Pentsioen eguneratzea, airean

PPk iragarri du ezezko botoa emango diola pentsioen igoeraren dekretuari, eta JxCk ez du argitu aldeko botoa emango ote dion.

Adineko hiru gizon, Bilboko kaleetan. LUIS TEJIDO / EFE
Adineko hiru gizon, Bilboko kaleetan. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko urtarrilaren 27a
10:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko pentsiodunek azken egunotan jaso dituzte urtarrileko pentsioak, eta begiratu dutenak ohartuko ziren iazkoak baino %2,7 handiagoak zirela —gehiago pentsio txikienen kasuan—. Baina otsailekoan berriro iazko kopuru bera ikusteko arriskua ez da txikia, pentsioen eguneratzea dakarren dekretua airean baitago. Gaur eguerdian bozkatuko dute Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta ez dago garbi nahiko boto izango dituen aurrera egiteko.

PPk iragarri zuen ez zuela onarpena oztopatuko, baina iritziz aldatu du, eta kontrako botoa emango duela ohartarazi du. Eskuindarrek pentsioen igoera besterik ez zekarren dekretu batean aurkezteko eskatu zioten gobernuari, baina hark beste gai batzuekin nahasten dituen dekretu batean aurkeztea erabaki zuen.

Besteak beste, familia zaurgarriak etxegabetzea debekatzen jarraitzea, familia horiei oinarrizko zerbitzuak ez etetea, bonu sozial elektrikoa eta Valentziako uholdeetan kaltetutakoen laguntzak daude dekretu batean. Gaur bozkatuko den bigarren dekretuan, berriz, garraio publikoko deskontuak daude. 

Horiek horrela, Junts per Catalunya (JxC) alderdiaren esku dago dekretu bat zein bestea aurrera ateratzea. Carles Puigdemonten alderdiak ez du jakinarazi zer egingo duen, baina ezezkoa espero da, ikusita Pedro Sanchezen gobernuaren proposamen ia guztien aurkako botoa ematen duela azkenaldian. Hark ere salatu du gobernuaren jokaera. «Gobernuak xantaia politikoa egiten du pentsiodunekin: pakete osoa onartzen ez baduzu, kalte egingo diezu pentsiodunei. Onartezina da», ziurtatu du Míriam Nogueras independentista katalanen Kongresuko bozeramaileak.

Podemosen aldetik, ordea, ez da kontrako botorik espero, batez ere kontuan hartuta migranteen ezohiko erregularizazio bat hitzartu berri duela PSOErekin.

Beste aukerak

Kongresuak dekretua ez onartzeak ez du derrigorrean esan nahi otsaileko pentsioak urtarrilekoak baino apalagoak izango direnik. Iaz ere gauza bera gertatu zen, eta Espainiako Gobernuak beste dekretu bat aurkeztu zuen, baina gai gutxiagorekin, eta orduan baiezkoa eman zuen PPk. Aldi berean, pentsioen eguneratzea besterik ez dakarren dekretu bat aurkezteko aukera du gobernuak.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak haserrea adierazi du. Haren iritziz, «onartezina da pentsioen balioa handitzea urteroko erabaki politikoen mende egotea. [...] Pentsioek ez dute trukerako txanpona izan behar alderdien arteko eztabaidetan». Horregatik, «pentsioen eguneratze automatikoa» eskatu du. 

Azalpenaren titulua edo galdera?

Urtarrilean pentsio gehienak %2,7 handitu ziren arren, Hego Euskal Herrian pentsioetan egindako gastua %4,1 handitu da azken urtean. Horren arrazoia zera da, 2025ean pentsiodun bilakatutakoen pentsioa batez beste handiagoa zelako aurretik eskubidea zutenena baino. Espainiako Gizarte Segurantzaren Ministerioaren arabera, urtarrilean 737.890 pentsio ordaindu zituen urtarrilean, eta batez besteko pentsioa 1.650 eurorena izan zen. Erretiratuen pentsioena da handiena, 1.866 euro batez beste. Pentsio handienak Bizkaian (1.930 euro) eta Araban (1.914) dituzte, eta pixka bat txikiagoak Gipuzkoan (1.813) eta Nafarroan (1.747).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.