiodunak.
Zenbat lagunek jasotzen dute?
Apirilaren 1ean, Espainiako Gizarte Segurantzaren Ministerioaren arabera, Hego Euskal Herrian 67.818 pentsiodunek jaso zuten pentsio arrakalaren osagarria. Horietatik %91,9 ziren emakumeak. Batez beste 72 euro jasotzen dituzte, talderik handiena bi seme-alaba izateagatik eskuratzen dutenena baita (33.494). 19.140 lagunek haur bat izateagatik jasotzen dute, 10.195ek hiru izateagatik, eta 4.989k, berriz, lau edo gehiago izateagatik.