Pentsioen eguneratzea atzera bota du Kongresuak

PPren ezezkoari batu zaio JxCena, pentsioei buruzko bozketa beste gaiekin batera derektu batean aurkezteagatik.

Adineko hiru gizon, Bilboko kaleetan. LUIS TEJIDO / EFE
Adineko hiru gizon, Bilboko kaleetan. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko urtarrilaren 27a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko pentsiodunek azken egunotan jaso dituzte urtarrileko pentsioak, eta begiratu dutenak ohartuko ziren iazkoak baino %2,7 handiagoak zirela —gehiago pentsio txikienen kasuan—. Baina otsailekoan berriro iazko kopuru bera ikusteko arriskua dute, pentsioen eguneratzea dakarren dekretua atzera bota baitu gaur arratsaldean Espainiako Diputatuen Kongresuak.

Aldeko 171 boto jaso ditu dekretuak, tartean PSOE, Sumar, EH Bildu eta EAJko ordezkariena. Aurka, berriz, 178 agertu dira: PP, Vox, Junts per Catalunya (JxC) eta UPN.

PPk iragarri zuen ez zuela onarpena oztopatuko, baina iritziz aldatu du, eta kontrako botoa emango du. Eskuindarrek pentsioen igoera besterik ez zekarren dekretu batean aurkezteko eskatu zioten gobernuari, baina hark beste gai batzuekin nahasten dituen dekretu batean aurkeztea erabaki zuen, eta PPk hori argudiatu du kontrako botoa emateko.

Besteak beste, familia zaurgarriak etxegabetzea debekatzen jarraitzea, familia horiei oinarrizko zerbitzuak ez etetea, bonu sozial elektrikoa eta Valentziako uholdeetan kaltetutakoen laguntzak daude dekretu horretan. 

Horiek horrela, Junts per Catalunya (JxC) alderdiaren esku zegoen dekretua aurrera ateratzea, eta hark ere kontrako botoa eman du. «Gobernuak xantaia politikoa egiten du pentsiodunekin: pakete osoa onartzen ez baduzu, kalte egingo diezu pentsiodunei. Onartezina da», ziurtatu zuen atzo Míriam Nogueras independentista katalanen Kongresuko bozeramaileak, eta ildo horretan mintzatu da gaur ere, dekretuaren eztabaidan. Oso gogor mintzatu da Espainiako Gobernuaren politikak Kataluniari ematen dion tratuaren inguruan, eta kritikatu egin du pentsioen eguneratzea etxegabetzeekin nahastu izana. 

Aurrera egin du, berriro, garraio publikoaren deskontuak luzatzen dituen dekretua. Aldeko 179 boto izan dira (JxCena barne), eta aurkako 32 (Vox); PP abstenitu egin da, Espainiako Gobernuak Andaluziako tren istripua gaizki kudeatu duela argudiatuta.

Yolanda Diaz Lan ministroak (Sumar) gogor salatu du PPren erabakia. «Gaur, PPk 50 euro kendu dizkie hamar milioi pentsiodunei. Ikusi dugu PPren 137. diputatuek berriro kolpea eman dietela pentsiodunei. Ezin izan dute txalo egin, bazekitelako bozkatzen ari zirena lotsagarria dela», esan du, eta herritarrei eskatu diete begira dezatela alderdiek zer bozkatzen duten.  

Beste aukerak

Kongresuak dekretua ez onartzeak ez du derrigorrean esan nahi otsaileko pentsioak urtarrilekoak baino apalagoak izango direnik. Iaz ere gauza bera gertatu zen, eta Espainiako Gobernuak beste dekretu bat aurkeztu zuen, baina gai gutxiagorekin, eta orduan baiezkoa eman zuen PPk. Aldi berean, pentsioen eguneratzea besterik ez dakarren dekretu bat aurkezteko aukera du gobernuak.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak haserrea adierazi du. Haren iritziz, «onartezina da pentsioen balioa handitzea urteroko erabaki politikoen mende egotea. [...] Pentsioek ez dute trukerako txanpona izan behar alderdien arteko eztabaidetan». Horregatik, «pentsioen eguneratze automatikoa» eskatu du. 

Pentsioen gastua %4,1 handitu da

Urtarrilean pentsio gehienak %2,7 handitu ziren arren, Hego Euskal Herrian pentsioetan egindako gastua %4,1 handitu da azken urtean. Horren arrazoia zera da, 2025ean pentsiodun bilakatutakoen pentsioa batez beste handiagoa zelako aurretik eskubidea zutenena baino. Espainiako Gizarte Segurantzaren Ministerioaren arabera, urtarrilean 737.890 pentsio ordaindu zituen urtarrilean, eta batez besteko pentsioa 1.650 eurorena izan zen. Erretiratuen pentsioena da handiena, 1.866 euro batez beste. Pentsio handienak Bizkaian (1.930 euro) eta Araban (1.914) dituzte, eta pixka bat txikiagoak Gipuzkoan (1.813) eta Nafarroan (1.747).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.