Persiar golkoko gatazkaren aurretik, inflazio tasa %2,4ra igo da otsailean, soilik hamarren bat

Argindar merkeak eta erregaien prezioek konpentsatu dituzte elikagai eta zerbitzu batzuen gorakada handiak. Martxorako igoera handia espero da, erregai garestien ondorioz.

Arrautzak iazko otsailean baino %34,4 garestiago salerosi dira Hego Euskal Herrian. LUIS TEJIDO / EFE
Arrautzak iazko otsailean baino %34,4 garestiago salerosi dira Hego Euskal Herrian. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2026ko martxoaren 13a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekonomia globala Persiar golkotik irits daitekeen enbatari eusteko prestatzen ari den honetan, otsaileko KPIak beste mundu batekoa dirudi. Beste mundu batekoa ez, beste aldi batekoa da datua, argindarra eta erregaiak merkeagoak zeuden aldi batekoa. Prezioak egonkor mantendu ziren otsailean, eta urte arteko inflazio tasa %2,4ra handitu zen Hego Euskal Herrian, soilik hamarren bat gehiago urtarrileko tasatik.

Hain zuzen, erregai merkeek eta batez ere argindar merkeak ahalbidetu zuten egonkortasun hori, neurri handi batean konpentsatuz zerbitzu batzuen garestitzea, eta baita elikagai batzuen prezio handiak ere.

Elikagaien inflazioak igoera handia izan du otsailean, eta urte arteko tasa sei hamarren handitu da, %4,2raino. Ez da harritzekoa: haragietan, prezioak oraindik iazkoetatik oso gora daude. Behikia, esaterako, oraindik %19,7 garestiago salerosi da aurtengo otsailean iazkoan baino, nahiz eta iazko urriko maximotik beheratuz joan den poliki-poliki. Ardikiaren prezioak ere, iaz baino %10 handiagoak izan dira.

%34,4

 

 

Arrautzen inflazio tasa otsailean. Arrautzen salneurria oso gutxi apaldu da urte arteko datuei begira. 2025ean prezioetan izandako goranzko bi jauzi handietan bigarrenean jarraitzen dute oraindik arrautzek, eta haien prezioak ez du apaltzeko joera argirik erakutsi oraindik. Iazko otsailean baino %34,4 garestiago salerosi dira arrautzak otsailean Hego Euskal Herrian.

Arintzen ari direnak kafearen eta kakaoaren prezioak dira, azken uzta onei esker. %11n kokatu da haien inflazioa, iaz pare bat aldiz %18 inguruko tasak ukitu ostean.

Otsaileko inflazioari gorantz bultza egin dioten sektoreen artean aisialdiarekin lotutako zerbitzu batzuk daude. Horien artean igoerarik nabarmenena jatetxeetako eta ostatuetako prezioena izan da, %5 igo baitira iaztik. Besteak beste horregatik, azpiko inflazioak ere, zeinak ez baititu kontuan hartzen gairik aldakorrenak —hala nola energia gaiak eta elikagaiak—,  zertxobait gora egin du, %2,6raino.

Erregaien kolpea

Otsaileko datuak atzean, orain inflazioarekin kezka nagusia etor daitekeen kolpea da. Erregaiak dagoeneko garestitu dira, eta martxoko KPIan berehalako eragina izango dute.

Erregaien artean, batez ere gasolioa garestitu da: gerra hasi zenetik, Euskal Herrian %26 handitu da haren batez besteko prezioa, edo, beste modu batera esanda, 38 zentimo litroko. Gasolina, berriz, batez beste %14 edo 21 zentimo garestitu da. Gasolioa kontsumitzen da gehien —hamar litrotik ia bederatzi—, eta hura izan ohi da krisi garaietan gehien garestitzen dena, gasolinaren kasuan ez bezala haren parte bat Ekialde Hurbiletik inportatzen baita.

Gerora ere, Ormuzko itsasartea noiz arte egongo den itxita erabakigarria izango da prezioetarako. Munduko ongarri ekoizpenaren ia %40 handik ezin atera geratu direla, haren prezioak nabarmen handitu dira merkatuetan, eta hori nabaritu egingo da elikagaien ekoizpenean, haien kopuru eta prezioetan. Eta gero, jakina, kontsumitzaileen saskian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA